Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Azterketa

Armagabetzea, eta beste

'Bakearen artisauentzat' garrantzitsua da Frantziak ETAren desarmatzean parte hartzea, gero presoen auziari hobeto heltzeko. Parisek ez du oztoporik jarriko
Lehen lerroan, erdian, Michel Tubiana, Mixel Berhokoirigoin, Jean Rene Etxegarai eta Michel Veunac, gaur zortzi, Miarritzeko jardunaldietan.
Lehen lerroan, erdian, Michel Tubiana, Mixel Berhokoirigoin, Jean Rene Etxegarai eta Michel Veunac, gaur zortzi, Miarritzeko jardunaldietan. ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-03-25 / Enekoitz Esnaola

Armagabetzea, apirilaren 8an izan zen gaur zortzi kazeta honetako izenburua. Bezperan eman zuen Jean Noel Etxeberri Txetx gizarte ekintzaileak ETAri buruzko albistea, Le Monde-n, eta atzeneko astebete honetan berri hori izan da hizpide nagusia. Baina Etxeberrirentzat-eta afera ez da ETAren armagabetzea gauzatzea bakarrik; jarrera hori prozesu honetako lehen minututik argi azaldu dute Mixel Berhokoirigoinek, Michel Tubianak eta hirurek, ETAko zuzendaritza batzordeari estreinako eskutitza igorri ziotenetik. Euskal presoen auzia ere hor da, esan dutenez. Orain, ETAren armagabetzea tokatzen da, eta hori ongi atera dadila nahi dute, gatazkaren beste ondorioetan eragina izango duela iritzita. Eta ongi ateratzea da Frantziako Gobernuak —ere— parte hartzea; badirudi ez duela oztopatuko.

Iazko urriaren 3ko data dauka Etxeberrik-eta ETAri bidalitako lehen gutunak; Luhusoko (Lapurdi) operazioa baino bi hilabete eta erdi lehenagokoa da. «Bake prozesua blokeo egoeran» zegoela idatzi zuten, eta konponbide integral bati buruz aritu ziren. «Baionako eta Parisko adierazpenetan agertzen den bezala, armagabetzearen, preso eta iheslarien etxeratzearen, biktimen onarpenaren, eta Egia eta Adiskidetzea gisako batzorde baten plantan ezartzearen gaiek oldar berri bat bizi dezaten bermatu behar du». Orobat, «bake prozesua bere osotasunean aitzina» eraman beharraz jardun zuten. Joan den larunbatean ere, Miarritzen (Lapurdi), euskal presoen auzian konponbidea bilatu beharraz mintzatu zen Berhokoirigoin. Luhusoko atxiloketen ondotik Parisko epaileak baldintzapean aske uztean, berriz, adierazi zuen bakea ez dela atentatuak bukatzea; «prozesu orokor bat da. Lehenik, armagabetzearen etapa ongi egitea eskatzen du».

Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources gobernuz kanpoko erakundeko kideak Miarritzeko topaketan esan zuen «bakea lortzeko» hiru urrats behar direla: armagabetzea, desegitea eta gizarteratzea. «Azken hori da zailena». ETAren desarmatzea kostatzen ari da. 2011ko urrian jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik 2014ko otsailean egin zuen lehen ekinaldia. Baina, seguruenez, konplexuagoa eta luzeagoa izango da presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzeko prozesua. Armagabetzea gauzatzeak eragina izango du espetxe eremuan; are eragin handiagoa Frantziaren parte hartze positibo batekin egiten baldin bada.

Presoen auzia ere agendan

ETAren desarmatzea berehala gertatuko dela jakitun, eragile batzuk posizioak hartzen dabiltza. Azken aste honetan ez da armagabetzeaz soilik hitz egin: Jaurlaritzak zabaldu du Moncloari eskatu diola presoak gehienez ere Euskal Herritik 250 kilometroko distantzian egotea; ezker abertzaleak uztail bukaera arteko ekinaldi mobilizatzaile bat aurkeztu du —EPPK-k barne eztabaidan segitzen du—; eta Adeline Hazan Frantziako presondegien ikuskatzaileak jakinarazi du presoak urruntzeak urratzen duela senideekin harremana izateko eskubidea —asteazkenean argitaratu zuen 2016ko txostena—. Martxoaren 10ean, berriz, Foro Sozialak presoez eta iheslariez jardunaldi bat egin zuen, Donostian, eta maiatzean plazaratuko ditu ondorioak; gero, euskal eragile desberdinekin partekatuko ditu, «bide orri bat adosteko» asmoz.

Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea ere mintzatu da presoez, beste era batera: esan du ETA armagabetu arren Madrilen partetik ez dela aurreikusten espetxe politikan aldaketarik, desarmatzeak ezin duelako «preziorik» izan. Ordea, Espainiako Gobernuak EH Bilduren Kongresuko taldeari joan den urtarrilaren 30ean helarazi zion idatzizko erantzunak dio presoek erakunde armatua eta jarduera «terrorista» uzten badute, sakabanaketa «indarrik gabe» geratuko dela. Beraz, ETAk jardun armatua utzia du, eta orain armagabetzea burutzen badu, espetxe arloan aldaketak leudekeela-eta badira mugimenduak taula politikoan.

Baina orain, lehendabizi, armagabetzea. Foro Sozialak iazko urriaren 22ko topaketan bezala, askotariko inplikazioari buruz egin zuten azpimarrarik Tubianak, Berhokoirigoinek eta Etxeberrik iaz ETAri zuzendutako bigarren gutunean —2016-11-02—: «Indar eginen dugu gizarte zibileko ordezkari ezberdinekin, Euskal Herriko erakunde ezberdinekin eta nazioarteko eragileekin harreman baliagarrien sustatzeko». Armagabetzeari sostengu legala, politikoa, instituzionala eta soziala emateko, euskal instituzioek, gizarte zibilak eta nazioarteko eragileek elkarrekin aritzeko lanean dihardute.

Hiru lehendakariak

Apirilaren 6an, Eusko Legebiltzarrak babesa agertuko dio armagabetzeari, EAJren, PSE-EEren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoekin. Ikusteko dago zer rol jokatuko duen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak: soilik «solaskideen arteko zubi lana» egingo duen —besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuarekin modu «leial» batean arituz—, apirilaren 8an gizarte zibilarekin eta nazioarteko egiaztatzaileekin batera agertuko den, aurretik ekitaldi instituzional propio bat (ere) egingo duen... «Gutxienekoa da apirilaren 8an egotea ala ez», esan du Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak El País-en. Garrantzitsuena ETAren armagabetzea «legezkoa, behin betikoa eta trukerik gabekoa» izatea dela nabarmendu du. Urkulluren jokabideak eragina izango du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariarengan. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak argi azaldu du parte hartuko duela: «Bakearen artisauak ez ditugu bakarrik utzi behar. Guk ere arriskatu egin behar dugu». Apirilaren 8korako Euskal Elkargoaren babesa jasotzen saiatuko da Etxegarai.

Berhokoirigoinek azken hilabeteetan aurreratu izan ditu gauza gehiago. Abenduaren 22ko BERRIAko elkarrizketan iragarri zuen aurrerantzean ezingo zirela zortzi Luhuso egin —han ETAren armategiaren %15 inguru zegoen, gizarte ekintzaileek esan zutenez—. «Beste bide bat behar da». Hau da, ekinaldi bat, bakar bat. Apirilaren 8rako prestatu dutena. Oraingoz, Frantziako Gobernuaren parte hartzerik gabe ariko dira. Hortaz, «alde bakarrekoa» izango da, Berhokoirigoinek Miarritzen zioenez. Ez ei dute Parisen erantzunik, baina François Hollande Frantziako presidentearen gertuko kolaboratzaile Frederique Espagnacek esan du Bernard Cazeneuve lehen ministroaren adierazpena dela ihardespena. «Zuzenbide estatuaren arauak jarraituz armagabe daitezela. Justiziarengana jo, indarkeria utzi dutela esan, eta arma guztiak entregatu. Arma biltegiak eskuratzeko eskumena aginte judizialari dagokio», zioen joan den astelehenean Cazeneuvek, France Bleu irrati katean. Espagnacek ongi hartu ditu hitzok: «Parisek lehen aldiz baikorki hartu du [ETAren armagabetze] iragarpena». Bi aste falta dira apirilaren 8rako, eta uste du badela «lanik» egiteko. Miarritzeko saioan egotekoa zen Espagnac, baina azkenean ez zen agertu; herenegun bai Baionakora, eragileen prentsaurrekora.

Gaur hamabost, beraz, armagabetzea. Prozesu honetaz zerbait badakien lagun batek orain egun batzuk modu pribatuan zioen ordura artean egunero gerta daitezkeela «turbulentziak». Azkeneko astebetean ez da halakorik gertatu; ez publikoki, bederen. Espainiako Estatuak berak, oraingoz, ez du taula nahastu. «ETAk desarmatu nahi badu, ongi deritzogu, desarma dadila berehala, gehiago luzatu gabe», adierazi zuen Rajoyk asteazkenean Kongresuan, PSOEk galdera bat egin ostean. «Modurik onena da ETAk armen kokalekuari buruzko xehetasunak ematea, inongo negoziaziorik gabe, ordain politikorik gabe». Ez da horretan ETA. Beste kontu bat da Guardia Zibila zertan den; egin dezakeenaz edo egiteko gai denaz badago kezkarik bazterretan.

Armak suntsitu gabe

Turbulentziarik ez da, oraingoz, baina armagabetze prozesuak izan du bilakaerarik. Atzo Rajoyren antzeko adierazpenak egin zituen Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun Estatu idazkariak, eta eskatu zuen armak ez «manipulatzeko». Mezu igualtsuak heldu dira egunotan, Frantziatik eta. Tubianak Miarritzen aipatu zuen euren asmoa ez zela Luhuson armak puskatzea; hedabideek hala argitaratu zutela, baina hori gezurra dela. Luhusukoen eta ETAren arteko eskutitz esanguratsuetan, ordea, armak suntsitzeaz jardun zuten. Etxeberrik-eta: «Proposatzen dizuegu zuen armategiaren suntsiketa prozesua gizarte zibilaren ardura politikoaren esku uztea»; ETAk: «Jakinarazi nahi dizuegu ETA prest dela armen deuseztatzea edo erabileraz kanpo uztea eta armategiak desegitea [...]».

Egon da bilakaera bat terminoetan sikiera, eta, delitua saihesteko ez ezik, gizarte zibilak ez ditu armak ukituko. Fernandezek dio Jaurlaritzak ez duela armen suntsitzea babestuko. Parisek eta Madrilek ere ez, eta, logikaz, Europak ere ez —herenegun Bruselan zebilen Tubiana; ez du argitu zertan—. Gobernuen aldetik ETAren desarmatzeak nolabaiteko balekoa izan dezan, hori ere «zaindu» egingo dute bakearen artisauek; Berhokoirigoinek iragarri bezala, prozesua ez baitute armagabetzearekin bukatzerik nahi: «Gure konbikzioa da armagabetzea egiteko moduak ahalbidetuko duela ondoko etapak egitea ala ez. Ez bada ongi egiten, izpirituak ez dira prest izanen gainerako gai inportanteak tratatzeko: presoak, biktimak eta beste».

Publizitatea