Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Bakearen artisauen ekitaldia

Eskuak eta hitza, bakerako arma

Banako eta eragile ugarik adierazpen bat aurkeztu dute «bake justu eta iraunkorraren» alde. Gogoan izan dituzte «arma guztien» biktimak: «Nahi dugu egia eta justizia»
Baionako plaza goraino bete zen ekitaldi nagusian.
Baionako plaza goraino bete zen ekitaldi nagusian. J. ETXEZARRETA

2017-04-09 / Hodei Iruretagoiena

Milaka herritarrek eman diote amaiera bakearen artisau batzuek hasitakoari, Baionako Paul Bert plazan, eskuak gora jasota ?20.000 inguruk, antolatzaileen arabera?. Armagabetu dute ETA, eta, iraganari izkin egin gabe, zuzen hitz egin diote etorkizunari, «bake justu eta iraunkorra» eraikitzeko erronkari. «Gertakari honek gure historian heriotzez eta agoniaz beterik den kapitulu mingarria ixten du. Atzean utzi nahi dugu, baina ez atzera begiratu gabe». Estitxu Eizagirreren, Suzanne Jorgeren, Louis Joineten eta Fernando Armendarizen ahotik, ozen entzun da eragile zein banako ugariren ahots bateratua, 2017ko apirilaren 8ko Baionako adierazpena: «Izan gaitezen bakegile, denak batera».

«Egia da ez dugula herria bere osotasunean ordezkatzen», esan dute. Batzuk baziren: EH Bildu, EAEko Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariak, ELA eta LABekoak, Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznarez ?Ahotsak egitasmoaren izenean?, Kontseiluko Paul Bilbao, Ikastolen Elkarteko Koldo Tellitu, BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi, Sareko Joseba Azkarraga, Gure Esku Dago-ko Zelai Nikolas, Euskal Herriko apaizen koordinakundeko Goyo Ubierna, Xabier Euzkitze aurkezlea, Maialen Lujanbio bertsolaria... Ordezkaritza zabala batu da oholtzan. Jende artean zen, gainera, Joseba Aurrekoetxea EAJren EBBko kidea ere.

Egon ez direnei ere mintzatu zaizkie, «errespetuz». Baina ordezkatzen dutenaren indarraz kontziente: «Ezingo du inork ukatu, Baionan elkarturik, herri honen lurraldeak irudikatzen ditugula, honen jende eta sentsibilitate kontrakoenak barne».

Ez baititu Baionak edo ETAren armagabetzeak bakarrik batzen: «Aise azaldu daitekeen zerbait partekatzen dugu: bakea ez dela bortizkeriarik eza soilik. Eta, ondorioz, bortizkeria egoera dagoenean ez dela bakerik». Horregatik izan dituzte «bihotzean» biktima guztiak, «arma guztien biktimak». Guztiak oroitu, eta guztientzako aitortza bilatzeko konpromisoa hartu dute: «Nahi dugu egia eta justizia egin dadin, eta, erran nahi diegu: 'Ez, ez da berriz gertatuko'».

Eta horregatik izan dute gogoan «orainaldi mingarria» ere, euskal presoena eta haien senideena: «Pentsatzen dugu ez dela inor galtzaile ?are gehiago, denak gara irabazle? legea eta politika orainaldiaren ezaugarri bilakatzen badira, presoen urruntzea bukatzen bada, Euskal Herrira eta inguruetara ekartzen badira, eri direnak eta zigorraren burura iritsi direnak askatzen badira. Etxera itzuliko direla sinetsi nahi dugu, ahal bezain azkar».

Sinatzaileek gogora ekarri dutenez, Espainiako eta Frantziako gobernuak izan dira, 2011ko Aieteko Konferentzia egin zenetik, elkarrizketari erantzun ez diotenak. «Aitorturiko eragile, hautetsi eta instituzioz osaturiko jendarte baten aurrean gaude. Eta nazioarteko komunitatearen aurrean, bake justu eta iraunkorrera hurbilduko gaituen elkarrizketa errazteko prest».

Espazio eta bide berriak

Adierazpena irakurri aurretik ere izan dira gogoan hartzeko hitzak. Bake Bideako presidente Anaiz Funosasenak, esaterako, Baionan bildutako milaka herritarrei eskerrak emanez, Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahernen berbak ere izan ditu gogoan, bultzatu nahi duten bake prozesuaren balioak nabarmenduz: «Ausardia, arriskuak hartzea eta bide berriak eraikitzea».

Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana ere mintzatu dira: bakearen artisauak. Besteak beste, preso eta iheslarien auzia konpontzeko eskatu dute; legea ezarriz aurrena, baina ohartarazita ezin dela «legea ezartzera» mugatu. Desarmatzeak erakutsi du, Berhokorigoinen hitzetan, «inteligentzia indarraren gainetik» dagoela. «Apirilaren 8ak espazio berriak irekitzen ditu», esan du, eta bizikidetzaren bidean sakontzera deitu: «Bestearen tokian jarri behar dugu. Bestearen aldapa igo, horrek agian indarra emanen digulako urrunago joateko».

Hunkigarria izan da Harold Good Ipar Irlandako apaiz protestantearen mezua ere, armagabetze prozesuaren «fede emailearena». Euskal presoak «etxera» ekartzeko eskatu du: «Madrili eta Parisi eskatzen diet, nire ahotsa ez, entzuteko zuen ahotsa».

Adierazpena eta hura babestu dutenen zerrenda, hemen: www.berria.eus

Informazio osagarria

Publizitatea