Konponbideari begira

Berriak

Etxean nahi dituzte ama eta alaba

Sara Majarenas aske uzteko eskatu dute manifestazio jendetsu batean. Espetxealdia malgutu diote eta haurrarekin egongo da zaintza zentro batean, Madrilen. Askatasuna lortzeko urrats gisa dute abokatuek
Porrotx pailazoa, haurrez inguratuta, atzoko manifestazioaren buruan.
Porrotx pailazoa, haurrez inguratuta, atzoko manifestazioaren buruan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-03-03 / Jokin Sagarzazu

Poza bai, baina ez erabatekoa. Hori Donostiako kaleetan atzo eginiko manifestazio jendetsu eta koloretsuaren deitzaileek eginiko balorazioa. Modu baikorrean hartu dute Sara Majarenas presoak bere alabarekin batera jarraitu ahal izatea, zaintza zentro batean, baina nabarmendu dute etxean nahi dituztela biak, Euskal Herrian. «Hori lortu arte jarraituko dugu lanean. Gizartea gurekin dago. Ate guztiak joko ditugu, eta mobilizatzen jarraituko dugu». Tomas Majarenas presoaren aitak ere nabarmendu du jarraituko dutela «hasierako» gauza bera eskatzen. «Etxean nahi ditugu biak». Sara eta Izar.

Urtarrilaren 15ean, haurra labanaz zauritu zuen bere aitak, kartzelatik ateratzeko baimen bat baliatuta. Espetxean jaio zen umea, eta amarekin bizi Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak), Donostiatik 695 kilometrora. Atzo, 3 urte bete zituen haurrak, eta legeak hala behartuta, espetxea utzi behar zuen. Baina elkarrekin jarrai dezaten erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaile Jose Luis Castrok. Madrilgo zaintza zentro batera eramatekoak dira, ahalik eta lasterrena. Atzo eta gaur arteko gaua elkarrekin igaro dute.

Plataformako kideentzat, albiste ona da ama eta alaba banandu ez izana. Azpimarratu dute, baina, Madrilen egoteak haurra bere familia ingurunetik eta kultura girotik urruntzen dutela. Era berean, gogoratu dute zaintza zentroan ez direla «aske» izango.

Majarenasi «malgutu» egin diote espetxealdia, espetxe Araudiko 100.2 artikulua ezarri diote. Horren arabera, beste gradu batzuetako presoek dituzten aukerez baliatu ahal izango da —euskal presoei lehen gradua ezartzen diete, kasu gehienetan—. Presoaren abokatuek baldintzapean aske uzteko eskaera egina dute, eta hori lortzeko urrats gisa hartu dute gradua malgutzea.

Epaileak erabakia hartzeko orduan kontuan hartu du Picassenteko espetxeko zuzendaritzaren txosten mediko bat, besteak beste. Ama eta alaba elkarrekin egotea beharrezkoa dela dio, umea «egoera zahurgarrian» dagoelako. Epailearen arabera, zaintza zentroan jaso ahal izango dute behar duten babesa. Nabarmendu du «ezohikoa» dela gertaturikoa.

Era berean, eta berri agentzien arabera, Majarenasek otsailaren 6an idatzitako eskutitz bat ere hartu du kontuan epaileak. Idazki horretan Majarenasek egindako mina aitortzen duela dio agentziak. Epaileak nabarmendu du azkenetan dela Majarenasen zigorra —datorren urteko apirilerako dauka irteera data, eta zigorra osorik beteko du—, ez duela beste zigorrik eta jarrera ona erakutsi duela kartzelan.

Kalean eta instituzioetan

Epailearen erabakia jakin ostean, atzo arratsaldean, ehunka herritar irten ziren kalera ama eta alabaren askatasuna galdegitera. Martxaren lehen lerroan haurrak joan ziren, jai giroan, Porrotx pailazoaren leloak oihukatuz eta trikiti eta batukadaren erritmoan.

Goizean, Majarenasen askatasunaren aldeko plataformak bilera erronda egin zuen Eusko Legebiltzarreko alderdiekin. Guztiekin bildu ziren; presoaren eta haren alabaren egoeraren berri eman zieten eta Majarenas aske uzteko eskaerarekin bat egiteko eskatu.

Informazio osagarria

Publizitatea