Konponbideari begira

Berriak

Erreakzioak

Gustura dira eragileak armagabetzearekin

Eusko Jaurlaritzak "tentuz jokatzeko" eskatu die gizarte zibileko kideei, eta iragarri du ez duela adierazpenik egingo armagabetzea egiaztatu arte.

Joseba Egibar, artxiboko argazki batean. / ©Jaizki Fontaneda, Argazki Press
Joseba Egibar, artxiboko argazki batean. / ©Jaizki Fontaneda, Argazki Press

2017-04-07 /

<strong>Eusko Jaurlaritza: "Tentuz jokatzeko" eskatu die Jaurlaritzak gizarte eragileei, armagabetzea amaierara arte heltzea ez oztopatzeko. Iñigo Urkulluren gobernuak iragarri du ez duela adierazpen ofizialik egingo ETAren agiriari buruz eta armagabetzeaz halakorik egiaztatu artean.



Jean Rene Etxegarai (Euskal Elkargoa): "Jaurlaritza prozesuaren zati da eta hori da garrantzitsuena. Ez du axola ekitaldietan parte hartzen duen edo ez. Bestalde, egoera oso desberdina da hegoaldean eta iparraldean. Ez dugu ahaztu behar ETAren biktima gehienak hegoaldekoak direla, eta hala ere aurrera egin dugu; inoiz entzun gabeko hitzak entzun ditugu gobernuetako ordezkarien ahotan".



Joseba Asiron (Iruñeko alkatea): "Biharkoa egun historikoa izango da. Duela 59 urte hasi zen jardun armatu bat desaktibatuko da behin betiko", esan du Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaur goizean ETAren agiriaren ostean. Gaineratu du Baionakoak berretsiko duela biolentzia politikoak, "testuinguru erabat desberdin batean sortu zenak", ez duela lekurik gaur egun eta lekuz kanpo dagoela. ETAren disoluzioa beharrezkotzat jo du eta ETA egiten ari den "prozesu ordenatuan" etorriko dela ziur dagoela esan du. "ETA ari da eman beharreko pausoak ematen, baina beste neurri batzuek lagundu behar dituzte, espetxe politikaren eta salbuespen epaitegien amaierak esate baterako". Espainiako Gobernuari heldutasun politikoa eskatu dio.



Joseba Egibar (EAJ): "Aurreikus zitekeen ETAk aurrera egingo zuela armagabetze prozesu horretan. Orain, ETAk bere historia justifikatu beharra dauka, herriak eskatuta sortu zela dio, eta hark armagabetuko duela, baina ez ziren herritarrak izan armak hartzeko esan zietenak, pertsona jakin batzuek sortu zuten". Pozik agertu da buruzagi jeltzalea armagabetze prozesua aurrera doalako, eta nabarmendu du horrek guztiak "dinamika berrietarako aukerak" zabalduko dituela, besteak beste, presoen egoeraz hitz egiteko. Dena den, ohartarazi du erakundea dela orain arteko egoeraren erantzule eta egiteko asko duela oraindik ETAk: "Bakea eta errespetua zor dio gizarteari".



Arnaldo Otegi (EH Bildu): "Erakunde armagabetua da dagoeneko ETA. Albiste ona da hori euskal gizartearentzat; albistearen zain ginen eta heldu da. Argi dago prozesu zaila izan dela, Frantzia eta Espainiako gobernuek egin dituzten polizia operazioen helburua delako hau ez gertatzea; hori izan da gaur arte hau posible ez izatearen arrazoia".



Rufi Etxeberria (Sortu): "ETA aspaldian ari da armagabetze prozesua egituratzeko bidea egiten. Hasieran Aieteko konferentzia heldu zenean prozesu hori beste era batera egingo zela pentsatu zuen erakunde horrek, baina azkenean gizarte zibilak hartu du protagonismo zuzena eta hark gidatu du agiri horretara iristeko bidea eta armagabetzera".



Eusko Alkartasuna: "Oinaze handia sortu eta inolako helbururik lortu ez duen estrategiaren amaiera ere ikusiko da bihar, hainbat erronka mahai gainean utziko dituena. Horietako bat da biktima guztiek behar duten egia, justizia eta erreparazioa lortzea".



Koldo Martinez (Geroa Bai): "Pozik hartu dugu ETAren azken komunikatua, baina are gustorago hartuko ditugu etortzeke dauden biak, alegia, bere iraganaren kontakizun kritikoa jaso beharko lukeena eta desgin dena iragarri beharko lukeena".



Lander Martinez (Ahal Dugu): Alderdia bihar Baionan izango dela iragarri du Martinezek. "Erne egongo gara ekitaldia festa bilaka ez dadin edo inork ETAri eskerrak emateko balia ez dezan. Bere komunikatuan ikus daiteke ETA galduta dagoela; baldintzarik gabe desegitea soilik geratzen zaio. Gizarteak ez dio onartuko erantzukizunak saihestea".



Patxi Lopez (PSE): "Behin betiko albistera, hau da, ETAren desegite eta desagertzera, gerturatzen gaituen edozein berri, ongi etorria da, eta, armagabetze baten bitartez egiten bada, hobe. ETA ez da gure bizitzen inguruan hegan dabilen mamu bat besterik, eta haren helburu bakarra desagertzea da, zenbat eta lehenago, hobe".



Laura Garrido (PP): "ETAren armagabetzea behin betikoa izango dela espero dut, eta Frantziak egiaztatuko duela, zuzenbide estatu bati dagokion moduan". Biharko ekitaldiarekin lotuta, berriz, Garridok zuhurtzia eskatu du: "Oraindik ez dakigu nola egingo den armagabetzea, ez zein den zuloen eta armen egoera ere".



Gobernuz kanpoko erakundeak: "Euskal Herrian elkartasunaren eta nazioarteko elkarlanaren harian lan egiten dugun erakundeok nazioarteko beste hainbat prozesu jarraitzeko aukera izan dugu, eta esan genezake Euskal Herrian gertatzen ari dena berezia dela alde horretatik. Izan ere, beste inon ez da gertatu erakunde armatu baten armagabetzea estatuen parte hartzerik gabe eta aurreko negoziaziorik gabe egitea. Horregatik txalotzekoa da bakearen artisauen ekinaldia, estatuek jarritako oztopoen gainetik, bakearen aldeko apustua egin duelako".

Publizitatea