Konponbideari begira

Berriak

Legebiltzarrak babesa agertuko dio ETAren armagabetzeari, apirilaren 6an

EAJk eta PSEk aurkeztu dute ekinbidea, premiaz eztabaidatzeko, eta EH Bilduk alde bozkatuko du. Jaurlaritzak dio «zubi lana» egiten jarraituko duela solaskideen artean
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, atzoko agerraldian.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, atzoko agerraldian. DAVID AGUILAR/ EFE

2017-03-22 / Edurne Begiristain

ETAren armagabetzeari babesa agertuko dio Eusko Legebiltzarrak, apirilaren 6an. ETA erabat armagabetu baino bi egun lehenago engaiatuko da desarmatzearekin legebiltzarra, gehiengoz. EAJk eta PSEk eramango dute eztabaida osoko bilkurara, eta aurrera aterako da, EH Bilduren babesa izango baitu testuak —oso litekeena da Elkarrekin Podemosek ere aldeko botoa ematea—.

Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek joan den ostiralean aurkeztu zuten legez besteko proposamena, hain justu ere, Le Monde Frantziako egunkariak ETA apirilaren 8an desarmatuko dela iragarri zuen egun berean. EAJk eta PSEk egun horretan erregistratu zuten ekinbidea legebiltzarrean, premiaz eztabaidatu zedin eskatuz. Bi alderdiek premiazko prozedura erabili zuten ETA guztiz desarmatu baino lehen eztabaidatu nahi dutelako testua. Mahaiak, atzoko bileran, tramiterako onartu zuen proposamena, eta, urgentziaz tramitatuz gero, apirilaren 6ko bilkuran eztabaidatu eta onartuko da.

Bost puntu ditu legez besteko proposamenak. Lehen puntuan, Eusko Legebiltzarrak ETAri eskatzen dio «ahal den azkarren» egin dezala armagabetzea, eta prozesua «bakarra, aldebakarrekoa, osoa eta behin betikoa» izan dadila. Bestalde, EAJk eta PSEk Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari galdegin diote jarraitzea helburu hori betetzeko «lan ona» egiten, eta ontzat jo dute, halaber, ETAren armagabetzea lortzeko gizarte zibilak eta erakundeek erakutsitako inplikazioa. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote jarrai dezala «legezkoa eta segurtasun bermea» izango duen armagabetzea babesten, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei, berriz, dei egin diete ETAren desarmatzea bururaino eramaten lagundu dezaten.

EH Bilduren aldeko botoa ziurtatuta dauka EAJren eta PSEren proposamenak. Hala iragarri du koalizioak ohar batean. Jakinarazi duenez, EH Bilduk armagabetzea babesteko Jaurlaritzari proposatutako testu bat dago legez besteko proposamenaren oinarrian. EH Bilduk ezagutzera eman du ETAren armagabetzea «errazteko» proposamen bat helarazi ziola Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizkidetza Idazkaritzari martxoaren 9an —EAJk eta PSEk proposamena aurkeztu baino astebete lehenago—. Koalizioaren arabera, bost puntuko adierazpena proposatu zion Jaurlaritzari, eta testu hori da, ia termino berdintsuetan, EAJren eta PSEren legez besteko proposamenaren edukia. Hori hala, alde bozkatuko duela iragarri du EH Bilduk, gai horretan «arduraz jokatzea eta ahalik eta adostasun zabalena lortzea» garrantzitsuena dela iritzita.

Jaurlaritza, bitartekari

17 egun falta dira ETA armagabetzeko, eta egun horri begirako beste deialdi bat egingo dute bihar bakearen artisauek, Baionan. Pertsona ezagunek egingo dute biharko agerraldia, baina ez dute argibide gehiago emango apirilaren 8an egingo denaz.

Data horri begira, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du ETAren armagabetzearen aurrean «zubi lana» egingo duela prozesuan inplikatuta dauden solaskideen artean, «orain arte egin duen bezala». Hiru helburu bete nahi ditu gobernuak zubi lanarekin, Josu Erkoreka eledunaren arabera. Batetik, armagabetze prozesuaren «irizpide nagusiak» errespetatuak izango direla bermatzea; bestetik, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin unean uneko egoera zein den ebaluatzea; eta, azkenik, prozesuari babes instituzionala ematea.

Erkorekak azaldu duenez, Urkullu lehendakariak «leiltasunez eta argitasunez» jokatuko du Espainiako Gobernuko presidentearekin, eta armagabetzeari buruzko «informazio nabarmen guztia» jarriko du haren esku. Mariano Rajoyk gaur izango du hizpide ETAren armagabetzea Kongresuan, PSOEk gobernuaren kontrol saioan galdetuko baitio gaiaren inguruan.

Publizitatea