Konponbideari begira

Berriak

Iragarpena nola iragarri

Frantziako Poliziak ETAren armak jaso aurretik instituzioek, gizarte zibilak eta nazioartekoek egingo duten agerraldiaren formatua erabat lotzeke dago. Urkulluk ez du esan egongo denik
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Gasteizen, <em>#UrkulluTopaketa</em> saioan.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Gasteizen, #UrkulluTopaketa saioan. ADRI�N RUIZ DE HIERRO / EFE

2017-04-01 / Enekoitz Esnaola

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren komunikazio taldeak duela astebete zioen hark hedabideei ez diela elkarrizketarik emango apirilaren 8an ETA armagabetu baino lehen, baina Urkulluk desarmatzeaz hitz egiten jarraitzen du, beste hitzordu batzuk baliatuta. Joan den astelehenean, enpresa batzuetako arduradunekin batera lanbide heziketa bultzatzeko lankidetza protokoloaren ekitaldia baliatu zuen gaiari buruz mintzatzeko, eta, atzo, #UrkulluTopaketa, hainbat herritarrek sare sozialen bidez egindako galderen saioa, armagabetzeaz itaunik egin ez zioten arren —saioa gidatu zuen kazetariak atera zion gaia—. Urkullu eta haren lantaldea ere, Jonan Fernandez Bizikidetza idazkari nagusia buru dela, ETAren armagabetzeari begira lanean ari dira, «erabatekoa, sendoa, aldebakarrekoa, egiaztatua eta legezkoa» izan dadin, eta Jaurlaritzaren lana balora dadila nahi dute. Bakearen artisauek herenegun zabaldutako oharrean zekarten «[hilaren 8ko] egunaren prestaketa nazioarteko adituekin, Euskal Herriko instituzio ezberdinetako ordezkariekin, alderdietako ordezkariekin, jendarte zibileko eragile ezberdinekin» landu dutela. Frantziako Poliziak armak jaso aurretik euskal instituzioek, gizarte zibilak eta nazioartekoek iragarpena jendaurrean nola komunikatu da erabat lotzeke dagoena. Astebete falta da armagabetze egunerako, eta, atzoko berrien arabera, oraindik ez dute adostu horren behin betiko formatua.

Jaurlaritzak sarri gogoratzen du 2014ko abendutik baduela ETAren armagabetzerako plan bat aurkeztua. «Zubi lana» egiten duela ere nabarmendu du. Kontua da eragile batzuekin elkarlanean aritu nahi duen, edo zenbateraino, batik bat gizarte zibilarekin. Lehendakariak uste du desarmatzearen gaia, delikatua delakoan, «diskrezioz» jorratu behar dela. Iritzi berekoa da Fernandez, eta, atzo zortzi El Pais-en adierazi zuenez, «zenbat eta zarata, espekulazio eta eszenografia gehiago egon, alboan zailtasun gehiago izango ditu ETAren armagabetzeak».

Norabide berean elkarrekin aritzeko lanean jarraitzen dute hiru erpinek, molde desberdineko bilerak eginez han eta hemen —Baionan, kasurako, mugimendu handia dago—. Jaurlaritzak esan du garrantzitsuena ez dela gaur zortzi Baionan egotea ala ez. Parte hartzen badu, kontua da nola: nork ordezkatuta edo zer formatutan. Gauza bera Nafarroako Gobernuaren kasuan. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak joan den astelehenean prentsaurreko batean iradoki zuenez, Baionan, arratsaldeko mobilizazioaz gain —«folklorea, erromeria», deitu zion—, beste agerraldi bat egongo da: «Nik lehendakariari entzun diodana izan da bera edo bere gobernuko norbait egongo dela armak uztearen momentuan, baina ez ekitaldi horretan [arratsaldeko mobilizazioan]». Urkulluk atzoko topaketan berriro zioen oraindik «lana» dagoela egiteko, eta uste du herritarrek ere diskrezioa eskatzen dutela. Oraingoz, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko burua da hiru euskal lehendakari instituzionalean artetik hilaren 8an Baionan egongo dela esan duen bakarra. Aipatu beste eragile guztien parte hartzea ziurtatuta dago.

Jaurlaritzak apirilaren 1, 3, 4, 5, 6 eta 7rako hitzorduak finkatuak ditu, haren Irekia.eus-eko Agendan ikus daitekeenez. Hilaren 8a hutsik dauka. Bilboko Metroko 3. linea inauguratuko dute orduan, Deia-k martxoaren 14an zekarrenez, eta kazetak zioen Urkullu irekiera ekitaldian egongo dela. Jean Noel Etxeberri Txetx-ek artean ez zuen ETAren desarmatzearen data iragarria Le Monde-n —handik hiru egunera eman zuen—.

Goiak, ospatzeko gogorik ez

Eneko Goia (EAJ) Donostiako alkateak ETB1en esan du ongi ikusten duela ETA armagabetzea, «pauso bat» dela iruditzen zaiolako, baina zehaztu du ez daukala «ospatzeko gogorik» eta ez dela hilaren 8an Baionan izango.

Bakearen artisauek herenegun eman zuten larunbat arratsaldeko ekitaldiaren izaeraren berri, eta haien prentsa oharrean ez da ageri festa bat edo antzekorik izango denik. Jakinarazi dute «armagabetze operazioak» Lapurdiko hiriburutik kanpo izango direla, eta «operazio horietatik arrunt kanpo» dagoen egitarau bat atondu dute Baionarako. 15:00etan, elkarretaratze bat izango da, erdigunean. Antolatzaileek «masiboa, plurala eta duina» izatea nahi dute, eta nabarmendu dute «gatazkaren alde guziek pairatu dituzten sufrimenduen errespetuan» egingo dutela. Egun berean, 10:30ean hasita, hitzaldiak izango dira hiriburuan bertan. Sare sozial bidez zabaldu duten afixak herritarrei aholkatu die norberak eramateko jatekoa; nolakotasunaren pista bat da.

Publizitatea