Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Gizarte zibila

Esku hartzeko eskubidea

'Gizarte zibila' kontzeptua hitzetik hortzera erabili da ETAren armagabetzearen harira, baina, zer da gizarte zibila? Adituen ustez, ez da esangura bakarreko terminoa, eta baditu argi-itzalak, baina herritarrek euren arazoetan zuzenean parte hartzeko bide eta moduak susta ditzake.

2017-04-08 / Gotzon Hermosilla

Luhuson (Lapurdi) izandako polizia operazioaren ostean atera zen argitara Michel Tubiana, Mixel Berhokoirigoin eta Jean Noel Etxeberri ekintzaileen eta ETAren arteko gutun bidezko harremana. «Armagabetzean engaiatzeko prest» zeuden hiru ekintzaileak, horrek bake prozesua blokeo egoeratik ateratzen lagunduko zuelakoan. Egoera aztertu ostean, azkenean ETAk «armagabetzearen ardura politiko eta teknikoa gizarte zibilaren esku uztea» erabaki zuen, eta hala jakinarazi zien hiru ekintzaileei.

Geroztik, txitean-pitean erabili da gizarte zibila terminoa, eta asko idatzi da ETAren armagabetze prozesuan gizarte zibilak izan duen edo izan behar duen eginkizunaz. Baina zer da gizarte zibila? Nortzuek osatzen dute? Eta, batez ere, nolako zilegitasuna du horrelako aferetan esku hartzeko?

EHUko irakasle Iñaki Barcenak dioenez, aspaldikoa da eztabaida Soziologian eta Zientzia Politikoetan kontzeptu horren inguruan: «Aditu gehienen arabera, gizarte zibila da estatua eta administrazio politikoa ez dena», azaldu du. Hots, alde batetik, botere politikoa egongo litzateke, eta, beste aldetik, esparru horretatik kanpo dagoen gizartea.

Baina, Barcenak dioenez, «dena ez da zuri edo beltz; grisak ere badaude». Esaterako, enpresa handiak biltzen direnean euren interes partikularrak defendatzeko, eta botere politikoari presioa egiten diotenean haien aldeko neurriak har ditzan, hori ere gizarte zibila al da? «Guk egiten dugun interpretazioaren arabera, gizarte zibila komunitate bateko interes publikoaren defentsan aritzen da, ez interes partikular batzuen alde. Guk, behintzat, korporazioak eta merkatuaren presio taldeak ez ditugu hartzen gizarte zibiltzat».

Alde horretatik, interpretaziorik errazena litzateke gizarte zibila herri mugimenduekin identifikatzea. Baina hor ere badago egin beharreko ñabardurarik, Barcenaren ustez: «Gizarte mugimenduak ere mota askotakoak dira. Gipuzkoan atez ateko zabor bilketaren kontra antolatu zuten mugimendu hori gizarte zibila al da? Teorian bai, baina argi dago hura alderdi politiko batzuen kanpaina izan zela. Horregatik, gai konplexua da».

Ñabardurak ñabardura, Barcenak uste du kontzeptua interesgarria izan daitekeela herritarren eta herritarrek osatutako antolakundeen parte hartze politikoa sustatzeko balio baldin badu: «Gizarte zibilean badaude pertsonak eta taldeak interes orokorraren alde aritzen direnak, eta hor lehenengo lerroan gizarte mugimenduak daude. Dinamika ekonomiko eta komertzialetik kanpo dauden subjektuak dira, kolektiboak eta norbanakoak, eta gizartearen aldeko ekinbideak bilatzen dituzte».

Mikel Zuloagak asko hausnartu eta teorizatu du gizarte zibilak arazo politikoetan esku hartzeko dituen moduen inguruan. Eta teorizatu ez ezik, teorizatutakoa gauzatu ere egin du behin baino gehiagotan; joan den abenduan, Grezian atxilotu zuten Begoña Huarterekin batera, botere politikoak hitzeman bai baina egiten ez zuena egiteagatik: Europara iritsitako errefuxiatuei laguntzea, hain zuzen.

«Asko sinplifikatuz, gizarte zibila sistematik eta estatuaren aparatuetatik autonomoak diren herritar antolatuak gara», azaldu du. «Gizarte eta herri mugimenduetan antolatzen da, eztabaidatu eta gainerako herritarrekin batera interes, ideia eta pasio komunak lortzeko».

Zuloagak dioenez, askotan esparru publikoa estatuarekin eta instituzioekin identifikatzen da, baina haren ustez harago doa: «Gizarte zibila arlo publikoaren ardatza da, komunitate aktibo eta antolatuaren parte hartze gisa ulertuta».

Maria Villellas Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bake Kultur Eskolako ikerlaria da, eta aditua generoan eta bakearen eraikuntzan. Dioenez, gizarte zibila kontzeptuak «ezer ez eta dena» adieraz dezake: «Horrelako kontzeptu lauso eta zabalak erabiltzean, kontuz ibili behar dugu. Gizarte guztietan daude emakumeak eta emakumeen elkarteak; batzuetan, gizonezko buruzagiak edo gizon-emakumeek osatu baina gizonezkoek zuzentzen dituzten erakundeak baino ez dira ikusgarri izaten gizarte zibilaz hitz egiten dugunean».

Azken finean, gizartea askotarikoa da, eta komeni da gizarte zibila ez hartzea «zerbait homogeneoa balitz bezala», Villellasek dioenez. «Gizartearen aniztasun horretan, emakumeen elkarteak daude; eta, aldi berean, emakumeen elkarteak ere askotarikoak dira».

Zilegitasunaren auzia

Eta gizarte zibilarentzat haizu al da berez botere publikoei dagozkien esparruetan sartzea, ikusten duenean botere publiko horiek ezin dutela edo ez dutela nahi arazo jakin baterako konponbidea aurkitu? Zuloagarentzat, behintzat, ez dago dudarik, eta gizarte zibilak hori «oinarri-oinarrizkoa» duela uste du: «Boterea baldintzatu, zuzendu, kontrolatu, ordezkatu; edozein botere, baita gure aldekoa ere. Beste mundu bat posible dela uste dugunok gizarte zibil indartsua behar dugu demokraziaren oinarri gisa».

Horixe adierazi nahi izan zuten errefuxiatuen aldeko mugimenduko ekintzaileek, Greziara joan, hitzetatik harago jo eta ekitea erabaki zutenean: «Adierazi nahi genuen saiatu beharra dagoela, ausartu egin behar dugula, ez dagoela aitzakiarik giza eskubideak bermatzeko, horretarako errefuxiatuen genozidioa sustatzen duten legeak hautsi behar badira ere. Erakutsi nahi genuen desobedientzia zibila tresna egokia dela boterea interpelatzeko, baina gizarte zibila ere interpelatzen duela, eta mugitzeko eskatzen digula, gobernuak mugitu arte zain egon beharrean».

Baina den-denek ez dute onartzen gizarte zibilaren zilegitasuna bestelako esparruetan parte hartzeko. Adibidez, aspaldikoak dira EAJ eta ELAren arteko desadostasunak, eta Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoekin, lan harremanen esparruarekin eta beste hainbat arlorekin dute zerikusia, baina talka horren arrazoietako bat da EAJk askotan ukatu diola ELAri sindikalismo hutsetik haragoko esparruetan eragiteko legitimitatea. Hori adierazi nahi zuen Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak ELAri aholkatu zionean «alderdi politiko bat sortu eta hauteskundeetara aurkezteko» politikan eragin nahi bazuen, edo Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, joan den martxoaren 27an ELAri «oposizioaren estatusa» ukatu zionean.

Barcenak uste du horrelako adierazpenen atzean «politikaren oso definizio estua» dagoela. «Alderdiak ez dira eragile politiko bakarrak. Mota askotako eragileak daude: interes taldeak, herri mugimenduak, sindikatuak eta abar. Urkulluk esan du ez diola onartzen ELAri oposizio politikoaren estatusa, baina bere bulegoan azpiegitura eta ekinbide ekonomikoen bultzatzaileekin bilerak egiten dituenean, eragile horiek ere, Iberdrola, BBVA, Repsol eta abar, eskakizunak egiten dituzte, lege aldaketak proposatzen dituzte, eta argi dago presioa egiten dutela».

Arlo askotan izan du eragina gizarte zibil antolatuak; gatazka armatuetan ere bai, nahiz eta horietan eragitea zailagoa eta, zenbaitetan, arriskutsuagoa ere izan. «Gizarte zibilak eta emakumeek bereziki lan handia egin dute gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzearen aldeko ideia sustatzen», azaldu du Villellasek. «Horretaz gain, garrantzi handia izan dute konponbidearen agendan bestelako gaiak agerrarazten: giza eskubideen ingurukoak, generoari lotutakoak eta abar. Lan handia egin dute eragile armatuei presioa egiten indarraren erabilera albo batera utz dezaten. Eta, azkenik, gatazkaren osteko faseetan garrantzi handia izan dute akordioak betetzen direla bermatzeko. Beraz, eginkizun handia izan ohi dute, gatazkaren fase guztietan».

Euskal gatazka armatuan ere, Villellasek uste du Ahotsak emakumeen taldea agertu izana «mugarri» izan zela gatazkaren bilakaeran. «Hala ere, uste dut oraindik asko falta dela gatazkak emakumeengan izan duen eragina eta emakumeek konponbidean izan duten eginkizuna ikusarazteko».

Gizartea eta desarmatzea

ETAren desarmatzeari dagokionez, aditu guztiek argi diote gaur egingo den urratsean berebiziko garrantzia izan duela gizarte zibilaren inplikazioak. Zuloagak ez du dudarik horretaz: «Horixe da bidea. Ezin gaitezke zain egon. Estatuak ez du irtenbiderik nahi, eta, beraz, gizarte zibilak estatua ordezkatu du. Gizarte zibila da desarmatzearen bermea, auziari hauteskunde etekina ateratzen tematzen direnen aurrean».

Zuloagak nahiago luke gaur egingo den urratsa lehenago egin izan balitz, uste baitu ekinbideak «ahalmen handiagoa» izango zuela horrela, «baina prozesu hauek denbora behar dute, eta ez dute norberak nahiko lukeen erritmoa. Orain, Gandhiren kontzeptua berreskuratu behar dugu: bakea ez da soilki indarkeriarik ez egotea —hori ere bai—; bakea zapalkuntzarik ez egotea ere bada. Orain, zapalkuntza desarmatu behar dugu».

Barcenak, berriz, uste du gizarte zibilak baduela gai honetan ere esku hartzeko eskubidea: «Gizarte zibilari ezin zaio ukatu bere ekinbide politikoak aurrera eramateko zilegitasuna, eta, nire ustez, politikari eta instituzioek lotsa sentitzen dute, euren eskuetan egon beharko lukeen afera euren eskuetan ez dagoelako».

Greziako saialdiak erakutsi zuen gauzak aldatzen ari zirela euskal gizarte zibilean parte hartze politikoaren moldeei dagokienez. ETAren armagabetzeak paradigma aldaketa ekar dezake arlo horretan? «Lehen, indarkeriari buruzko eztabaidak banatu eta mugatu egiten gintuen», esan du Zuloagak: «Ez dakit armagabetzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik, baina azken urteotan aniztasun handiko herri mugimenduen loraldia ari naiz ikusten; autobidea utzi eta bestelako xendrak urratzera abiatzen diren mugimenduak».

Publizitatea