Konponbideari begira

Berriak

ETA-ren armagabetzea

Espagnacek dio Frantziak otsailean jakinarazi ziola Espainiari "prozesuan parte hartzeko borondatea" zuela

PSko senatariarentzat "egun historikoa" izan zen larunbatekoa, eta, horren harira, Frantziako Barne ministroak egindako lana txalotu du. Testuinguru politikoa aldatu egin dela nabarmendu du Otegik ere.

Frederique Espagnac, senatari sozialista, artxiboko irudibatean. / ©Isabelle Miquelestorena
Frederique Espagnac, senatari sozialista, artxiboko irudibatean. / ©Isabelle Miquelestorena
"Luhuson gertatutakoa erabakigarria izan zen [ETAren] armagabetzerako. Ondoren etorri zen Frantzia eta Espainiaren arteko goi bilera [otsailak 20, Malaga, Espainia], non lehen aldiz iragarri zuen Parisek prozesu horretan parte hartzeko borondatea", azaldu du Frederique Espagnac PSko euskal senatariak gaur, Radio Euskadiri emandako elkarrizketan. Une historikotzat jo du larunbatekoa, eta hori lortu izanaren meritua jende askorena dela nabarmendu du; besteak beste, Matthias Fekl Frantziako Barne ministroarena eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetarena.



Frantziako Polizia heldu arte armategiak zaintzeaz arduratu direnez galdetuta, itxaropentsu agertu da Espagnac. Azaldu du ez dela gauza bera Luhuson (Lapurdi) gertatu bezala Polizia armen bila joatea, edo herritarrak eurak izatea arma horiek segurtasun indarren esku uzten dituztenak. "Larunbatean Baionan aurkitu nintzen herritar haietako batekin, eta hunkituta zegoen zuloetako batera joandako polizia batek eskerrak eman zizkiolako. Argazki hori ezinezkoa zatekeen duela urte batzuk".



BERRIAren webguneak gaur dakar Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean adostutako prozesua izan dela ETAren armagabetzearena, eta Madrilek orain dela hilabete batzuetatik bazuela Parisen aldekotasunaren berri, iturri onetik jakin ere. Justuki, François Hollande Frantziako presidenteak eta Mariano Rajoy Espainiakoak elkar ikusi zuten Malagako bilkuran.



Hemendik aurrerako lana ere hizpide izan du Espagnacek; besteak beste, elkarbizitza. "Ezin ditugu biktimak ahaztu, ez ETArenak eta ezta GALenak ere. Zaila izango da hori, asko baitira sufritu dutenak, baina ahalegina egin beharko dugu elkarbizitza posible izan dadin. Horretarako, bearrezkoa izango da elkarrizketa".



Bide beretik, orain arteko elkarrizketetan mahai gainean egon ez den presoen auziaz hitz egiteko beharra ere nabarmendu du Espagnacek. "Odol ekintzak egin dituztenek justiziaren aurrean erantzun beharko dute; baina gaur preso daudenei salbuespen politikak ezartzen zaizkie, eta hori aldatu beharra dago, euren familiengandik gertu behar dute. Horretaz gain, badira gaixo dauden presoak ere, eta oso zigor luzeak dituztenak, eta, horien kasuan, giza eskubideez ere hitz egin beharko dugu".



Hollanderekin harreman estua du Espagnacek duela pare bat hamarkadatatik.



Testuinguru berria



Larunbatean gauzak "espero bezala" joan zirelako pozik agertu da Arnaldo Otegi, Sortuko idazkari nagusia, baina ohartarazi du "zenbait komunikabide egiten ari diren moduan" inor "umiliatzeak" ez dakarrela ezer onik. "Erakunde batek herri honen baketzearen alde egindako ekarpena izan zen larunbatekoa. Hura ez zen ospakizun bat, beste testuinguru bati bide ematen zion ekitaldi bat baizik".



Testuinguru berri horretan, eta armagabetzea gauzatuta, presoen egoeraz eta segurtasun indarren presentziaz hitz egiteko ordua heldu dela iritzi dio Otegik. "Presoek etxera itzuli behar dute. Urruntze eta salbuespen politikak amaitu behar dira, baina lehentasunezkoa da gaixo dauden presoak aske uztea".



Kontakizunaz ere aritu da Otegi, eta gogorarazi du ETA ez zutela sortu "erotu ziren milaka herritar batzuek", zenbaitek sinetsarazi nahi duten moduan. "Denok ezagutzen dugu non eta nola jaio zen ETA. Gernikako seme-alabak ziren haiek, eta une hartan asko ziren askapenerako herri mugimendu armatuak. Baionakoa, Irlandakoa eta FARCekin gertatzen ari dena modu zabalean ulertu behar da; armak utzi eta elkarrizketaren bidea abiatu dute, baina guztiek dituzte helburu politiko eta sozialak".

Publizitatea