ETAren armagabetzea. Erreakzioak
Gobernuek ETAren indarkeriaren biktimak izan dituzte gogoan
Denek adierazi dute armagabetzea ordainik gabekoa dela. Urkulluk Donostian egin du balorazioa, eta Barkosek ohar bidez. Parisentzat urrats handia da; Madrilentzat, antzezpena
2017-04-09 / Jokin Sagarzazu
Gobernuek ere sinatu dute ETAren armagabetzea. Nork bere mezuarekin, eta intentsitate ezberdinarekin. Denek azpimarratu dute prozesua aldebakarrekoa, egiaztagarria eta ordainik gabekoa dela. Eta denek gogoan izan dituzte ETAk eragindako biktimak. Hain zuzen ere, hori izan dute elementu nagusia euren mezuetan.
Agerraldi edo ohar laburren bidez egin zituzten euren balorazioak atzo. Euskal Herriko hiru lehendakariek ez zuten agerraldi bateraturik egin. Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkulluk eta Nafarroako Gobernuko Uxue Barkosek erabaki zuten ez parte hartzea Baionako agerraldi instituzionalean —han zen Euskal Elkargoko Jean Rene Etxegarai—. Herenegun gauera arte izan ziren elkarrizketak han egon zitezen, nazioarteko egiaztatzaileekin eta Luhusoko ekintzaileekin batera. Urkullu, baina, Donostian azaldu zen, eta agiri bat irakurri zuen, tonu apalean, eta aurretik abisua emanez ez zuela galderarik erantzungo. Azken asteetan Jaurlaritzatik errepikatu duten moduan, armagabetzeari garrantzia kendu ez, baina atzokoan ere ospatzeko ezer ez zegoela argi utzi nahi izan zuen. «Gaur ez da ezer hasten, ezta bukatzen ere», esan zuen.
Urkulluk ETAren indarkeriaren biktimak izan zituen hizpide, agiriaren izenburutik bertatik: Epikatik etikara. «ETAren armagabetzea edozein epikatik salbuetsita» dagoela azaldu zuen, baina gertakari horrek «esanahi etiko nagusi bat» bat duela: «Behin betirako ziurtatzen du ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zuela inoiz eragin behar, inoiz ez».
Antzera mintzatu zen Nafarroako Gobernua. Barkos Urkullurekin batera azaltzekoa bazen ere, ez zuen agerraldirik egin. Gaztelaniaz idatzitako ohar baten bidez egin zuen balorazioa, Urkulluk baino 45 minutu lehenago. Hark ere biktimak izan zituen gogoan. «Inoiz iritsi behar ez zuen garai beldurgarria eta mingarria amaitzeko ezinbesteko urratsa izan da armagabetzea», adierazi zuen, eta azpimarratu atzokoan ere «beharrezkoa» zela «indarkeria bidegabea jasan dutenak» oroitzea; gizartea haiekin «zorretan» dela.
Urkullu azaldu zenerako, Frantziako Poliziak bazuen ETAren armen eta lehergaien kokalekuen berri eta horiek jasotzeko operatiboak abian zituen. Baionako agerraldi instituzionala egin eta lau ordu geroago agertu zen lehendakaria. Alboan izan zuen Ram Manikkalingam egiaztatzaileen koordinatzailea. Hura aurretik mintzatu zen, labur. Urkulluri eskertu zion taldea sortu zenetik emandako babesa eta armagabetzea gauzatzeko egindako lana eta erakutsitako konpromisoa. Prozesuan parte hartu duten beste eragileak era aipatu zituen, eta atzoko egunaren garrantzia azpimarratu. Aretoan zeuden Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Josu Erkoreka gobernuko bozeramailea eta Jonan Fernandez Bizikidetza idazkaria.
Urkulluk ere hitzaldia baliatu zuen bere gobernuak eginiko lana azpimarratzeko. Azaldu zuen esteotan «harremanetan» egon dela «Espainiako Gobernuarekin, Frantziako agintariekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Elkargoarekin». Denek erakutsitako «diskrezioa eta heldutasuna» nabarmendu zituen.
Aurrera begira ere jarri zen. Esan zuen armagabetzea «funtsezkoa» dela «ETAren desagertzearen prozesuan». Alabaina, ohartarazi zuen bidea dagoela egiteko. «Bizikidetza normalizatu baten alde lanean jarraitzen dugu, orain jokaleku hobe batean». «Konpromiso etikoak jarraitu egiten du», esanez amaitu zuen.
Antzera mintzatu zen Nafarroako Gobernua. Haren iritziz, ETAren balizko desegitea «nahitaezkoak» da «etorkizunera begira hasiko den garai berria sendotzeko, bizikidetzan eta bake zein tolerantzia kulturan errotuta».
Paris, baikor; Madril, uzkur
Frantziako eta Espainiako gobernuen artean, berriz, Pariskoa azaldu zen baikorren. Atzoko egunaren garrantzia «eztabaidaezina» dela eta «urrats handi bat» dela azpimarratu zuen Matthias Fekl Barne ministroak, Poliziaren operatiboa hasi eta gutxira. Nabarmendu zuen armagabetze prozesua egin dela «zuzenbide estatua errespetatuz».
Iluntzean, Bernard Cazeneuve lehen ministroa mintzatu zen, ohar labur batean. «Aro berri bat» zabaldu dela adierazi zuen. Berak ere biktimak gogoratu zituen, ETAk hildako azkena: Serge Nerin jendarmea. «Elkarlanaren» garrantzia azpimarratu zuen.
Madrilentzat, berriz, armagabetzearekin «onura politikoa» atera nahi dio ETAk «bere porrotari». Urkulluren agerraldiaren ordu berean bidalitako ohar batean, Rajoyren gobernuak jakinarazi zuen ez duela beste adierazpenik egingo, Frantziak armagabetzea egiaztatu arte. Azpimarratu zuen «inpunitaterik» ez dela egongo ETAko kideentzat.