Konponbideari begira

Elkarrizketak

ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira. Ainhoa Aznarez. Nafarroako Parlamentuko lehendakaria

«Bizikidetzarako eta elkar ulertzeko esparru berri bat zabaltzen da»

Aznarezen ustez, «une historikoa» da ETAren armagabetzearena, eta «behar-beharrezkoa da» Baionan egotea. UPN, PP eta PSN etorkizunean «damutu» egingo direla dio; batez ere, sozialistak.

2017-04-07 / Joxerra Senar

Baionan izango da bihar Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko lehendakaria (Iruñea, 1979). Bere ustez, biharko ekitaldiak beste jokaleku bat irekitzen lagunduko du. Zentzu horretan, garrantzia berezia eman dio elkarbizitzaren esparruan eman beharreko pausoei. «Eginkizun galanta dugu aurrean».

Bost urteotan armagabetze prozesua blokeatuta izan da, eta gizarte zibiletik etorri da bultzada. Zer esan nahi du zuretzat?

Beti nabarmendu dugu gobernuek protagonismo berezia izan behar zutela aurrerapauso finkoagoak emateko. Hori ez dute egin, eta gizartea beti politikaren aurretik doa. Behin larunbateko eginkizuna beteta, helburua ez da eskatutakoari erantzutea. Helburua da gainontzeko egunetan eta urteetan bizikidetzan aurrerapausoak ematea. Honek baretuko du jokalekua eta bizikidetza eraikitzerakoan beste lerro batean ipin ditzake eskuineko alderdiak. Orain arte ikusi besterik ez dago non dauden Frantzian Le Penen alderdia edo hemen UPN eta PP.

Nolakoa izango da armagabetzea?

Ez dakit fisikoki nolakoa izango den. Ez naiz sekula halako egoera batean egon, baina behar-beharrezkoa da gizarte zibilak zerbait ikustea. Hor ditugu nazioarteko egiaztatzaileak eta eurek ezagutzen dituzte munduko beste zonalde batzuetan nola egin diren prozesu horiek.

Zergatik egongo zara?

Badugu marko politiko bat. Nafarroako Parlamentuan sinatu eta adostu genuen bost puntuko adierazpen instituzional bat. 2015ean sinatutako beste bi adierazpen ere baditugu. Adostasuneko ibilbide horretan, denek ez zuten parte hartu: PP eta UPN kanpoan geratu ziren nahiz eta azken uneraino ahaleginak egin. Horregatik behar-beharrezkoa da han egotea, ez soilik lehendakari moduan, baizik eta urte askotan egon naizelako bakea lantzen. Ahotsak mugimenduarekin adibidez.

Erakundeek zer funtzio jokatu behar duzue?

Erakundeok behar dugu gure eskuzabaltasun guztia adierazi. Beste erakunde batzuetako ordezkariak ere han egon daitezen espero dut, baina uste dut gure funtzioa sinbolikoa dela.

Hego Euskal Herriko alderdi eta sindikatu gehienok babesa adierazi zenioten prozesu horri. Zeren berme izango da?

Hedabide desberdinetan irakurri dudanez babes historikoa da. Hain erakunde desberdinak adostasunera iristeko, atzetik lan egin behar da: batzuentzat gutxieneko adostasuna izango da eta beste batzuentzat gehienezkoa, baina behintzat konfiantza eta erosotasuna azaldu dute. Gizartea ere helduagoa da. ETAk bere jarduerari uko egiteak ezberdinen arteko elkarrizketarako aukera hori zabaldu du eta asteazkenekoa horren isla da. Zoriontzekoa da.

Hala ere, argazki horretatik kanpo daude, UPN, PP eta PSN (PSEk bai sinatu zuen).

PSEko Rafaela Romero egon zen. Askotan alderdien gainetik pertsonak gaude, eta ezberdinen arteko elkarrizketarako ahalmen hori dugu.

Kezkatzen zaitu hiru alderdi horiek bakegintzan azaldu duten jarrerak?

Bai, UPN eta PP badakigu non dauden eta zertan dabiltzan. Sinboloekin eta euskararekin ari dira bere estrategia markatzen. Kezkatzen nau gehiago hemengo PSNk zer nolako erantzuna eman dion. Denbora pasa ahala galdera batzuk egingo dizkiote bere buruari: zergatik ez ginen argazki historiko horretan egon? Ziurrenik damutuko dira, momentu historikoa baita.

Apirilaren 8tik aurrera, zer?

Bizikidetzarako eta elkar ulertzeko esparru berri bat zabaltzen da. eta gainera jendeak hori eskatzen digu, ezberdinen arteko proposamenak lantzea. Oraingo Nafarroako Parlamentua eta Gobernua horren isla da. Lau alderdi desberdinek ibilbide bat jorratu eta landu dute, eta biztanleek dituzten kezka eta aldarrikapenei bide emateko aukera zabaldu dugu.

Publizitatea