Konponbideari begira

Berriak

CCOOk salatu du Moncloak editatu zituela desarmatzearen berriak RTVEn

TVEn agindua jaso zuten Baionako irudiak ez emateko, eta Urkulluren agerraldiaren berri ere ez
CCOOk dio TVEk Manikkalingamen eta Urkulluren Donostiako agerraldia zentsuratu zuela.
CCOOk dio TVEk Manikkalingamen eta Urkulluren Donostiako agerraldia zentsuratu zuela. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-04-12 / Urtzi Urkizu

Larunbatean, mundu osoko komunikabideek titulu nagusietara eraman zuten ETAren armagabetzea. Arreta berezia jarri zuten Baionan izan ziren agerraldietan eta gertakizunetan. TVEko 15:00etako Telediario albistegian, aldiz, hamabosgarren minutura arte ez zuten aipatu desarmatzea. «Albistegiak Moncloak eta Espainiako Barne Ministerioak editatu zituen», salatu du RTVEko CCOO sindikatuak. «Armagabetzearen albistea oso garrantzitsua zen. Madrilek agindu zuen Baionako ekitaldietako irudiak ez emateko, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Ram Manikkalingan nazioarteko egiaztatzailearen agerraldiaren berri ez emateko eta Frantziako Barne ministroaren adierazpenak ez entzuteko».

Maite Martin del Caz RTVEko CCOOko idazkari nagusiaren ustez, larunbatean PPk nahi zuen ikuspuntuaren araberako estrategia bat diseinatu zuten. «Dena Madrilek ekoitzi zuen. ETAren armagabetzeari buruzko informazioa eskasa, manipulatua eta zentsuratua izan zen». CCOOko ordezkariaren arabera, normalena albistegia ETAren armagabetzearekin zabaltzea izango zen. «Baina inolaz ere hamabosgarren minutuan, gertatu zen bezala. Larria da, adibidez, Urkullu lehendakariaren prentsaurrekoa zentsuratu izana».

Egun horretarako, TVEko EAEko zentroko kazetari bat edo bi Baionara joatekoak ziren, armagabetzearen gaia lantzera. «Hara joatekoa zen kazetari bat eguraldiaren eta zirkulazioaren informazioa lantzen jarri zuten», azaldu du Martin del Cazek. «RNEko informazioa ere Madriletik landu zuten, EAEtik egin beharrean. Prest zeuden kazetariak geldiarazi egin zituzten Madriletik».

RTVEko CCOOko idazkari nagusiak «oso deitoragarritzat» jo du larunbateko albistegietan gertatu zena: «Espero genezakeen halako zerbait egitea, baina ez hain lotsagabeki. Gainera, epe laburrean ez dago inolako hauteskunderik deituta».

Aldaketa udazkenerako?

Ez da lehen aldia sindikatuek eta RTVEko langileen ordezkariek albistegietako zuzendaritzaren jokabidea salatzen dutena. «Jose Antonio Alvarez Gundin TVEko albistegietako zuzendariaren arteak ezagutzen ditugu», dio Martin del Cazek. «TVEko ardura postuetara iritsi diren guztiak sentsibilitate politiko berekoak dira». RTVEren sinesgarritasuna «hondoratzen» aritu izana kritikatu du CCOOko ordezkariak. Sindikatuak salatu du Informe semanal saioan Murtziako (Espainia) erkidegoko presidente ohiaren argudioekin egin zutela erreportaje bat, beste talde politiko guztiei ahotsik eman gabe.

Aurrera begira, ordea, egoera aldatzeko itxaropena du Martin del Cazek: «Ekainean onartuko dute Espainiako Kongresuan RTVEko presidentea bi hereneko gehiengoarekin izendatu behar dela». Presidente berria eta albistegietako zuzendaritzaren aldaketa udazkenerako etor daitezkeela uste du. «Etortzen den edonork hobeto egingo du».

Publizitatea