Konponbideari begira

Berriak

EUSKAL PRESOAK

Aske geratu da Arantza Zulueta, 20.000 euroko bermea ordaindu eta gero

Auzitegi Nazionalak eman du abokatu presoa aske uzteko agindua; hura Puerto III.ko espetxera iristean geratu da libre.

Arantza Zulueta, aske geratu berritan. ©/ @etxeratelkartea
Arantza Zulueta, aske geratu berritan. ©/ @etxeratelkartea

2017-02-25 /

2014ko urtarrilean atxilotu zutenetik, behin-behineko espetxealdian izan dute Arantza Zulueta abokatua: epaiketarik gabe, urrunduta eta bakartuta. Hiru urteren ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo jarri zuen egoera hori amaitzeko bidea: 20.000 euroko bermea ordainduz gero, kartzelatik ateratzeko aukera eman dio Zuluetari. Abokatua Cadizko Puerto III (Espainia) kartzelan dute, Euskal Herritik 1.000 kilometrora baino gehiagora.

Goizean ordaindu dute bermea, Zuluetaren abokatu Alfonso Zenonek jakinarazi duenez. Efe berri agentziak Auzitegi Nazionaleko iturriak aipatuz zabaldu duenez, Carmen Lamela guardiako epaileak emana du jada presoa askatzeko agindua. Arratsaldeko lehen orduan geratu da libre, Zenonek BERRIAri baieztatu dionez.

Behin libre, Zuluetak hamabostero aurkeztuko du gertuen duen epaitegian, eta ezin izango du Espainiako Estatutik irten.

Otsailaren 13an eskatu zuen Zuluetaren defentsak hura aske uzteko, eta, fiskaltzaren iritziaren aurka, Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 3. sekzioak onartu egin du eskaria. Besteak beste, kartzelan eduki duten denboran ihes egiteko arriskua txikitu egin dela adierazi dute epaileek.

Publizitatea