Konponbideari begira

Elkarrizketak

Ander Zurimendi. Kazetaria

«Kartzelan, presoak ez du aukerarik izaten ezertaz erabakitzeko»

Espetxean hogeitaka urte eman dituzten zenbait preso ohiren bizipenak bildu ditu Zurimendik laster argitaratuko den liburu batean; «kontakizunaren puzzlearen pieza bat» eskaini nahi izan du horrekin.

2017-04-22 / Gotzon Hermosilla

Ander Zurimendi kazetariak (Gasteiz, 1985) Euskal Herriko zenbait hedabiderekin kolaboratu du, baina bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena Herrialde Katalanetan egin du —gaur egun, CUPeko udal arloko komunikazio arduradun dihardu—. Liburu bat argitaratuko du aurki: Recoja sus cosas (Batu zure gauzak), kartzelan hogeitaka urte eman dituzten zenbait preso ohiren bizipenetan oinarritutako narrazioa.

Liburua Kataluniako Pol-len argitaletxeak kaleratuko du, maiatzean —lehenagotik ere argitaratu dituzte euskal gaiei buruzko zenbait liburu—. Dagoeneko badituzte zenbait aurkezpen antolaturik Katalunian eta Madrilen, eta ekainean espero dute liburua Euskal Herrian ere aurkeztu ahal izatea.

Nola bururatu zitzaizun liburu hau egitea?

Ni ikastaro bat egiten ari nintzen kazetaritza literarioaren inguruan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta horri buruzko testu bat aurkeztu behar nuen. Garai hartan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bertan behera utzi zuen Parot doktrina izenekoa, eta, horren ondorioz, Espainiako Estatuak hainbat preso askatu behar izan zituen. Aferaren garrantziaz jabetu nintzen, eta hasi nintzen haiekin kontaktatzeko ahaleginetan.

Zaila izan zen?

Hasieran, bai. Gainera, nik pentsatzen nuen pertsona horiek, asko sufritutakoak direnez, beharbada ez zutela horretaz hitz egin nahi izango. Aitzitik, gertatutakoa azaltzeko gogo handia zuten lagun batzuk aurkitu nituen.

«Eleberri itxurako erreportaje» gisa definitu duzu zure testua. Non dago eleberriaren eta kazetaritzaren arteko muga?

Testua kazetaritzakoa da, guk informazio bat ematen dugulako pertsona horiek kontatutako bizipenetan oinarriturik. Baina batzuetan ematen du informazio hutsak ez duela lortzen irakurlearen erraietara heltzea. Hor sartzen da kazetaritza literarioa, benetan gertaturikoak narrazio gisa kontatzen saiatzen dena. Muga non dagoen? Nik uste dut planteamendu hori egiten duzunean zintzoa izan behar duzula. Kontatzen dudan guztia gertatu egin da, eta kontakizuna eraginkorragoa izan dadin nik narrazio baten gisa aurkezten diot irakurleari informazio hutsa eman beharrean.

Nor elkarrizketatu zenuen informazio hori lortzeko?

Bost pertsona dira, kartzelan 25 eta 30 urte artean egondakoak, gehienak Bilbo ingurukoak; ia denak Bilbokoak izatea kasualitate hutsa izan da, eta hasieran pentsatzen nuen arazo izango zela, baina azkenean alderantziz gertatu da, kontakizunari homogeneotasuna eman diolako. Eurek eskatuta, liburuan ez dira agertzen haien benetako izenekin, jazarpenaren beldur zirelako; izan ere, euskal gatazka beti izan da kazetaritza sarraskijalerako bazka, eta pertsona horiek ez zuten nahi zenbait hedabide eta elkarteren ahotan egotea.

Horrelako erasoen beldur zarete?

Bi abokatuk testu osoa aztertu dute, Arnaldo Otegik idatzitako hitzaurrea barne, legearen aldetik inolako zirrikiturik ez uzteko. «Terrorismoari gorazarre egitea» deritzoten delitu bitxi hori hor egon da beti, eta horren mehatxua Euskal Herrian aski ezaguna da; beharbada, orain berritasuna da Espainiako Estatuko herri mugimenduetara ere hedatu dela.

Nolakoa izan da dokumentazio lana?

Pertsona bakoitzarekin hiru bat elkarrizketa sakon egin genituen, 2014ko maiatz-ekainetan, batez ere Bilboko Zazpikaleetako zenbait lekutan. Gogoan dut garai hartan eguraldia oso kaskarra izan zela, eta horrek eta entzundako kontakizun batzuen gogortasunak —nahiz eta beste batzuk oso esperantzagarriak izan— halako aldarte ilun batera eraman nindutela. Idazteko prozesuaren ostean, Madrilgo zenbait argitaletxerekin harremanetan hasi nintzen, baina ez zen posible izan han argitaratzea.

Nahigabetu al zaitu horrek?

Bai, uste dudalako liburu hau Espainian atera behar zela, eta euskal presoen aferak axola ez dion edo kontrako jarrera duen jende askorentzat interesgarria izan zitekeela.

Giza alderdia edo alde politikoa lehenetsi duzu narrazioan?

Jakina, pasarte batzuetan preso ohiek iritzi politikoak ematen dituzte, eta beste batzuetan narratzailearen iritzi politikoa igar daiteke, zintzoa izateak ez baitu esan nahi iritzirik ez edukitzea; baina ez da analisi politikorako liburua, edo irakurleak behintzat ez luke liburuan horrelakorik bilatu beharko. Asmoa da pertsona batzuen bizipenak kontatzea eta haien oinazearen berri ematea, jakinik beste pieza bat baino ez dela askotarikoa izan behar duen kontakizunaren puzzlean.

Preso ohiekin izan dituzun harremanetan zer egin zaizu deigarrien?

Argi utzita nik ez dudala nahi inoren bozeramailea izaterik edo inoren izenean mintzatzerik, deigarria egin zait nola kartzelaren eguneroko bizimodua guztiz araututa dagoen eta presoa erabateko menpekotasunera eraman nahi duen. Kartzelan, presoak ez du aukerarik izaten ezertaz erabakitzeko, eta pertsona gisa ezeztaturik gelditzen da. Bitxia da, beti kontrakoa saldu digutelako, kartzelak presoen gizarteratzea bilatzen duela alegia.

25 urte kartzelan egondakoek nolako zailtasunak dituzte askatasuna berreskuratzen dutenean?

Lehen aipatutako eguneroko bizimodu horren ondorioz, hainbat gaitasun sozial galtzen dituzte, eta errealitate berriekin egiten dute topo, teknologien erabilera eta euroena, adibidez. Gauza batzuk anekdotikoak edo irribarrea eragitekoak izan daitezke, baina badaude arazo larriagoak ere. Batzuek itolarria sentitzen dute jende asko biltzen den lekuetan, tabernetan eta kontzertuetan esaterako. Eta familiarekiko harremanez, seme-alaben heziketaz, bizitzak dakartzan ardurez eta abarrez oso gogoeta indartsu eta gogorrak jaso ditut.

Nori zuzenduta idatzi duzu liburua?

Euskal gatazkaz gauza askorik ez dakitenei, eta, jakinda ere, presoak mespretxatu eta arbuiatzen dituztenei. Gustatuko litzaidake pertsona horiek enpatia ariketa txiki bat egitea eta errealitatearen alde horretaz jabetzea, baina badakit oso zaila dela.

Katalunian badago horrelako gaien inguruko interesik?

Egia da garai batean Katalunian eta Herrialde Katalan guztietan vasquitis edo euskal gaiekiko lilura hori oso handia zela eta gaur egun ez dela hain handia. Eta egia da, bestalde, katalanak orain autodeterminazioaren aldeko euren borrokan zentraturik daudela. Baina gizarte katalana oso solidarioa izan da beti, eta, zorionez, hala da gaur egun ere.

Publizitatea