Konponbideari begira

Berriak

Oihartzun handia nazioarteko hedabideetan

2017-04-07 / Jon O. Urain

BBCk eman du bart albistea: "ETA: euskal separatistek larunbatean aldebakartasunez desarmatu asmo dute". Gauerdiko berria berehala barreiatu da euskal hedabideetan, paperean nahiz sarean, baina baita nazioarteko komunikabideetan ere.



BBC ez da izan Erresuma Batuan albistearen berri eman duen hedabide bakarra; Guardian egunkariak dio "ETA euskal talde separatistak arma guztiak emateko plana iragarri" duela. Daily Mail, Evening Standard eta beste batzuek ere jaso dute. Ameriketako Estatu Batuetako hedabide nagusiek ere plazaratu dute ETAren desarmatzea; Washington Post-ek nabarmendu du ETAk bere armategia eman duela, eta beste horrenbeste egin du New York Times-ek. Wall Street Journal-ek ere ildo beretik jo du izenburuan.



Frantzian, larunbatera begira jarri da Le Monde bere tituluan: "ETA euskal erakundeak apirilaren 8rako baieztatu du bere armagabetzea". Le Figaro-k, berriz, zabaldu du jada bitartekarien esku utzi dituela armak ETAk. Eta France24 telebista kateak zabaldu du "desarmatzeko asmoa baieztatu" duela ETAk.



Espainian, El País egunkariak artikulu ugari argitaratu ditu desarmatzearen harira. Batetik, nabarmendu du "jada erakunde armagabea" dela, eta, bestetik, egiaztatzaileek Frantziako agintariei emango dizkietela armak gordeta dauden zuloen kokapenak. El Mundo egunkarian, papereko edizioaren lehen orriko titulu nagusia izan da, zeharka, armagabetzea: "ETAk zigorgabetasuna eskatu dio Frantziari desarmatzearen aktoreentzat".



Beste herrialde batzuetan ere izan dute desarmatzearen berri; Irlandan, RTE telebistak argitaratu du asteburuan "erabat" armagabetuko dela ETA, eta, Australian, The Australian egunkariak dio ETAk desarmatu egingo dela iragarri duela. Israelen, PressTV kateak adierazi du "euskal separatistak beren borondatez armagabetu" direla. Ekuadorren, Telesur telebistaren titulua da "ETA euskal separatistak aldebakarreko armagabetzea" iragarri duela.



Beste batzuk:



Euronews



Ara

Publizitatea