Eta-ren armagabetzea
Dokumentala, eztabaida saioak eta elkarretaratzea larunbatean, Baionan
Bakearen artisauek "egun historikoaren" egitarauaren berri eman dute. Paul Bert plazan izango da "armagabetze eta bake prozesurako" bilkura, 15:00etan. 10:30ean, Bakea orain, Herriaren aldarria filmaren estreinaldia.
10:30: Bakea orain, Herriaren aldarria dokumentalaren estreinaldia, Thomas Lacoste zuzendariak egina (Atalante zinema gelan; Denis Etxeberri karrika, 7). Ondoren, eztabaida filmeko parte hartzaileekin: Louis Joinet (epaile ohia eta NBEko Giza Eskubideen batzordekidea), Jean Pierre Massias (Zuzenbide irakaslea eta Europako Kontseiluko aholkularia) eta Thomas Lacosterekin (filmaren egilea). Sartze librea —aurrez izena emateko aholkua eman dute: 0559-55 76 63—. Bake Bideak antolatuta.
12:00: Eztabaida (Karpapean, Roland Barthes zelaigunean): Joseba Azkarraga (Sare plataformaren bozeramailea eta Jaurlaritzako Justizia sailburu ohia), Aitzpea Leizaola (antropologoa eta Foro Sozial Iraunkorreko kidea) eta Philippe Texier (epaile ohia eta NBEko aditua). Bake Bideak antolatuta.
14:30: Bakea orain, Herriaren aldarria dokumentala. Euskarazko azpidatziekin (Paul Bert plazan).
15:00: Armagabetze eta bake prozesurako elkarretaratze handia. Paul Bert plazan —Baiona Ttipiaren ondoan, San Andres plaza gisa ezagutua—.
Laguntzaile deialdia eta diru ekarpena
Laguntzaile izateko, Artisansdelapaix.eus webgunean izena eman ahal da. "Oraino laguntzaile kopuru handiena bilatzen dugu, jadanik historikoa den egun horren antolaketan eta ongi iragatean parte hartzeko!", esan dute, ohar baten bidez, bakearen artisauek.
Aukera bada laguntza ekonomiko baten egiteko, helbide honetara igorriz: Association Hitzak 20, Cordeliers karrika, 64 100 Baiona; edo, zuzenean, Artisansdelapaix.eus-en eginez diru ekarpena.