Instituzio eta herritarren babesean gauzatuko da armagabetzea gaur
Etxegaraik agerraldi instituzional bat egingo du egiaztatzaileekin eta Luhusoko ekintzaileekin, Baionan, eta Urkullu eta Barkosen asmoa da prentsaurreko bat egitea egiaztatzaileekin, Donostian.
2017-04-08 / Jokin Sagarzazu
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bilkuraren helburua izan zen egoeraren eta ETAren desarmatzerako berehalako pausoen analisia partekatzea. Bilera horretan, hiru erakundeek esker ona adierazi zioten Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari egindako lanagatik.
20:00etan egin zuten bilera asteazkenean, Arkautin (Araba), Neiker-Tecnalia zentroan. Bileran izan ziren Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, Alvaro Baraibar Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaria eta Marc Amestoi Etxegarairen kabinete burua ere.