Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea

Instituzio eta herritarren babesean gauzatuko da armagabetzea gaur

Etxegaraik agerraldi instituzional bat egingo du egiaztatzaileekin eta Luhusoko ekintzaileekin, Baionan, eta Urkullu eta Barkosen asmoa da prentsaurreko bat egitea egiaztatzaileekin, Donostian
Hiru lehendakariak eta haien aholkulariak, nazioarteko egiaztatzaileen koordinatzaileekin, asteazkenean, Arkautin.
Hiru lehendakariak eta haien aholkulariak, nazioarteko egiaztatzaileen koordinatzaileekin, asteazkenean, Arkautin. EUSKO JAURLARITZA

2017-04-08 / Jokin Sagarzazu

Gizarte zibilak eta Euskal Herriko hiru instituzio nagusiek zigilua jarriko diote ETAren armagabetzeari gaur. Iñigo Urkullu, Uxue Barkos eta Jean Rene Etxegarai lehendakarien sinadura eramango du, baina hiru agintariek ez dute batera sinatuko. 08:45ean agerraldi instituzional bat izango da Baionako herriko etxean. Han parte hartuko dute Euskal Elkargoko lehendakariak, Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideek eta Luhusoko ekintzaileek. Urkulluk eta Barkosek, berriz, prentsaurreko bat egiteko asmoa dute, baina ez dute zehaztu ordua eta lekua. Haiekin ere azalduko litzateke Ram Manikkalingam Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeko koordinatzailea.

Herritarrek ere izango dute aukera arrastoa uzteko, Bakearen artisauak plataformak deituta, Baionan. Egun osorako egitaraua prestatu dute, eta 15:00etan izango da elkarretaratze nagusia. Ahal den aniztasun soziopolitikorik handiena lortzen saiatu dira antolatzaileak. Ez da ospakizun edo festa bat izango, eta hitzeman dute «gatazkaren alde guziek pairatu dituzten sufrimenduak errespetatuz» egingo dutela.

Orain arte jakindakoaren arabera, pentsatzekoa da lehen orduetan izango direla «armagabetze operazioak» eta, beraz, Baionako agerraldi instituzionalaren aurretik egotea abian. Frantziako Estatuko autoritate ofizial batek jasoko du armategien kokapenaren berri —jakinarazi ez den modu eta ordu batean—, eta, horren ondotik, Poliziaren esku geratuko lirateke armak eta lehergaiak.

Atzo arte, erakunde publikoen artetik, Etxegarai zen Baionako agerraldi instituzionalean parte hartzea baieztatua zuen bakarra. Luhusokoek bertan egoteko eskaera egina zieten Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Asteazkenean, Urkullu, Barkos eta Etxegarai nazioarteko egiaztatzaileen koordinatzaile Manikkalingamekin izan ziren, Arkautin (Araba), Neiker-Tecnalia ikerketa zentroaren egoitzan, 20:00etan hasita eta lau orduz, Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak jakinarazi dutenez. ETAren armagabetzea «behin betikoa, baldintzarik gabekoa eta egiaztagarria» izatea eta «legaltasun bermeen esparruan» garatzea eskatu zieten batzordekoei. Azaldu dutenez, bilera horren helburua izan zen armagabetzearen eta aurrera begirako «berehalako urratsen» analisia partekatzea. Xede horiek lortze aldera, «gizartearen inplikazioa» ere baloratu zuten.

Gaur berriz bilduko dira Urkullu eta Barkos Manikkalingamekin, komunikabideen aurrean. Baina ez dira Baionako ekitaldietan izango. «Armagabetzeari dagokionez, Jaurlaritzaren egitekoa 10:30ean bukatuko da», esan zuen asteartean Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak. Nafarroako Gobernuak ere azaldu du ez dela Baionako ekitaldi publikoetan izango.

Jaurlaritzaren babesaz gain, Eusko Legebiltzarrarena eta Nafarroako Parlamentuarena ere jaso du du armagabetzeak. Adierazpen instituzionalak egin dituzte, eta, PP eta UPN salbu, gainontzeko alderdi guztiek babestu dituzte. Euskal Elkargoak batzarra egingo du gaur, 09:00etan. Gai zerrendan ageri ez bada ere, baliteke ETAren armagabetzea ere izatea hizpide.

Espainiako eta Frantziako gobernuek, berriz, ez dute armagabetzea modu zuzenean babestu, baina esana dute egiten utziko dutela. Espainiakoak atzo azpimarratu zuen ETAk ez duela ezer lortuko armak uztearen «truke». «ETAk desegin egin behar du», adierazi zuen Rajoyren gobernuko eledun Iñigo Mendez de Vigok. Espainiako gobernuburu ohi batek, Jose Luis Rodriguez Zapaterok —hura presidente zela utzi zuen bere jarduna ETAk, 2011n—, Rajoyri eskatu dio «Urkulluri kasu egiteko», eta ETAren «desagertzea» burutu ahal izateko «estrategia partekatzeko» harekin. PSOEko buru ohiaren arabera, «funtsezko» rola jokatu du Urkulluk Loiolako bake prozesutik, 2006tik.

Desarmatua jada

Gaurko ETAren armagabetzea «osoa, egiaztagarria eta egiaztatua» izango da. Hala esana dute bakearen artisauek. Armagabetze operazioak egingo dira, «Baionatik kanpo», eta horietan parte hartuko dutenen segurtasuna «bermatua» egongo da. ETAren armen %85 daude biltzeko, betiere joan den abenduaren 16an Luhuson (Lapurdi) eginiko armagabetze operazioaz arduratu zirenen arabera. Era berean, eta prozesuan inplikatuek esandakoaren arabera, operazioan parte hartuko dutenek ez dituzte armak suntsituko, ezta ukituko ere, eta, ustez, ez dira etxeetan egongo, Luhuson bezala.

Une hartan, bakearen artisauak deiturikoei atzeman zizkieten 29 arma labur, 9 eraso fusil, 12 metrailadore, 2 granada, 3.000 munizio baino gehiago, lehergailuak sortzeko osagai kimikoak (66 kilo inguru), 810 detonagailu eta beste.

Herenegun gauerdian, ETAk jakinarazi zuen dagoeneko «erakunde desarmatua» dela eta kontrolpean zituen armak gizarte zibilaren esku utziak dituela jada. Erresuma Batuko BBCri eman zion horren berri.

Informazio osagarria

Publizitatea