Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Erreakzioak

Urkullu: «Jaurlaritzak bere esku dagoen guztia egingo du bururaino eramateko»

Otegik «arduraz» jokatzeko eskatu die gizarte zibilari, nazioarteari eta instituzioei. Armagabetzea bermepean egiteko eskatu dute alderdiek

2017-03-18 / Edurne Begiristain

ETAren armagabetzea epe laburrean egiteko aukerari «sinesgarritasuna» eman dio Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. Jaurlaritza jakitun zen erabaki hori etor zitekeela, eta, lehendakariak azaldu duenez, orain arte urrats hori egin zedin laguntzen aritu da gobernua, inplikatutako aldeei armagabetzea gauzatzeko eman beharreko pausoez bere iritzia emanez. Hala, armagabetzea bururaino eramateko Jaurlaritzak «bere esku dagoen guztia» egingo duela ziurtatu du lehendakariak, nahiz eta erantsi duen «guztia» ez dagoela bere esku.

Premiazko agerraldia egin du Urkulluk eguerdian, Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, Le Monde egunkariak zabaldutako informazioa baloratzeko. Jaurlaritzaren izenean agiria irakurri du lehendakariak komunikabideen aurrean. Erabakiak «balio historikoa» duela esan du, eta gaineratu «baldintzak» egon badaudela ETAren armagabetzea bururaino eramateko. Hori hala izanik, instituzio guztiei dei egin die, bereziki Espainiako eta Frantziako Gobernuei, «heldutasuna» erakusteko eta «komunikazio bide zuzenak» izateko Jaurlaritzarekin.

Eragile guztiei arduraz jokatzeko deia egin die, halaber, Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak. Donostian deitu du presako agerraldia Otegik. Albiste «oso ona» dela azpimarratu du Sortuko buruzagiak, eta gaineratu frogatzen duela ezker independentista lanean ari dela bakea sendotzeko. Hiru protagonista beharko lituzke armagabetze prozesuak, bere ustez: gizarte zibila, nazioarteko eragileak eta Euskal Herriko hiru instituzioak. Arduraz jokatzeko eskatu die denei: «Guztiei eskatzen diegu egoerak eskatzen duen mailan egoteko prozesu hau bururaino eramateko».

Otegik uste du armagabetzea «askoz lehenago» egin zitekeela, eta ez bada egin izan dela Espainiako eta Frantziako estatuek ez dutelako nahi izan. Horregatik, eskaera egin die bi gobernuei: «Laguntzeko ez badaude ere, oztoporik ez dezatela jar».

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak, berriz, «konpromisoa» azaldu du desarmea ahalik eta azkarrena aurrera eramateko bere esku dagoena egiteko. Prozesu hori «zorroztasunez» egin behar dela gaineratu du, eta adierazi «oraingoan» egiazkoa izatea nahi lukeela, «euskal gizarteak halaxe nahi duelako».

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak ere hizpide izan du. Azpimarratu du hautetsiek ezin dutela ardura beste batzuen esku utzi, eta bat egin behar dutela gizarte zibilarekin. «Bake prozesuaren momentu erabakigarri batean gaude, eta hautetsiek ez dute ardura beste baten gainean utzi behar».

EBB: «Fidagarria da»

Bestalde, EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarraren izenean Joseba Egibarrek azpimarratu du albiste «ona» dela eta osagai nahikoak dituztela esateko armagabetzea «fidagarria, alde bakarrekoa, atzeraezina eta osoa» izango dela. «ETAk jarduera eten zuenetik bost urte baino gehiago igaro diren honetan, badirudi prozesu fidagarri eta egiaztagarri baten aurrean gaudela».

PSErentzat, berriz, armagabetzearekin batera desegiteak etorri beharko luke. Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak azpimarratu du hori «legez», «berme guztiekin» eta «segurtasunez» egin behar dela.

Lander Martinez Elkarrekin Podemos taldeko bozeramailearen iritziz, gizarte zibila «eragile aktiboa» izan da indarkeriari aurre egiteko, eta bakearen bidea jorratzen lagundu izana nabarmendu du. Espainiako Gobernuari armagabetzearekin engaiatzeko eskatu dio Martinezek, haren «betebehar politiko eta morala» delako.

EAEko PPren presidente Alfonso Alonsok, ostera, PPren diskurtsoari eutsi dio. Adierazi du ETAren armagabetzea «amaituta dagoen talde baten porrotaren azken atala» dela. «ETAren betebeharra da armak entregatzea, desegitea eta justiziarekin kolaboratzea da», erantsi du.

UPNrentzat ere«pauso berri bat da ETAren porrotean». Javier Esparza presidenteak ETAri galdegin dio desegitea eta biktimei barkamena eskatzea.

Publizitatea