Konponbideari begira

Berriak

"Batzeko unea da, elkarlanerakoa"

ETAren armagabetze prozesuaren egunak dira. Horrek aurretiko lanak izan ditu, eta gerorako ere utziko du zereginik. Haietaz guztietaz mahai ingurua egin du BERRIAk, Eguzki Urteaga eta Nekale Alzelairekin. Bideoa: Armagabetzeaz mahai ingurua Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakaslearekin eta Nekane Alzelai Foro Sozialeko kidearekin (BerriaTB).

[Youtube]https://youtu.be/fZ1EcAvKLJY[/youtube]

2017-04-07 /

Eguzki Urteaga Euskal Herriko Unibertsitateko soziologia irakaslea eta Nekane Alzelai Fori Sozialeko bozeramailea baikor dira gaurtik biharrera gertatuko denaz; ETAk "bakearen etsaien erasoaldien" arriskuez ohartarazi badu ere, ez dute halakorik espero, eragile askok hartu dutelako parte hona bidean.



Jakina da bihar ekitaldi instituzional bat egongo dela Baionan, goizean goiz. Baina, ez da jakin Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea bertan izango diren edo ez. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea bai, han izango da. Hiru euskal instituzioetako eragileak biltzeak garrantzia handia luke Nekane Alzerairen ustez, prozesuan parte izan direlako eta hari babesa erakusteko. Horregatik ez ezik "ahalduntze ariketa gisara" ere garrantzitsutzat jo du Urteagak: "Espainia eta Frantziako Gobernuei erakusteko ez ditugula behar".



Bakearen artisauen lana goretsi dute biek, nabarmenduz, haiek egin dutela posible ETAren armagabetzea. Gainera, Luhusoko bostak —Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Mixel Berhokoirigoin laboraria eta Mixel Bergouignan enpresaria eta Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea— zirenak izateak ere badu garrantzia, aurretik ibilbide zabala izan duten pertsonak direlako.



Eta hau guztia Ipar Euskal Herrian gertatzea ez da kasualitatea beraiek ustez. Urteagak azpimarratu duenez, aurretik elkarlanerako hariak josiak ziren han, eta Alzelaik gaineratu du hara ez dela iristen Espainiako Estatuaren errepresioa.



Armagabetzea amaituta egiteko asko daudela diote biek. ETA deseginda edo gabe, presoen eta iheslarien gaia dago batetik, eta hark lehentasunezkoa izan beharko lukeela uste du Urteagak. Alzelaik gaineratu du biktimen errekomozimendu eta erreparazioan egin beharreko lanarekin batera egin behar dela.



Aurrerantzean askatu beharreko korapilo horiek askatze lanetan, eragile politiko eta sindikalek ez ezik gizarte eragileak ere zeregin handia izango duela azpimarratu dute. Adostasunetara iristeko garaia dela diote, eta Euskal Herrian lortutako adostasunek ekarriko duela Espainiako eta Frantziako estatuak mugitzea. Gainera, Urteagaren ustez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak bereziki begiratu beharko liekete Ipar Euskal Herriko esperientziei, elkarlanerako kultura martxan jartzeko.

Publizitatea