Konponbideari begira

Berriak

«Bake erreala» lortzeko ekintza plana aurkeztu du EH Bilduk

'Bakerako Euskal Bidea' «zehaztu», eta 68 neurri proposatu ditu koalizioak. «Behin betiko bakea» lortzeko baldintzak badaudela diote
Bakerako Euskal Konponbidea aurkezteko EH Bilduko kideen agerraldia, atzo, Donostian.
Bakerako Euskal Konponbidea aurkezteko EH Bilduko kideen agerraldia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-01-29 / Hodei Iruretagoiena

Bizikidetzaren erronka etorkizunean bizikidetza hori hautsi ahal izango duten arazoei aurre egitean datza». Horixe jaso du EH Bildu koalizioak Bakerako euskal konponbidea agirian. Ekintza plan bat dela azaldu dute, 68 neurri jasotzen dituena, hiru ataletan banatuta: Memoriadun iragana, Orainaldi baketsua eta Bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna. 2015eko apirilean, Bakerako Euskal Bidea dokumentua aurkeztu zuen koalizioak, eta «borondate oneko adierazpen hori zehaztu» egin dute orain, Julen Arzuaga legebiltzarkideak azaldu duenez. Izan ere, normalizazio politikoa eta «behin betiko bake erreala» lortzeko baldintzak badaudela aintzat hartuta, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia dela nabarmendu dute.

Donostian elkartu dira EH Bilduko kideak, Nestor Basterretxearen Bakearen usoa eskulturaren aurrean. Arzuagaz gain, bertan izan dira, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia, Arkaitz Rodriguez, Pello Urizar, Jon Iñarritu, Ikerne Badiola eta Julen Mendoza. Koalizioko kideen iritziz, ETAk jardun armatua utzi zuenetik, biktimen aitortzan, erreparazioan eta enpatian aurreratu da zerbait, baina gutxi beste gaietan —zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera, ETAren armagabetzea eta desmilitarizazioa—. Arzuaga: «Gure asmoa da arlo horiek guztiak orekatzea».

Memoriadun iragana izeneko atalean, biktima guztiak aitortu, erreparatu eta errehabilitatzea nahi dute, eta kontakizun inklusibo bat gailentzea. Memoria historikoan, besteak beste, 1977ko Espainiako Amnistia Legea indargabetzea, Egiaren Batzorde bat sortzea eta memoriaren inguruan ari diren erakundeen kontseilu iraunkor bat sortzea proposatu dute. Memoria garaikideari dagokionez, berriz, biktimak aitortu eta erreparatzeko legeria osatu bat bultzatzea, biktimen arteko gogoeta gune zabal eta iraunkorrak sustatzea, eta Nafarroan ere Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzea (Gogora).

Herritar eta eragileei deia

Orainaldi baketsua izeneko atalean sartu dituzte, besteak beste, ETAren armagabetzea, zigor eta espetxe politika eta Espainiako indar armatuen desmilitarizazioa. «Giza eskubideak urratzea eragiten duen zirkunstantzia oro konpontzea» da helburua, eta, besteak beste, «salbuespenezko» politikak indargabetzeko neurriak proposatu dituzte.

Azkenik, Bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna izeneko zatian, berriz ez gertatzeko bermeak proposatu dituzte. Bizikidetza «gehiengo demokratikoen errespetuan» oinarritu behar dela deritzote, eta akordio bat bultzatu nahi dute horretarako, asmo sozial eta politiko guztiak «inposaketarik eta ezein indarkeria motara jotzeko mehatxurik gabe» garatu ahal izateko. Bizikidetzara heltzeko, arlo guztietako eskubideak bermatu beharko direla azaldu dute, «horien arragoa gisa», autodeterminaziorako eta bakerako eskubideak aipatuta.

Arzuagak esan du ekintza horiek denak gauzatuz gero lor litekeela bake eta bizikidetza normalizatuko agertokia. Plana irekia dela nabarmendu, eta parte hartzera deitu ditu herritar, eragile eta erakundeak: «Guztion artean bakarrik lortuko dugu».

Publizitatea