Konponbideari begira

Berriak

Aske gelditu da Oier Gomez, eta Baionako ospitalera mugituko dute aurki

Bere kontra dituen hiru euroaginduei loturiko askatasun eskaerak onartu ditu epaileak. Eragileek urrats gehiago espero dituzte Frantziaren aldetik
Clara Rouget abokatua mintzo, atzo arratsaldeko Baionako elkarretaratzean. Parean ditu, besteak beste, Sylviane Alaux eta Sophie Bussiere.
Clara Rouget abokatua mintzo, atzo arratsaldeko Baionako elkarretaratzean. Parean ditu, besteak beste, Sylviane Alaux eta Sophie Bussiere. BOD EDME
Presondegitik atera da Oier Gomez euskal preso gasteiztarra. Betetzen ari zen presondegi zigorra eten zioten astelehenean, bere osasun egoeragatik, eta, atzo, Espainiak eta Portugalek eskatutako euroaginduak aplikatu bitartean, aske uztea erabaki zuen epaileak. «Frantziako zigorra bete arte, euroaginduak ez dira aplikatuko», azaldu zuen Clara Rouget abokatuak. Ez zuen baztertu Espainian eta Portugalen euroagindu horiek deuseztatzeko prozedura bat abiatzea. Momentuko, Parisko ospitale batean dago Gomez, baina espero dute ondoko egunetan Baionara iritsiko dela. «Bere senideekin egonen da; lasaitasuna behar du, eritasunari aurre egiteko», adierazi zuen Rougetek.



«Garaipen gazi-gozoa» dela onartu zuen Emili Martin Bagoaz plataformako bozeramaileak, orain dela aste batzuk sendagileek sei hilabeteko bizi esperantza eman ziotelako. Gomezek minbizia du, Erwingen sarkoma, metastasiarekin. Hori dela eta, zigorra eten zioten astelehenean. «Oierrek aspalditik egon behar luke kanpoan, 2013tik, bere lehen minbizia izan zuenetik. Horrelako dramarik berriro izan ez dadin, larri eri diren presoek aske egon behar dute», adierazi zuen Martinek. Hala ere, begi onez ikusi du epaileek «egoera politiko berria» kontuan hartu izana. «Espero dugu euskal presoen askatze prozesuan pausoak emanen dituztela eta salbuespeneko neurriak bukatuko dituztela». Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagai guziei dei egin zien Martinek, jendaurrean engaiatu eta presoen gaia Parisera eraman dezaten.



Etxerat-eko Jeanine Beiriek ere «berri handi bat» dela adierazi zuen, baina kezka ere erakutsi zuen: «Ez dugu ahazten ahal zergatik orain ateratzen den, eta hori biziki gogorra da. Hainbeste denbora behar bada preso bat ateratzeko hain eri delarik...». Orain Gomezek lagunen eta senideen «sostengua eta maitasuna» behar dituela erran zuen, eta lanean segitzeko beharra azpimarratu. «Oier atera da, eta beste preso guziak lehenbailehen atera behar ditugu; gizarte guziaren erantzukizuna da».



Sare plataformarentzat «berri ona» da, eta bide horretatik segitzea espero du. Halaber, «mendekuan oinarritutako» espetxe politikarekin amaitzeko eskatu du. «Oierren askatasuna gaixotasuna jakin zenean eman izan balitz, ez ginateke orain gauden egoera larrian izango. Eta euskal gizarteak ezin du utzi hau berriro gerta dadin». Maiatzaren 6an Gasteizen mobilizatzera deitu du.



Urrats gehiagoren beha



Elkarretaratze iraunkorrak egin zituzten atzo Gasteizen eta Baionan, Gomezen egoerari buruzko erabakiaren zain, larri eri diren presoen egoera salatzeko. Gasteizen, berri «pozgarria» dela adierazi zuen Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. «Horrelakoak ezin dira berriz ere gertatu. Gaixo dauden preso guztiak kalera atera behar dira. Dei zuzena egiten diegu bi estatuei, baina bereziki espainolari, mendeku politikak behingoz bertan behera uzteko».



Baionan, berriz, eragile anitzetako ordezkariak elkartu ziren; besteak beste, NPA, LAB, CGT, Bizi eta Aitzinakoak. Erabakia jakin bezain laster, txalo zaparrada batekin hartu zuten. Orain dela aste batzuk Gomez bisitatzera joan zen Sylviane Alaux PSko diputatuaren iritziz, erabakia «zentzu onean» doa, «bake nahia adierazi duen gizarte zibilaren zentzuan». Horretan ez gelditzea espero du: «Badira eri diren preso gehiago, baldintzapean atera daitezkeenak; bake prozesu honetan aitzinatzen segitu nahi badugu, kasu guziak aztertu beharko dira, ezbairik gabe».



Ildo beretik jo zuen Iker Elizalde Hendaiako axuant eta EH Baiko kideak. «Ez dugu ahazten kartzeletan sakabanaturik gelditzen direla hainbat eta hainbat preso politiko, eta guretzat garrantzitsua izanen da ondoko asteetan askatze prozesu bat plantan egotea». Sophie Bussiere EELVko eskualdeko kontseilariak «penagarritzat» jo zuen «eritasunaren hein horretaraino» iritsi beharra, baina, erabakia hartzean, baikor agertu zen. «Espero dugu Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa baten hasiera izatea, eta denek kolektiboki lan eginen dugu honetan gera ez dadin, preso politikoen egoera fite konpon dadin, eta bake prozesua abia dadin».

Publizitatea