Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Iragarpena�

Instituzioak, gizarte zibila eta nazioartea elkarrekin aritzeko saiotan dabiltza

Bi estatuen jarreraren aurrean, ETAren desarmatzeak babes politikoa, instituzionala eta soziala izatea ezinbestekotzat jo dute hainbat eragilek
Ipar Euskal Herriko hautetsi ugari, joan den abenduaren 23an, Baionan, Luhusoko operazioaren ostean.
Ipar Euskal Herriko hautetsi ugari, joan den abenduaren 23an, Baionan, Luhusoko operazioaren ostean. I. MIQUELESTORENA

2017-03-18 / Enekoitz Esnaola

Nazioarteko bitartekariek ere esaten dute ez dagoela aurrekaririk munduan: erakunde armatu batek armagabetu nahi, eta haren esparruko gobernuak/gobernuek lagundu ez horretan. «Sinestezina iruditzen zait egoera hau izatea», zioen iazko urrian BERRIAn Brian Currinek. Egoera horren aurrean, Currinek ohartarazi zuen Euskal Herrian egon behar duela «bake prozesuaren grabitate zentroak». Ordurako lan batzuetan bazebiltzan hainbat euskal eragile. Jean Noel Etxeberri Txetx gizarte ekintzaileak apirilaren 8rako iragarri du ETAren armagabetzea, eta, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera itxia dela ikusita, desarmatzeak sostengu legala, instituzionala, politikoa eta soziala izatea ezinbestekotzat jo dute hainbat eragilek. Nazioarteko bitartekariekin batera ere jardun nahi dute. «Erpin» guztien artikulazioren bat lortzeko saiotan dabiltza. Orain arte, Ipar Euskal Herrian aritu dira bateratuen.



ETAk 2014ko otsailean nazioarteko bi egiaztatzailerekin armagabetzeko jendaurreko lehen ekinaldia egin zuenetik, nazioarteko eragileak publikoki kasik desagertuta egon dira. Geroztik, Euskal Herriko gizarte zibilak hartu du protagonismorik handiena; batik bat, iaztik. Foro Sozialak joan den urteko urtarrilean egin zuen III. topaketa ?bake prozesua «blokeatuta» zegoela iritzi zion orduan?, eta otsailean plazaratutako ondorioetan ETA armagabetzeko tresnak sortzera dei egin zien Euskal Herriko gobernuei. Berehala izan ziren Eusko Jaurlaritzaren eta Foro Sozialaren hartu-emanak, eta hari hori ez dute inoiz eten. Foro Sozialak aurreratu zuen garrantzitsua iruditzen zitzaiola NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin ere harremanetan egotea.



ETAri eta eragileei deia



Iazko urriaren 22an Donostian, Aieteko jauregian egindako jardunaldian beste jauzi bat eman zuen Foro Sozialak ?izaera iraunkorra hartu zuen, gainera?: «ETAk euskal gizartearekiko, eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialekiko armagabetze prozesu bat abiatu behar duela deritzogu, helburu batekin: erabateko eta behin betiko armagabetzea gauzatzea», esan zuen, batetik, eta, bestetik, nabarmendu armagabetze prozesuan «arduradun instituzionalen, alderdien, gizarte eragileen eta nazioarteko komunitatearen parte hartzea» beharko dela.



Atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, Uxue Barkos Nafarroako Gobernukoak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargokoak ETAren armagabetze prozesua amaitzeko prestasuna agertu zuten.

Informazio osagarria

Publizitatea