Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira

Gatazkaren ondorioak gainditzeko ardura hartu dute eragileek

Hego Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal ia guztiek «sinesgarritasuna» eman diote ETAren armagabetzeari. Desarmatzea «albiste ona» dela azaldu dute, eta «arrakasta» opa diote
EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu, Geroa Bai, PSE-EE, Ezker Anitza, Ezkerra, EAEko Equo, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiruko ordezkariak, atzo, Bilbon.
EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu, Geroa Bai, PSE-EE, Ezker Anitza, Ezkerra, EAEko Equo, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiruko ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-04-06 / Gotzon Hermosilla

Hego Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu ia guztiak —PP, UPN eta PSN baino ez dira falta izan— agertu dira ETAren armagabetzearen inguruan analisia eta iritzia emateko, orain arte gutxitan ikusitako batasun irudia emanez. Armagabetzea «albiste ona» dela esan dute, eta hainbat mezu eta eskaera bidali dizkiete ETAri, Espainiako eta Frantziako gobernuei, Euskal Herriko instituzioei eta nazioarteko eragileei. Baina euren buruari ere jarri diote betebeharrik: «Hemendik aurrera, gure erantzukizuna da, organizazio politiko eta sindikalak garen aldetik, hainbeste hamarkadak utzitako ondorioak gainditzea».



Agerraldia egiteko aukeraturiko hoteleko aretoa (Bilbon) txiki gelditu da, eta ez soilki kazetari eta argazkilari ugari bildu direlako, agerraldiak pizturiko interesaren adierazgarri; horiez gain, Hego Euskal Herriko eragile politiko eta sindikal nagusietako ordezkariak ere batu dira ekitaldi jendetsura.



Han izan dira EAJko Andoni Ortuzar, EH Bilduko Arnaldo Otegi, EAEko Ahal Dugu-ko Nagua Alba, Nafarroako Ahal Dugu-ko Laura Perez, ELAko Adolfo Muñoz, Geroa Baiko Koldo Martinez, Ezker Anitzako Isabel Salud, UGTko Arantza Agote... PSE-EEko Rafaela Romerori eta LABeko Ainhoa Etxaideri egokitu zaie agiria irakurtzeko eginkizuna. Bideoa: prentsaurrekoa (Argazki Press)



[youtube]https://youtu.be/5Ao9k9wihU0[/youtube]



Sinatzaileen ustez, armagabetzea «lagungarri» litzateke euskal gizartean «iraganarekin lotutako epealdi bat ixteko» eta «orainaldi eta etorkizun fase batean aurrera egiteko», betiere biktima guztiak gogoan izanik eta «bizikidetza» oinarri hartuta.



Lagungarri ez ezik, «ezinbesteko urrats» eta «mugarritzat» ere jotzen dute agiriaren sinatzaileek «armagabetze atzeraezina, erabatekoa, aldebakarrekoa eta baldintza politikorik gabea». Horregatik, ETAren desarmatzea «albiste ona» dela deritzote, eta «sinesgarritasuna» eman nahi diote: «Espero dugu arrakastaz betetzea».



Armagabetzea gauza dadin hainbat pertsonak eta erakundek egindako lana aintzat hartu nahi izan dute eragile politiko eta sindikalek, eta «instituzio errepresentatiboak, egiaztatze erakundeak eta gizarte zibila ordezkatzen duten organizazioak artikulatzeari» egoki iritzi diote.



Agiriaren bukaeran, hainbat eskaera egin dituzte eragile politikoek eta sindikatuek; ETAri, «lehenbailehen» egin dezala «armagabetze ekitaldi bakarra, alde bakarrekoa, osoa, behin betikoa eta egiaztatua»; Espainiako eta Frantziako gobernuei, horretan lagun dezatela; instituzioei, jarrai dezatela gestioak egiten «legezko eta segurtasun bermeak izango dituen azken armagabetze ekitaldia babesteko», eta abar.



Baina gainerako eragileei egindako eskariak bezain garrantzitsuak dira agiriaren sinatzaileek euren gain hartzen dituzten konpromisoak. Gatazkaren ondorioak gainditzea euren «erantzukizuna» dela aitortu dute alderdi eta sindikatuek, eta arlo horretako «erronkak» ere aipatu dituzte: «Hitza armagabetzea, gure gorabehera zilegizkoak demokratikoki eta gizalegez bideratzea eta tirabirak kudeatzeko elkarrizketa eta negoziazioari balioa ematea».



PPren haserreaz



Hitzartuta zegoen bezala, agiria irakurri ostean alderdi eta sindikatuetako ordezkariek ez dute horren inguruko galderarik onartu. Ekitaldia hasi aurretik ere, EAJko Andoni Ortuzarrek eta EH Bilduko Arnaldo Otegik ez dute agiriaren gaineko ñabardurarik egin nahi izan, baina, kazetariek galdetuta, PPren haserreaz eman dute iritzia; izan ere, PPk ezinegona agertu du, eta azaldu du ez dutela gonbidatu ekitaldira.



Ortuzarrek eta Otegik esan dute ez dakitela PPri gonbidapenik helarazi ote zaion agiriaren eztabaidan eta ekitaldian parte hartzeko —ELA izan da ekinbidearen bultzatzailea— baina bi-biek kritikatu dute PPk arlo honetan duen jarrera: «PPk bat egingo balu Eusko Legebiltzarrean gai honen inguruan [gaur] onartuko den adierazpenarekin edo Bake eta Bizikidetza Batzordearen lanekin, hots, dagokion ardura hartuko balu, leku hobean egongo litzateke gainerakoei ardura eskatzeko», esan du Ortuzarrek.



Otegik, berriz, esan du PP «aspalditik» kokatu dela «herri honen errealitate politiko eta sozialetik at». Haren ustez, PPk «muturreko jarrerei» heltzen die eta «borroka antiterroristan ainguratuta» dago, ETAren jarduera armatua dela bost urte baino gehiago amaitu zen arren.



«Horrek onura politikoa ekartzen diola uste dute, baina egun, azken indar politikoa da Eusko Legebiltzarrean zein Nafarroako Parlamentuan», erantsi du Otegik. «Gaur, herriaren errealitatea dago hemen, eta PP, berriz, betiko lekuan dago, errealitatetik kanpo».



Sindikatuen sostengua



Ipar Euskal Herriko, Bretainiako, Korsikako, Kanakyko eta Frantziako zenbait sindikatuk agiri bat plazaratu dute, ETAren armagabetzeari eta arlo horretan bakearen artisauek egindako lanari sostengua emateko.



«Frantziako agintariei eskatzen diegu oztoporik ez jartzeko ETA guztiz desarmaturiko erakundea izan dadin», esan dute CFDT, LAB, CNT, Frantziako etaEuskal Herriko Solidaires, Sytrail, STC (Korsika), SLB (Bretainia), USTKE (Kanaky) eta beste zenbait sindikatuk.

Informazio osagarria

Publizitatea