Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Aurrera begirakoa

Hurrengoak: ETAren gogoeta bere geroaz eta EPPKren ondorioak

Erakunde jada ez armatuak prozesu bat hasiko du udaberrian; presoek hilabete gutxira bukatuko dute eztabaida. Espazio pluralak ere, langai
David Pla, 2015eko irailean, Baigorrin, Frantziako Poliziak atxilotuta. ETAko arduradun izatea egotzi zioten.
David Pla, 2015eko irailean, Baigorrin, Frantziako Poliziak atxilotuta. ETAko arduradun izatea egotzi zioten. BOB EDME

2017-04-09 / Enekoitz Esnaola

Estrategia politiko-militarraren ondorioen «zikloa ixteko» lanetan jarraitzen du ezker abertzaleak. Bi kapitulu itxita dauzka: ETAk 2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen betiko bukatu zuela jarduera armatua, eta, orain, desarmatu egin da, ofizialki. Beste pauso bat geratzen zaio ETAri: bere ibilbidea bukatu edo ez erabakitzea. Laster da hastekoa barne gogoeta militanteen artean; prozesua hilabete batzuetako kontua izan liteke. Amaitzera badoa, ikusiko da zer termino erabiliko lukeen —desegitea, desagerpena, ibilbidearen bukaera...—, eta nolako gogoetak dakartzan ia 60 urteko ibilbideaz.

Zikloa itxiz joateko beste atal garrantzitsu bat: presoak. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, 2013ko adierazpenari jarraikiz, hilabete gutxi barru plazaratuko ditu barne eztabaidako ondorioak: «damua eta salaketa» baztertuta, Espainiako eta Frantziako estatuetako legedia xehe-xehe urratuko dute kolektiboko presoek, baldin eta zuzendaritzaren txostena onartzen badute.

Zutik Euskal Herria-k (2010) eragin zuen estrategia aldaketak behar adinako fruituak eman ez zituela ondorioztatuta, ezker abertzale ofizial osoak barne hausnarketa bati ekin zion 2015eko udazkenean, Abian prozesuarekin. Iazko maiatzean plazaratu zituzten ondorioak. Horren ostean, Sortuk egin zuen gogoeta, eta aurtengo urtarrilean burutu du «birfundazio» kongresua. Ernaik joan den asteburuan amaitu zuen berea, eta LABek maiatzaren 25ean eta 26an egingo du IX. Biltzar Nagusia. «ETAk ere bere ariketa egin behar al du?», galdetu zion Gara-k David Pla ETAk Konponbiderako duen mintzaideari joan den otsaileko elkarrizketa batean. Pla: «Bai. Militante guztien artean hausnarketa prozesu bat abiarazteko asmoa dago, udaberritik aurrera». Ez zuen azaldu zertaz. Jarduera armatua amaituta eta jada armagabetuta, erakundearen etorkizuna izango dute hizpide.

Ezker abertzaleak Abianen zehaztu zuen Sortu, LAB eta Ernai direla bere eremuko hiru antolakunde politikoak, Sorturi emanik ahalmenik handiena eta«bilgune» funtzioa, betiere «alderdi mugimendu» izaera edukita. Zail da irudikatzea ETAk egiteko politiko bat izatea biharko egunean.

Mezuak ETAren desegiteaz

Ezker abertzalean diote ETAri dagokiola bere etorkizunaz erabakitzea. Aldiz, hamaika eragilek eskakizun zehatza egina dio erakunde jada ez armatuari, aspalditik: desagertzeko. «Hori litzateke Espainiarentzat hamarkadetako unerik ederrenetakoa», esan zuen Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak martxoaren 26an, El País-en. Lau orrialdeko elkarrizketa bat zen, eta bederatzi lerro baino ez zetozen ETAri buruz. «Ona da armak utzi nahi izatea, baina desegitea da garrantzitsua».

EAJ-PSEren gobernu akordioak dio «konpromisoa» dutela «indarkeriaren amaiera ordenatua» erdiesteko, eta, hala, beharrezkoa iruditzen zaie «ETA behin betiko desegin eta desagertzera iristea». «Desarmatzea da aurreko urratsa», azaldu du Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak ere aipatu du armagabetzearen ondotik «hurrengo pausoa desegitea» dela. Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunaren ustez, ETAk «badaki jakinekoa dela, lehenago edo beranduago, termino batean edo bestean» desegin egingo dela. EAk esan du desegitea ezin dela atzeratu desarmatzea bezainbeste. Badira mezu gehiago.

Gogoeta egitera doa ETA, eta aztertu beharko nola hasiko duen prozesu hori udaberrian: modu publikoan edo ez, eta, publikoki bada, zer dokumenturen gainean. EPPK-k abenduan ekin zionean barne eztabaidari, haren zuzendaritzak oinarrizko txostena plazaratu zuen, prozesua «gardena eta publikoa» izateko. Ezker abertzalean presoen eremuan dabiltzan kideek uste dute EPPK-k asmatu egin zuela argitaratzeko neurri hori hartuta, iritzi publikoari begira aurrea hartzea zela iritzita.

Arnaldo Otegi EH Bilduko eledunak esan du gaurtik aurrera presoez eta «desmilitarizazioaz» hitz egin beharko dela. Presoez hitz egingo da gehiago, bai baitago premia humano bat. 350 preso daude, 350 pertsona. Haiek etxeratzeko ikuspuntu desberdinak daude Euskal Herrian; ordea, espazio plural batzuk badira, edota beste batzuk sortzen hasi dira. Kasurako, Hegoaldeko eragile soziopolitikoen gehiengoak, armagabetzea ontzat jotzeaz gain, «erantzukizuna» hartu du gatazkaren «ondorioak gainditzeko».

Jaurlaritzak hitzeman du «bizikidetzaren normalizazioarekin lotutako» espetxe politika bultzatuko duela. Espainiako Gobernuak dio ETAren desarmatzeak kartzela arloan ez duela trukean ezer jaso behar —Etxerat-en erantzuna: «Giza eskubideak betetzea sari baten parekoa dela uste izatea oker handia da oso»—, baina Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusi berriak adierazi du «normala» litzatekeela sakabanaketa amaitzea ETA desegiten bada. El Mundo-k martxoaren 26an zekarren Moncloa hasia dela sakabanaketaren bukaera prestatzen. Luhusokoek hasieratik nabarmendu dute «bake prozesuak osoa» behar duela izan —«presoen eta iheslarien etxeratzea...»—.

Ziklo mamitsua dator euskal presoen arloan ere. Foro Sozialak datorren hilean plazaratuko ditu martxoaren 10eko topaketako ondorioak, gero bide orri bat partekatzeko asmoz. Ezker abertzaleak, hil honen 17an, presoen aldeko ekinaldi mobilizatzaile bat abiatuko du, eta uztailaren amaieran bukatuko. EPPKren eztabaidako ondorioak udan zehar egon daitezke.

Informazio osagarria

Publizitatea