Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira

Espainiari eta Frantziari armagabetzean laguntzeko eskatu die legebiltzarrak

EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemosek ETAri galdegin diote desarmatzea «osoa eta behin betikoa» izan dadila. PPk proposamenaren aurka bozkatu du
EAJren eta PSEren proposamenak gehiengoz egin zuen aurrera atzo. Irudian, bozketaren unea.
EAJren eta PSEren proposamenak gehiengoz egin zuen aurrera atzo. Irudian, bozketaren unea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-04-07 / Edurne Begiristain

Ezohiko argazkia utzi du Eusko Legebiltzarrean ETAren armagabetzeari buruzko eztabaidak: adostasunarena. Ez da erabatekoa izan, baina zabala izan da, oso. PPk salbu, talde guztiek babestu dute ETAren desarmatzea «alde bakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua» izatea, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei dei egin diete prozesua bururaino eramaten lagun dezaten. EAJk eta PSEk osoko bilkurara eraman duten legez besteko proposamenak EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoa jaso du: denera, 65 boto alde. PP, berriz, bakarrik geratu da, bera izan baita testuaren kontra bozkatu duen talde bakarra: kontrako bederatzi boto eman ditu.

Legebiltzarrak onartu duen testuak «mugarritzat» jo du ETAren armagabetzea indarkeriaren amaiera prozesu ordenatu eta behin betikoa lortzeko. Hori hala, ganberak ETAri eskatu dio «ahal den azkarren» egin dezala armagabetzea, eta prozesua «bakarra, alde bakarrekoa, osoa eta behin betikoa» izan dadila. Bestalde, testuan, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari galdegin dio jarraitzea helburu hori betetzeko «lan ona» egiten, eta ontzat jo du, halaber, ETAren armagabetzea lortzeko gizarte zibilak eta erakundeek erakutsitako inplikazioa.

Eusko Jaurlaritzari eta Madrili eta Parisi, berriz, eskaera bana egin die legebiltzarrak. Iñigo Urkulluren gobernuari eskatu dio jarrai dezala babesten «legezkoa eta segurtasun bermea» izango duen armagabetzea, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei, bestalde, dei egin die ETAren desarmatzea bururaino eramaten lagundu dezaten.

PP, bakartuta

Euskal gatazkarekin zerikusia duen gai batek oso gutxitan lortu du hainbesteko adostasuna Eusko Legebiltzarrean. Eta babes zabal horren garrantzia nabarmendu dute alde bozkatu duten taldeek. «Desbedinen arteko adostasuna» goraipatu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, eta, ebazpenaren formulaziotik harago, «testuinguruan eragiteko adierazitako borondate partekatua» nabarmendu du. Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak esan du legebiltzarrekoa ez ezik bezperan Hego Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal ia guztiek egindako adierazpena ere «bakerako aurrerapausoa» dela, eta PPri dei egin dio adostasunera batu dadin.

Gotortuta jarraitzen du, baina, PPk, Alfonso Alonso EAEko PPko presidentearen hitzaldiak agerian utzi duenez. Alonsok gogor kritikatu du EAJren eta PSEren proposamena: «Legebiltzarra umiliatzen duen astakeria demokratikoa da», esan du. Haren ustez, ETAren biharko desarmatzea erakundearen «errendizioaren antzezpena» baino ez da izango.

Ohartarazi du desarmatzearekin ez dela dena «amaituko», bide luzea egin beharko delako «ideologia erradikala» gizartetik desagerrarazteko. Gogoratu du «ETAren desarmatze soziala» ez dagoela amaituta, eta legebiltzar taldeei aurpegiratu die «zoru etikoa apaldu» izana EH Bilduri mesede egiteko. Bezperan eragile politiko eta sozialek armagabetzea babesteko eginiko argazkira ez ezik, legebiltzarreko akordiora ere ez da batu PP, baina Alonsok argi du bere alderdiak ez duela bere burua eztabaida politikotik at uzten. «Demokrazia suntsitu nahi dutenak baino ez dira geratzen bakartuta», erantsi du.

Aurrera begirako urratsak

Armagabetzea «albiste ona» dela azpimarratu dute EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek, eta ezinbestekotzat jo dute legebiltzarra prozesuarekin engaiatzea, hartara desarmatzea «alde bakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua» izan dadin. Armagabetzearen ostean eman beharreko pausoak hizpide izan dituzte taldeek eztabaidan. Guztiek uste dute bihartik landa lanean jarraitu beharko dela, baina ez dira bat etorri zein norabidetan egin behar diren urrats horiek.

Bi pauso eman beharko ditu ETAk ondoren, Joseba Egibar jeltzalearen irudiko: batetik, desagertzea, eta, bestetik, «eragindako sufrimenduagatik» barkamena eskatzea. «ETA da gure herriarekin zorretan dagoena, eta ez alderantziz. Bakea, errespetua eta barkamena ere zor dizkio herri honi», azaldu du. Bizikidetza eta normalizazio politikoa lortzeko lanean jarraitzea ere eskatu du Egibarrek.

Armagabetzearen ostean biktimen erreparazioa erdigunean jarri beharko dela azpimarratu du Jose Antonio Pastor sozialistak. Haren ustez, ETAk bihar entregatuko dituen armek balio beharko lukete argitu gabe dauden atentatuak argitzeko eta biktimen sendiak «euren zauriak itxi ditzaten» laguntzeko. Zentzu horretan ulertu behar da PSEren engaiamendua desarmearekin, haren esanetan. «Zuzenbide Estatuan arrakala txikienik ireki gabe eta legeak zehaztutako lekuan utzi behar ditu armak ETAk», esan du. ETAk entregatu behar ditu armak eta justiziaren ardura da horiek ikertzea, baina prozesu hori guztia «segurua» izan dadin «erantzukizun instituzionala» du legebiltzarrak, Pastorren ustez.

Bihartik aurrera «garai zahar bat itxi eta berri bat irekiko da», Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz. «Inflexio puntu batean gaude». Gogoratu du EH Bilduk Bakerako Euskal Konponbidea plana agirian lau bide jorratzea proposatu duela: biktimak, armagabetzea, preso eta iheslarien konponbidea eta desmilitarizazioa. «Armagabetzeari dagokiona agortuko da bihar, guztiz, eta espero dugu beste bideetan ere urrats definitiboak egitea».

PPren diskurtsoa gaitzetsi du Arzuagak, «iraganari begira dagoelako» eta bere burua adostasunetik at uztea egotzi dio PPri. Gainerako taldeek adostasuna lortzea berri ona bat dela nabarmendu du gero, eta itxaropena agertu du esanez «normalizazioaren alde» lan egiteko bidearen hasiera izatea espero duela.

Bihar Baionan ez dagoela ezer ospatzeko ohartarazi du, berriz, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. «ETAk ez du merezi gure aitortzarik», gaineratu du. Bihartik aurrera, baina, «indarkeriaren deslegitimizazio sozialean» eta «iraganaren berrikusketa kritikoan» aurrerapausoak emateko aukera zabalduko dela iritzi do Martinezek. Lan hori guztiek egin behar dute, eta indarkeria mota guztiak jorratu beharko dira, haren ustez. Martinezek azpimarratu du Espainiaren eta Frantziaren «eginbehar politikoa» zela armagabetzean laguntzea, baina «arduragabekeriaz» jokatzeagatik gizarte zibilak hartu behar izan duela lekukoa.

Informazio osagarria

Publizitatea