Konponbideari begira

Berriak

Itxaropenerako eskubidea

Europak euskal presoen «bizi guztiko zigorra» indargabetu dezakeela azaldu du Iruinek, Donostian, IV. Foro Sozialean. Euskal Herrian akordio plural bat eskatu du Azkarragak. Bideoa albiste bukaeran.
Iñigo Iruin, Laura Pego, Teresa Toda eta Rafa Sainz de Rozas, atzo, Foro Sozial Iraunkorrak Donostian antolatutako topaketetan.
Iñigo Iruin, Laura Pego, Teresa Toda eta Rafa Sainz de Rozas, atzo, Foro Sozial Iraunkorrak Donostian antolatutako topaketetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-03-11 / Enekoitz Esnaola

Egoerarik zailenean dauden euskal presoen aurrerabide posible baterako argudiorik eman nahi izan du Iñigo Iruin abokatuak, Donostian, IV. Foro Sozialean egin duen hitzaldian, Itxaropenaren eskubidea aipatuta. «Europako jurisprudentziak eskatzen du bizi guztiko zigorra duten presoen zigorrak berrikusi egin behar direla 25 urteko kartzelaldia bete baino lehen. Espainiako espetxe erregimenak ez du berrikusteko aukera ematen, baina jokabide horren aurkako epaiak badaude Europan».



Gaur egun, EPPKn ia 350 kide daude, eta Iruinek zehaztu du zigor luzeak dituzten presoen etorkizunak sortzen diola kezka handiena, Espainiako Estatuko legedia «salbuespenekoa» dela jota —«salbuespen erregimen modura hartu behar da, eta, hor, salbuespen legedia dago»—. 7/2003 legean jarri du begia. «150 preso baino gehiago daude lege horren eraginpean, eta haien egoera ez da ondo ezagutzen. Azken batean, bizi guztiko zigorra ezartzen diete, eta Espainian txikiak dira lege zirrikituak». Baina defendatu du «fase honetan ekarpen juridikoak egitea inoiz baino beharrezkoagoa» dela.



2003an onartu zuten aipatutako legea, Espainiako Gobernuan PP zegoela. Indarrean segitzen du, eta Iruinek uste du Europak eskaintzen duela aukera indargabetzeko. «Estrasburgok ez du debekatzen bizi guztiko zigorra, baina une jakin batean berrikusteko eskatzen du». Besteak beste, Alemaniako bi kasu gogoratu ditu, hango Itxaropenaren eskubidea aipatzeaz gain: bizi guztiko bospasei zigor zituzten bi lagun 25-26 urtera aske geratu ziren. Hungaria ere zigortu izan du Europak, berrikuspena 40 urtera zuelako.



'Sakabanaketa' ez erabili



Hor du, beraz, begia abokatuak. Baina egin du bestelako azpimarrarik hitzaldian, aretoan dauden politikariei mintzatuta —«asko daude, gainera»—: eskatu die espetxe politika salatzean «hitzak ondo aukeratzeko». Izan ere, adierazi du Estrasburgoko auzitegiarentzat presoaren sakabanaketa ez dela urraketa, baina bai izan daitekeela urruntzea; batez ere, presoa familiarengandik urruti badago eta horrek familia harremana zailtzen badu. Beraz, Iruinen iritziz, «sakabanaketa hitza sobera dago ikuspuntu juridiko batetik».



Laura Pego abokatu eta EHUko irakasleak eta Rafa Sainz de Rozas EAEko arartekoaren lantaldeko kideak ere hartu dute parte Legediaren erradiografia eta salbuespeneko neurriak mahai inguruan. Pegok «justizia trantsizionala» goratu du, eta esan du horren eredurik onena Ipar Irlandako bake prozesukoa dela. «Helburua bakea eta zuzenbide estatua egonkortzea da». Sainz de Rozasek salatu du «politika antiterroristak oinarrizko eskubideen murrizketa» ekarri duela —Iruinen tesiarekin bat egin du—, eta uste du legedia «zuzendu» behar dela; gaur egun, kasurako, espetxe arloan. ETAren bukaerak ere lagunduko lukeela iritzi dio. «Bizikidetzarako balio demokratikoak» aldarrikatu ditu.



EPPK: «Bide orri zehatza»



Agente guztien artean adostutako bide orri bat sortzea mahai ingurua ere egin dute, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia kontseilari ohiak, Jule Goikoetxea EHUko irakasleak eta Xantiana Cachenaut abokatuak. Konponbiderako «guztiek ahalegin bat» egiteko eskatu du Azkarragak; ordea, zehaztu du lehenik Euskal Herrian akordio plural bat behar dela. Goikoetxeak gizarte zibilaren egitekoa aldarrikatu du, «ardatza baita», baina «subjektu berriak» sortu behar direla aldarrikatu du. Hala, emakumeen parte hartzea eskatu du. Cachenautek Ipar Euskal Herrian askotariko eragileen artean egindako lanaren berri eman du.



EPPK-k ere eman du iritzia, bideo batean. Adierazi du «kartzelak husteko bide orri zehatza» egin behar dela. Prest azaldu da bidea euskal gizartearekin eta instituzioekin batera egiteko.



Foro Sozial Iraunkorrak hemendik pare bat hilabetera plazaratuko ditu jardunaldiaren ondorioak, eta «udarako» lortu nahi du presoei eta iheslariei buruzko «bide orri partekatu bat» instituzioekin eta EPPKrekin.



Euskal preso eta iheslariei buruzko Foro Sozialean izan dira, besteak beste, Joseba Egibar (EAJ), Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), Rufi Etxeberria (Sortu), Pili Zabala (Elkarrekin Podemos), Anaiz Funosas (Bake Bidea), Juan Mari Olano (euskal preso ohia), Xabier Anza (ELA) eta Paul Rios (Lokarri-ko koordinatzaile ohia). EPPK-k IV. Foro Sozialean zabaldutako bideoa.



[youtube]https://youtu.be/SdiwbHWcFiY[/youtube]

Publizitatea