Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Erreakzioak

ESANDAKOAK

 

2017-04-09 / Berria

ETAren armagabetzeak garai berri bat zabaltzen du. Horrenbeste desio eta merezi dugun bakearentzako ezinbesteko urratsa da, eta, horregatik, gure herriarentzat izugarrizko berri ona da. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari nire miresmena eta errekonozimendua adierazi nahi diet, baita euskal erakundeei ere, eduki duten inplikazioagatik. Ez daukat inongo zalantzarik: gaurkoa egun historikoa izan da Euskal Herriarentzat».

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia (EAJ)

«ETAk armak utzi ditu segurtasun indarrek eginiko lanarengatik eta gizarteak agertu dion mespretxuagatik. Orain azalduko dira Otegi eta euskal nazionalistak esanez eurek lortu dutela hori; hori bakarrik falta dugu. ETAri eta Bilduri ez diogu ezer eskertu behar, ez diogu ezer zor. Irmo jarraitu behar dugu, eta argi erakutsi behar diegu terrorismoa utzi izangatik ez diegula ezer emango».

Jose Javier Esparza UPNko presidentea

«Armagabetzearen ondoren etorri behar du ETAren desegiteak. Ezin du eragile politiko gisa iraun. Euskal Herriko gizarte zibilak erakutsi du sekulako gaitasuna duela gatazkaren konponbidean aurrera egiteko. Hori da bidea. Gertatu denaz eta aurrera begirakoaz kontakizun partekatu bat eraiki behar dugu orain, konpontzeke dauden gaiei heldu ahal izateko».

Lander Martinez Ahal Dugu-ko bozeramailea

«Demokraziaren garaipenaren argazkia da armagabetzea. Talde terrorista bat garaituko dugulako, harro egon behar dugu hiritarrok. Orain, ETA desegitea dugu erronka, behingoz gainetik kendu ahal izateko hainbat urtez inguruan izan dugun mamu hori: Euskadik merezi du».

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari ohia (PSE-EE)

«Armagabetzea ona da ETA behin betiko desagertzeko aurreko pauso gisa, eta euskal gizartearen aniztasunean oinarritutako bizikidetza finkoa eraikitzeko balio behar du. Hala ere, 2011n terrorismoa uzteko egindako iragarpenak eta gaur [atzo] egindako armagabetzeak ez dute inolako ordainik merezi. Ez du arintzen izua zabaldu zutenen erantzukizuna, ezta estrategia hura babestu zutenena ere».

Eneko Andueza PSE-EEren bozeramailea

«Urrats positiboa da, baina ez da nahikoa: ETAk desegin behar du. Bestalde, erabat bidegabea iruditzen zait Otegi-eta zabaltzen ari diren mezua: hemen ez da gerra bat egon, ez dira bi fakzio egon. Ezin da esan erailtzen zuen talde bat on bihurtu dela armak itzuli dituelako. Horrek asko mintzen ditu biktimak».

Javier Maroto Espainiako PPren zuzendaritzako kidea

«Parafernalia egin eta egoera makillatzen saiatu diren arren, ETA garaituta doa, nahigabea soilik utzita. Horixe utzi du».

Borja Senper EAEko PPren bozeramailea

«Biziki inportantea da Euskal Herriarendako eta euskaldunentzat. Aspaldiko oihua da igortzen genuena, eta oihu hori entzuna izan da: euskaldunak hor direla eta beren herria eraiki nahi dutela. Mezu hori elkarrekin igortzen dugu, Iparraldekoek eta Hegoaldekoek. Bake prozesua bururaino eramateko lana izanen da, baina uste dut urrats bat pasatu dugula elkarrekin: iniziatiba hartu dugu, eta behar da hartu urrunago joateko, zinez bakea eraikitzeko».

Alain Iriart Hiriburuko alkatea eta Pirinio Atlantikoko departamenduko kontseilaria (EH Bildu)

«Momentu historikoa da. Azkenean, Euskal Herri honetan bakean bizitzen ahalko gara. Ezagutzen ez dugun egoera 50 edo 60 urte hauetan. Ez da besterik, bakean bizitzea. Pentsatzen dut armak utziak diren momentutik, frantses eta espainol gobernuak onartu dituztenaz geroztik, prozesuaren alde ezberdinen konpontzea etorriko dela normaltasunez; denbora pixka bat beharko da beharbada, baina etorriko da, eta normala da».

Peyuco Duhart Donibane Lohizungo alkatea (LR)

«Pentsatzen dut lehen baldintza dela bakea, eta gero baketik edozein gauza eraiki dezakegula. Ikusi dugu jadanik 25 urte hauetan Garapen eta Hautetsien kontseiluekin ari garela eraikitzen baketik. Eta orain Euskal Herrian eta Iparraldean badugu beste epe bat gure aurrean: eraiki dezagun. Biziki inportanta izango da gizarte zibilaren rola».

Caroline Phillips Garapen Kontseiluko lehendakaria

«Egun garrantzitsua da bakerako bidean mugarri handi bat jartzen delako. Orain, gatazkaren ondorioak konpontzea da hurrengo erronka, eta horretan lehentasuna izango du presoen aferari konponbidea emateak».

Garbiñe Aranburu LABeko bozeramailea

«Guztizko bakea eman dadin Gobernu zentralaren jarrerak 180 graduko bira eman behar du. PPren jarrerak ez du ez lekurik ez zentzurik, ez dago garailerik, ez eta garaiturik ere, eta nahikoa da espetxe politiketan eta giza eskubideen alorrean dagoen gelditasunarekin. Bakearen bandera guztiona behar du izan».

Ainhoa Usandizaga EGIren Aberri Kontseiluko kidea

«Armagabetzea gauzatu da: ondo. Baina bihartik aurrera jarraitu behar dugu biktimei buruz hitz egiten, ezin dugu ETAren historia zuritu».

Mari Mar Blanco FVT Biktimen Fundazioaren presidentea

Publizitatea