Konponbideari begira

Berriak

Armagabetzea ez oztopatzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak

Erkorekak dio ez duela trukerik ekarri behar espetxe politikan. Otegiren iritziz, Jaurlaritzak ez du eman «egoerak eskatzen zuen mailarik»
Josu Erkoreka Jaurlaritzako eleduna, Iñigo Urkullu lehendakaria alboan duela, legebiltzarrean.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako eleduna, Iñigo Urkullu lehendakaria alboan duela, legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARP

2017-03-21 / Joxerra Senar

Gobernuei eskatzen zaie armagabetzea ahalbidetu dezatela». Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak espero du Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAren armagabetze operazioa onartuko dutela eta, ondorioz, ez dutela oztopatuko. Radio Euskadiri emandako elkarrizketan, zehaztu du armategien kokapenari buruzko informazioa helaraziko diela ETAk Frantziako arduradun judizialei. «Haiek erabakiko dute zer egin». Erkorekaren arabera, horren guztiaren berri eman zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari iragan astean, eta ez du zalantzan jarri haren borondatea. Frantziako Gobernua, aldiz, Bernard Cazeneuve lehen ministroaren ahotik mintzatu zen atzo. France Bleu irratiari esan zion «erraza» duela ETAk: «Justiziarengana jo, indarkeria utzi dutela esan, eta arma guztiak entregatu». Eta hori guztia «zuzenbide estatuaren arauak errespetatuz».

Erkorekaren hitzetan, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak azken aste eta hilabeteetan «bazetorrenaren inguruan» harremanak izan ditu eta informazioa bildu du. Horrek eraman du Jaurlaritza ondorioztatzera «oraingoan sinesgarria eta benetakoa» dela. Elkarrizketa horietan Jaurlaritzak solaskideei azaldu die zeintzuk izan behar diren armagabetzearen irizpideak, «eta horietako bat argi eta garbi da ez duela trukerik egon behar».

Arlo horretan zehaztu du armagabetzeak ez duela espetxe politika aldatuko: «Auzia ez da nik ematen dut zuk eman dezazun. Trukerik eta baldintzarik gabeko operazioa izango da». Dena den, zehaztu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera ez dela aldatzen espetxe politikaren inguruan: «Zerikusia du gehiago legediarekin, gizatasunarekin, aukera baliatzearekin eta indarkeriaren amaiera txukun bat egin asmoz estrategia diferente bat egitearekin».

Erkorekaren iritziz, beste irizpide garrantzitsu bat litzateke prozesua «legezkoa» izatea. «Arma horiek delituak egiteko erabiliak izan zitezkeen eta arma horiek uzteak ez du esan nahi suntsitzea edo manipulatzea». Bere ustez «akatsa» litzateke epaile frantziarrei ikertzea galaraziko dieten txatar bihurtutako arma batzuk ematea.

Jaurlaritzarekin kritiko

Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiari deigarria egin zaio alderdi batzuentzat iragarpena «albiste txarra» izatea. Catalunya Radion eskainitako elkarrizketan aipatu duenez, sektore politiko batzuk ez dute bake agendarik, «erosoago» baitzeuden ETA aktibo zegoenean. Bere irudiko, armagabetze prozesua «desobedientzia ekintza da», euskal gizartearen esku baitago eta bertan ez baitute esku hartzerik Espaniako eta Frantziako gobernuek.

Armagabetzeak espetxe politikan aldaketarik ekarriko al duen galdetuta, Otegik onartu du auzia «bereziki sentikorra» dela, baina espero du jokalekua aldatuko dela, nahiz eta Madrilek «jarrera immobilista» azaldu. Eusko Jaurlaritzarekin kritiko azaldu da, «ez baitu egoerak eskatzen zuen maila eman».

PPko Alfonso Alonsoren irudiko, iragarpena albiste ona da, «ETAren likidazio prozesua oso aurreratua dagoela erakusten duelako». Bere ustez, ETAk estrategia aldatu behar izan du: «Uste zuten armagabetzearekin propaganda egiten jarraituko zutela, baina ez die balio, mugitzen ziren bakoitzean Guardia Zibilak zapuzten baitzien saio oro». Alonsoren arabera, Rajoyk ez du esan armagabetzea ahalbidetuko duela: «Ez dago halakorik. Hemen legea bete behar da. ETAk armak utzi behar ditu eta desegin, eta desegiten denean legea aplikatuko da».

Covite biktimen elkarteak, berriz, ez du sinesten ostiraleko iragarpena. «Talde terrorista soilik segurtasun indarrek garaitu dezakete», aipatu zuen Consuelo Ordoñez eledunak. Orain arteko guztia «antzerkia» dela deritzo.

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzordean, Ahal Dugu-k gutxieneko testu bat hitzartzeko aukera proposatu du, baina ez dute testurik aztertu. Geroa Baik «ezinezko» ikusten du guztiak ados jartzea. EH Bilduren ustez, «arazorik egon behar ez lukeen tokian arazoak jarri nahi dituzte batzuek». PSNk espero du apirilaren 8an agiri bateratu bat izatea.

Publizitatea