Konponbideari begira

Berriak

Foro Sozialak udarako lortu nahi du presoen eta iheslarien auziko bide orri partekatua

IV. Foro Soziala egingo dute ostiralean, Donostian, euskal presoei eta iheslariei buruzkoa. Jardunaldiko ondorioak eragileei aurkeztuko dizkie, «akordio biltzaile bat» taxutzeko

2017-03-04 / Enekoitz Esnaola

Duela lau urteko martxoko I. Foro Soziala emankorra izan zen, urte bereko abenduan EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, haren ondorioak kontuan hartuz, legedia garatzeko prestasuna agertu baitzuen adierazpen garrantzitsu batean. Bide horrek ez zuen eman zezakeena eman, eta EPPK-k joan den abenduan iragarri zuen 2013ko adierazpeneko ildoa «berritzeko» asmoa duela, «eraginkor» izateko. Baina ohartarazi zuen bide hori euskal gizartearekin batera egin nahi duela. Datorren ostiralean izango da IV. Foro Soziala, Donostian, oraingoa euskal presoei eta iheslariei buruz hain zuzen, eta Foro Sozial Iraunkorrak esan du udarako bide orri partekatu bat osatu nahi duela.

Lehengo urtarrilean iragarri zuen «metodologia parte hartzailea» jorratuko zuela eragileen artean bide orri bat adosteko. Ordutik, bilerak izan ditu ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin; hainbat legelari eta unibertsitateetako Zuzenbidea irakaslerekin; Sare, Etxerat eta Bagoaz elkarteekin; eta Kalera Kalera eta Ireki ekimenekin. Halaber, ekarpenak eskatu dizkie EPPKri eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari. Datorren asteko topaketaren ostean ondorioak aterako ditu, eta euskal instituzioekin ere partekatu nahi ditu; azkenean, erakundeen, gizarte zibilaren, eta iheslarien eta presoen artean taxutzeko bide orri bat. Hala jakinarazi du Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideak, Donostian, ostiraleko jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoan. Aitzpea Leizaola taldekidearekin batera izan da agerraldian. EHUko Ibaetako campusean izango da topaketa, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, arratsaldez. Ipar Euskal Herrian, udazkenera atzeratu dute, Frantziako Presidentetza bozak daudelako aurki.

Besteak beste, bi mahai inguru egingo dituzte Donostian: Legediaren erradiografia eta salbuespeneko neurriak eta Agente guztien artean adostutako bide orri bat sortzea. «Euskal Herrian akordio biltzaile bat» lortu nahi du Foro Sozialak, eta «2017ak urte erabakigarria izan behar du arazo hau bideratzeko». Baina salatu dute «blokeoak» daudela oraindik ere, eta horiek «gatazkaren ondorioen konponbide integrala» eragozten dutela. Oztopoen artean aipatu dute 7/2003 legea. «Horren ondorioz, abokatuek uste dute azkeneko presoa 2054an aterako litzatekeela».

Hala ere, baikor agertu dira Leizaola eta Hernan. Uste dute urteotan egin direla «ekarpenak» batetik eta bestetik: Jaurlaritzaren Hitzeman eta Zuzen Bidean programak aipatu dituzte; EPPK-ren 2013ko adierazpena eta oraingo eztabaidako txostena; Parot doktrina-ren aurka Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia; edota 2014ko Baionako adierazpena. «Nahiz eta Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera ez den aldatu, egungo egoera gainditzeko indarra eta borondatea badaude Euskal Herrian».

EPPK-k eztabaidako idatzian beharrezko ikusi du «kartzelak husteko estrategiak borroka zein diseinu politikoa, instituzionala, soziala eta juridikoa» behar dituela. Datozen hilabeteetan espero da kolektiboak eztabaida bukatzea. Foroak azaldu du haren epeak errespetatu egingo dituela.

«Kezka» armagabetzeaz

Armagabetzeaz berriki Eusko Jaurlaritzaren eta David Pla ETAko ordezkariaren hitzek sortutako polemikak «kezka handia» sortu dio foroari, Hernanek adierazi duenez. «Lasaitasuna» eskatu die eragile guztiei.

Bizikidetzarako «oinarri sendoak» eraikitzeko, Foro Sozialeko kideak funtsezko jo ditu ETAren armagabetzea, «biktima denen» aitortza, eta presoen eta iheslarien auzia «ondo konpontzea», «azken batean, [indarkeriarik] gehiago ez izateko».

Informazio osagarria

Publizitatea