Lapurreta, ekoizpen propioa edo erosketa. Horiek izan dira ETAk hamarkada askotan armak lortzeko hartutako bideak. Poliziaren jazarpenaren eta bere egoera logistikoaren arabera hautatu izan du bat edo bestea, momentu historiko bakoitzean. 1960ko hamarkadan armatzen hasi eta 2006an egin zuen erakundeak azken arma lapurreta. Biltegirik handiena 1980ko hamarkadan eduki zuen bere esku. Hona hemen armatzeari buruzko ibilbide kronologiko bat, Iñaki Egaña historialariak egindako bilduma batean oinarrituta.
1963 Lehen leherketak. Gazteluko harrobi batean dinamita eskuratu zuen ETAk. Hain zuzen ere, horrekin egin zuen lehen leherketa urte hartan, Zumarragan, abandonatutako tren batean.
1967
Txekiako armak. Arma sorta bat ekarri zuen erakunde armatuak Txekiatik. Lehen arma hornitze inportantetzat jotzen dute hori historialari eta adituek. Hain zuzen ere, arma haietako batekin hil zituen ETAk Jose Pardines guardia zibila eta Meliton Manzanas polizia torturatzailea. Txabi Etxebarrieta hil zutenean ere, haietako arma bat aurkitu zioten soinean.
1972
Lapurretak harrobietan. Arma hornitze garrantzitsua egiten hasi zen ETA. Gehienbat lapurretaren bidez bete zituen bere armategiak dinamitaz. Datu bat ematearren, urte hartan 27 dinamita lapurreta egin zituen Euskal Herriko hainbat harrobitan.
1973
Carrero Blanco. Hiru tona dinamita ostu zituen ETAren komando batek Hernaniko bolborategi batean. Lehergai horren zati handi bat erabili zuten Ogro operazioan, Madrilen, Luis Carrero Blancoren aurkako atentatutan.
1980
Soto de la Marina. ETAk bere historiako lehergai lapurretarik handienetako bat egin zuen Soto de la Marinan (Kantabria, Espainia) Explosivos Rio Tinto enpresaren biltegi batean. Guardia zibilez jantzitako zazpi etakidek egin zuten ekintza, eta kamioi batean eraman zuten lehergaia Bizkaira.
1983
Lapurreta Ertzaintzari. Historiako lapurretarik sonatuenetako bat egin zuen ETAk 1983ko martxoan. Ertzaintzak Gipuzkoako diputazioaren jauregian zuen biltegi bat hartu, hamar ertzain indarrez lotu eta 112 pistola eta munizio ugari ebatsi zituen ETAk.
1986
Sokoako erorketa. Sokoako fabrikaren armategia, ETAk zuen handiena, Poliziaren esku geratu zen. ETAk merkatu beltzean erositako bi misil errusiarretan irrati-balizak jarrita zituen Poliziak, eta haiei esker aurkitu zuten erakunde armatuaren gordetegia. Kolpe horren ondoren, ETAk merkatu beltzean erosteari utzi zion, eta armak bere kasa ekoizteari ekin zion.
1986
Amonal eta amosal. Nekazari ongarrietako nitratoa, oxidatzaileak, aluminio hautsa eta ikatza edo gasolioa nahasiz amonala ekoizteari ekin zion erakunde armatuak. Urte batzuen ondoren, eta nahasketa horri gatza erantsita, amosala egiten hasi zen, lehergaien hezetasunari aurre egiteko. ETAk amonala erabili zuen lehen aldiz, Madrilen, 1986ko apirilean bost guardia zibil hil zituen atentatu batean. Ordura arte, Goma-2 erabiltzen zuen. 1986tik 1999ra arte 13 tona amonal eta amosal ekoitzi zituen ETAk, Polizia iturrien arabera.
1987
'Jotake' granadak. Merkatu beltzean erosi ohi zituen granadak Poliziak kontrola zitzakeela iritzita, arma mota horiek ere ETAk berak egiteari ekin zion. 1987ko abuztuan egin zuen ETAk lehen ekintza berak sortutako Jotake granadekin, Guardia Zibilaren aurkako kuarten baten kontra.
1997
Bidarteko fabrikaren erorketa. Sokoako armategia Poliziaren esku geratu ondoren, merkatu beltzean eduki zezakeen arriskua saihesteko, armak ekoizteari ekin zion ETAk. Urte askotan Bidarteko basetxe batean egin zituen bere armak. Bidarteko gordeleku hartan, arma ugari, laborategi bat, tailer bat eta entrenatzeko leku bat zituen ETAk, Poliziak atzeman zionean. Inoiz ETAri aurkitutako arma fabrika handientzat jo izan dute Bidartekoa.
1997
Atentatuetako lehergaiak. 1978tik 1997ra arte, sei tona lehergai baino gehiago zartarazi zituen ETAk atentatu ezberdinetan. Poliziak, berriz, gerra material asko atzemana zion operazio askotan: 987 arma arin, 378 fusil, 633 arma astun, 1.222 granada, 101 granada jaurtigailu eta 12.873 kilo lehergai. Rui Pereira idazlearen arabera, sortu zenetik 1997ra arte 27 tona lehergai baino gehiago izan zituen ETAk.
1999
Plevingo lapurreta. ETAk inoiz egindako arma lapurretarik handiena Plevinen egin zuen, Bretainian. Zortzi tona titadine (dinamita mota bat), 11 kilometro kordoi detonatzaile eta milaka detonatzaile elektriko eskuratu zituen erakundearen komando batek. Hurrengo egunean, baina, ekintzaile batzuk atxilotu eta lapurretan hartutako materialaren zati bat berreskuratu zuen Poliziak, Seglienen. Ondorengo urteetan antzeko lapurretak egin zituen Guzet-Neigen eta Grenoblen.
2006
Azken lapurreta. Vauverten, Nimes hiritik gertu, Sidam enpresatik 404 pistola lapurtu zituen ETAren komando batek. Era guztietako armak atzeman zituen erakunde armatuak: laburrak, luzeak, kirol eta defentsarako armak.
2009
Polizia, zuloen peskizan. Poliziaren jazarpenaren ondorioz, ETAk armategiak eta zuloak sakabanatu zituen han-hemenka, Euskal Herrian eta Frantziako toki ezberdinetan. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak 22 armategi atzeman zituen: tona bat lehergai, 38 arma labur eta metraileta bat aurkitu zituen haietan.
2010
Portugalera. Frantzian Poliziaren jazarpenak eragiten zion higadurari ihes egiteko, Portugalera armak eramaten saiatu zen ETA. Obidosen, Lisboatik 125 kilometro iparraldera, gai kimiko tona ugari pilatu zituen, lehergaiak egiteko. Poliziak harrapatu zituen.