Konponbideari begira

Berriak

Armagabetzea «bermatua» dago, 'bakearen artisauen' arabera

Apirilaren 8an gauzatuko da, Baionatik kanpo. Lapurdiko hiriburuan egingo dituzte ekitaldi irekiak: elkarretaratze nagusia, 15:00etan
Ipar Euskal Herriko erakundeetako eta gizarte zibileko kideak, martxoaren 23an; Mixel Berhokoirigoin hizketan.
Ipar Euskal Herriko erakundeetako eta gizarte zibileko kideak, martxoaren 23an; Mixel Berhokoirigoin hizketan. I. M.

2017-03-31 / Jokin Sagarzazu

Apirilaren 8an, Frantziako Estatuaren esku utziko dituzte ETAren armak, horretan ari diren bakearen artisauek ziurtatu dutenez. Egun horretan egingo dituzte «armagabetze operazioak», Baionatik kanpo. Ez dute zehaztu nortzuk parte hartuko duten. Bai, ordea, pertsona horien segurtasun neurriak «bermatuak» egongo direla eta horren emaitza izango dela ETAren armagabetze «osoa, egiaztagarria eta egiaztatua».

Prozesu horretan parte hartzen ari diren gizarte zibileko ordezkariek —bakearen artisauek— eman dute horren berri, komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez. Azaldu dutenez, armagabetzea nola egin adostu dute «nazioarteko adituekin, Euskal Herriko instituzio ezberdinetako ordezkariekin, alderdietako ordezkariekin eta jendarte zibileko eragile ezberdinekin».

Horrekin batera, apirilaren 8an Baionan egitekoak diren ekitaldiei buruzko zenbait xehetasun eman dituzte. Iragarrita zegoen moduan, Lapurdiko hiriburuan egun osoko egitarau bat prestatu dute, «[armagabetze] operazio horietatik arrunt kanpo dagoen koadro edo esparru batean», azpimarratu dutenez. Herritar guztientzako irekiak izango dira ekitaldiak, eta horietan parte hartzera deitu dute.

15:00etan egingo dute elkarretaratze nagusia, Baionako erdigunean. Antolatzaileek nahi dute mobilizazio hori izatea «masiboa, plurala eta duina», eta azpimarratu dute «gatazkaren alde guziek pairatu dituzten sufrimenduen errespetuan» egingo dutela. Horrez gain, 10:30etik aurrera, Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako konponbide prozesuetan adituak diren zenbait pertsonak hitzaldiak emango dituzte, Baionan ere bai, baina ez dute tokia zehaztu. Datozen egunetan emango dituzte eguneko egitarauari buruzko xehetasun gehiago.

Konponbide integrala

Bakearen artisauek azken hilabeteetan egin dituzten «harreman askoren» eta Euskal Herriko eragileen arteko elkarlanaren emaitza da oharrean azaldutakoa, taldeko kideek beraiek adierazi dutenez. «Egunaren antolaketaren elementu ezberdinak hasieratik gure ekimena ezaugarritzen duten printzipioetan oinarrituz lantzen ditugu», berretsi dute.

Aurrera begira, azpimarratu dute «ETAren armagabetze osoak» balio behar duela gatazkaren konponbide integrala lortzeko, «ahalbidetu» behar duela «euskal gatazkaren ondorioen atal guzien konponbidean —presoak, erbesteratuak, biktimak, elkarbizitza...— aitzina egitea». Zehaztu dute hori gauzatu behar dela «gatazkaren alde guziak eta sentsibilitate politiko guziak errespetatzen dituen moldeetan».

Ipar Euskal Herriko erakunde eta alderdi nagusiek jada bat egin dute apirilaren 8rako deiarekin. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute baieztatu ordezkaritzarik bidaliko duten ala ez. Aurreko egunean, ekitaldia egingo du PPk, «ETAren errenditzea lortu duen gizarte zibilarekin batera». Ez du zehaztu non.

Bihar, Foro Sozial Iraunkorrak agerraldi bat egingo du Aieteko Jauregian, Donostian. Armagabetze prozesuaren balorazioa egingo dute taldea osatzen duten 17 elkarteek eta 14 norbanakoek.

Publizitatea