Eragile politiko, sozial eta sindikalek behin baino gehiagotan erabili duten ideia izan da: mendeku politika. Gainditu beharreko kontzeptu gisa definitu dute denek, Sarek deitutako manifestazioa abiatu baino lehen. Giza eskubideak errespetatzea besterik ez delako, euren arabera. Denetariko eragileek babestu dute Bilboko kaleak bete dituen martxa.
URTZI ERRAZKIN
Etxerat elkarteko bozeramailea
«Ezinbestekoa da giza eskubide guztiak errespetatzea»
«Euskal gizarteak bake justu eta iraunkor bat nahi duenez, ezinbestekoa da giza eskubide guztiak errespetatzea. Senideok espero dugu gure eskubideak ere bete daitezen, merezi dugulako egoera honi buruz iraganaldian hitz egitea, oraindik ere, zoritxarrez, ezin dugulako halakorik egin».
ROSA RODERO
ETAren biktima
«Presoekin legea bete dezaten borrokatzen naiz ni»
«Ni giza eskubideengatik izan naiz mobilizazioan, presoen eskubideak aldarrikatzen ari garelako, eta, batez ere, presoak bere etxe ondoan egoteko duen eskubidea. Esan izan da nik manifestazioan amnistia orokor bat defendatu dudala, baina nik ez dut halakorik esan. Presoekin legea bete dadin borrokatzen naiz ni, eta euren familiek atseden apur bat har dezaten».
MADDALEN IRIARTE
EH Bilduko legebiltzarkidea
«Azal dezatela zergatik jaso behar duten zigorra senideek ere»
«Deialdiak giza eskubide guztiak aldarrikatzen ditu, eta horregatik aldarrikatzen ditu preso dauden pertsonen eskubideak ere. Ariketa bat ere eskatu nahiko nuke, begiratu diezaietela hona etorri diren familiartekoei begietara, eta esan diezaietela zergatik egin behar dituzten astero-astero milaka kilometro, eta zergatik jaso behar duten beraiek ere zigor hori».
ARKAITZ RODRIGUEZ
Sortu alderdiko bozeramailea
«Ordezkari batzuk Bilbon baleude, sakabanaketak hurbilago luke amaiera»
«Sakabanaketa amaitu egin behar da, eta preso gaixoak kalera atera behar dira. Baina, horrez gainera, preso politikoak kalera atera behar dira, eta errefuxiatuak eta deportatuak etxera itzuli. Konponbide oso batek eskatzen du herriaren desmilitarizazioa, biktima guztien aitortza, preso guztien kaleratzea eta gatazkaren oinarri politikoei heltzea. Txalogarria da dozenaka milaka herritarrek erakutsi duten jarrera, eta jarrera hori kontrastean dago agintari publiko eta instituzional batzuenarekin. Manifestazioan egon izan balira, askoz hurbilago legoke sakabanaketaren amaiera eta gatazkaren konponbidea. Luhuson izan zen aliantzak erakusten du gizarte zibilak eta herritarrek eta tokiko instituzioek esku hartzen dutenean posible dela estatuen gerra estrategia pitzatzea».
ALICE LEIZIAGEZAHAR
Berdeak-eko kidea
«Bi gobernuak gutaz trufatzen dira euskal presoak urrun bidaliz»
«Ezin dira gauzak horrela utzi, bi gobernuak gutaz trufatzen dira euskal presoak urrun bidaliz. Besteak libre uzten dituzte zigorraren erdia egin ondoren, eta horiek denbora osoa gelditzen dira preso. Ezin dira gauzak horrela utzi».
PELLO URIZAR
EA alderdiko idazkari nagusia
«Espetxean dauden gizonek eta emakumeek ere eskubideak dituzte»
«Manifestazioaren helburua ez da ETAko presoen defentsa, baizik eta espetxean dauden pertsonen eskubideen defentsa egitea, haiek ere Espainiako legediak onartutako eskubideak dituztelako. Baina, erabaki politiko baten ondorioz, ez zaizkie eskubide horiek bermatzen. Gero eta nabarmenagoa da Eusko Legebiltzarrean gauden bost alderdietatik lauk garbi ikusten dugula sakabanaketa gaindituta dagoen zerbait dela. Eta herriari eskatu behar zaio bultzatzen jarrai dezala presoen eskubideak bermatu arte».
REBEKA UBERA
Aralar alderdiko idazkari nagusia
«Presoak kartzelatik ateratzen ez diren artean, borrokatu behar dugu»
«Presoen eskubideak bete eta presoak kartzelatik ateratzen ez diren bitartean, borrokatu behar dugu. Ahal den guztia egin behar dugu presoen eskubideak defendatzeko, preso izateaz gain pertsonak ere badirelako. Gure eginbeharra da, eta, guztien artean, borrokatu behar dugu gizarte aske bat eraikitzeko».
ADOLFO MUÑOZ
ELA sindikatuko idazkari nagusia
«Estatuaren espetxe politika mendeku politika da»
«Espetxe politika, estatu mailan, mendeku politika da. Historian estatuaren gerra zikinean parte hartu duen ekintzaile bakar bat ere ez dago kartzelan, eta hori borondate kontua da. PPk atera zuen jende hori guzti, eta ez dauka inolako borondaterik gure herrian normalizazio politikoa lantzeko. Gainera, Euskal Herriaren normalizazioa eta presoen eskubideak baldintza gisa jarri behar dira estatuarekiko harreman eta negoziazioetan. Ez bada hori egiten oso zaila izango delako presoen eskubideentzako irtenbidea topatzea».
AINHOA ETXAIDE
LAB sindikatuko idazkari nagusia
«Ez dago arrazoirik sakabanaketa politika mantentzeko»
«ETAk ekintza armatuak utzi eta bost urtera, onartezina da egoera hau: ez dago arrazoirik sakabanaketa politika mantentzeko. Baina, berriro ere, manifestazioan falta dira euskal erakunde nagusiak, eta salatu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzaren arduradun nagusi den EAJ alderdia ez dela egon. Bi aukera zeudelako: giza eskubideen aldean egotea, euskal herritarren gehiengoa ordezkatzen dugun eragileen ondoan, edo Espainiako eta Frantziako estatuak inposatzen duen neurri gizagabe hauen atzean jartzea. Nahi genuke 2017a mugarri izatea giza eskubideen defentsan, eta sakabanaketa amaitzeko».
JESUS UZKUDUN
CCOO sindikatuko kidea
«Giza eskubideak presoei ere badagozkie; ezin da aitzakiarik jarri»
«Giza eskubideak presoei ere badagozkie, eta ezin da aitzakiarik jarri sakabanaketarekin jarraitu eta gaixo dauden presoak ez askatzeko. Giza eskubideen alde gaudenon helburu izan behar du horrek; bestela, gezurra baita giza eskubideen alde gaudela».
OSCAR REINA
SAT sindikatuko idazkari nagusia
«Sekulako basakeria da euskal presoak sakabanatzea»
«XXI. mendean euskal presoak sakabanatzea sekulako basakeria dela salatzen dugu. Zentzuaren eta giza eskubideen aurka doa. Elkartasun internazionalistan sinesten dugu. Oraindik Espainiako estatua gidatzen duen erakunde neofrankisten faxismoa amaitu behar da. Nahikoa da».
EDUARDO REYES
ERC alderdiko parlamentaria
«Espainiako Estatuak ez luke mendeku politika honekin jarraitu behar»
«ETAko presoak gerturatzea defendatzen dugu, eta uste dugu Espainiako estatuak ez lukeela jarraitu behar mendeku politika honekin. Politikan, gizatasun handiagoa erakutsi beharko luke, eta Euskal Herrian horretarako egiten diren ekinaldi guztiak babesteko prest gaude».
JUANMA ROJAS
CUP-eko idazkaritza nazionaleko kidea
«Ezin da aritu demokrazia defendatzen dutenen aurka»
«Giza eskubideen urraketa sufritzen ari diren pertsonak babesten ditugu, baita euren familiartekoak ere. Entzuten ez gaituen estatu baten aurrean gaude, defizit demokratiko nabarmenak dituena. Ezin da aritu demokraziaren alde borrokatzen duten pertsonen aurka. Eta, alde horretatik, ezin da onartu giza eskubideen urraketarik».