Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira

Nafarroako Gobernua ez da egongo Baionako ekitaldi publikoetan

«Barkos egon behar duen lekuan egongo da», esan du Solanak. Aznarez parlamentuko presidentea Baionako ekitaldietan izango da
Uxue Barkos eta Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuan.
Uxue Barkos eta Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE

2017-04-06 / Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzak hartutako bideari jarraituko dio Nafarroako Gobernuak ere, eta ez du parte hartuko larunbatean Baionan ETAren armagabetzearen harira egingo diren ekitaldi publikoetan. Maria Solana bozeramaileak ez du argitu larunbatean Baionan egingo den agerraldi instituzionalean parte hartuko duen edo ez, baina berretsi du Uxue Barkos presidenteak konpromisoa duela desarmatzearekin. «Egon behar duen lekuan egongo da. Gobernuaren eta presidentearen konpromisoa da hori, eta gure gain hartzen dugun ardura». Nafarroako Gobernuko bozeramaileak gaineratu du armagabetzeaz «lehen eskutik» informatuta egon direla eta daudela.

Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezek, ostera, bakearen artisauek Baionan antolatu dituzten ekitaldi publikoetan parte hartuko du. «Han egoteko unea da», adierazi du. Aznarezen iritziz, egoerak eskatzen du arduraz jokatzea, eta, hargatik, etzi Baionan egongo da. «Herritarrek ikusi behar dute erakundeok batuta gaudela». ETAren armagabetzea «egiazkoa» izango dela ziurtatzeko modua da Baionan egotea, haren esanetan.

Eusko Jaurlaritzak herenegun iragarri zuen ez duela parte hartuko Baionako ekitaldi publikoetan. Ez bederen Baionan «10:30etik aurrera» antolatuta daudenetan. Josu Erkoreka bozeramaileak ziurtatu zuen ordu horretarako Jaurlaritzaren egitekoa amaituta egongo zela, baina ez zuen argitu lehenagoko agerraldi batean parte hartuko duen. Erkorekak atzo berretsi zuen ekitaldi batean edo bestean egotea ez dela garrantzitsuena. «Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntutik garrantzitsuena da armagabetzea hitzartutako baldintza batzuen arabera egingo dela». Erkorekaren iritziz, ETAren desarmatzea pauso inportantea iango da, «baina ez da azkena izango» indarkeriaren amaiera ordenatua lortzeko.

Publizitatea