Konponbideari begira

Berriak

Bilboko manifestazioa

Jende olde batek salatu du

Dozenaka mila lagunek erantzun diote Sareren deialdiari "giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde". Azkarragak "ekintza zehatzak" eskatu dizkie eragileei presoen egoera konpontzeko. Bideoa: manifestazioaren bideoa (Gorka Rubio eta Lara Madinabeitia).

[youtube]https://youtu.be/T0qE-WDeJxw[/youtube]

2017-01-15 / Gotzon Hermosilla

Euria. Kazkabarra. Eguraldi desatsegina. Auto istripu bat Bilboko sarreran, zenbait autobusi garaiz iristea galarazi diena. Ez du haizea alde izan Sarek euskal presoen giza eskubideen alde antolatutako manifestazioak. Eta, hala eta guztiz ere, milaka eta milaka lagun —antolakuntzako iturriak aipatuz, zenbaitek 78.000; Bilboko Udaltzaingoaren iritziz, 65.000; «dozenaka mila», Espainiako albiste agentzien hitzetan— batu dira Sareren deialdiaren abarora, eta mukuru bete dituzte Bilboko kaleak «giza eskubideak, konponbidea eta bakea» eskatzeko.



Azken hilabeteotan kanpaina bat garatu du Sarek, #salatzendutgoiburupean, euskal presoen giza eskubideen urraketak agerian uzteko. Bilboko manifestazioa ere salaketa ekitaldi erraldoia izan da, eta kanpainan erabilitako ikurra, hatz erakuslea luzaturik duen esku salataria, manifestazio osoan egon da ikusgai.



Amaiera ekitaldian Nerea Alias eta Andoni Aizpuru telebista aurkezleek irakurri duten agirian ere salaketa nagusitu da. Espainiako eta Frantziako gobernuak, «botere banaketa zartatu» egin duen justizia, gaixo handi diren presoak eta «zigorra aspaldi bete zutenak» kartzelan atxikitzen dituztenak eta, finean, «erabaki horiek hartzen dituztenak eta beste aldera begiratzen dutenak» argi eta ozen salatu dituzte.



«Eskubideez ari gara, eskubide politiko zein giza eskubideez», azaldu du Sarek Alias eta Aizpururen ahotan. «Bere burua demokratatzat duen inork ezin du egoera hau onartu. Inork ezin die gaur [atzo] Bilbon erakutsi diren sentimenduei uko egin».



Amaierako agiria ez da salaketa hutsekoa izan. Elkarlanerako eta esperantzarako mezua ere igorri du Sarek: «erakustaldi honek izan dezala bihar ere jarraipena; bihar eta etzi, urteko egun guztietan, lortu nahi ditugun helburuek merezi dute eta», esan diete Bilboko udaletxearen aurrean bildutako milaka herritarrei.



Aurtengo manifestazioa «azkena» izatea gura dute Sarekoek, eta 2017a «benetan konponbidearen eta bakearen urtea» izan dadin. Helburu hori lortzera bideratuko dituzte ahalegin guztiak, «euskal jendartea gorrotorik edo mendekurik gabeko jendartea izan dadin».



Jendetsua eta askotarikoa



Jendetsua eta askotarikoa nahi zuen Sarek aurtengo manifestazioa, eta halakoa izan da. Manifestazioa hasteko ordubete falta zela ere Casilla plazaren inguruak betetzen zituen jendetzak iragartzen zuen deialdia arrakastatsua izango zela.



Orduan hasi dira deialdiarekin bat egin duten eragile politiko eta sindikalak hedabideen aurrean adierazpenak egiten. Luze jo du, luzea baitzen atxikimendua adierazitakoen zerrenda ere: EH Bildu osatzen duten alderdiak, ELA, LAB, Kataluniatik iritsitako ERC eta CUPen ordezkariak, Etxerat... Ahal Dugu-ko Nagua Alba ere agertu da, eta hizketan aritu da gainerako eragileekin, baina nahiago izan du hedabideen aurrean adierazpenik ez egin.



Manifestazioa hasteko hamar minutu falta zirela, euria hasi du; euria, eta txingorra ere bai. Baina, 17:30ean, euskal gizartearen ordezkaritza zabala pankartaren atzean jarri denean, atertu egin du. Hala ere, atzeratu egin da ibilaldiaren abiatzea: Bilboko sarreran izandako istripu baten ondorioz, zenbait autobus sartu ezinik egon dira, eta hasiera apur bat atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.



Azkenean, abiatu da manifestazioa, 17:50ean, jendearen txaloen artean. Buruan, asteburuero presoen gertukoak espetxeetara eramaten dituzten Mirentxin elkarteko hamar furgonetak; haien ostean, senideen ilara luzea —horiexek jaso dituzte espaloietan bildutako jendetzaren txalorik beroenak—. Horren atzean pankarta joan da, jatorri eta pentsamolde askotariko hamabost lagunen eskutik, Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde, euskal presoak Euskal Herrira goiburuarekin. Eta, ondoren, bukaerarik ikusten ez zitzaion jende olde luzea.



«Euskal presoak Euskal Herrira» eta «Presoak kalera, amnistia osoa» oihuen artean egin du aurrera manifestazioak. Zabalburu plazara iritsi denean, geldialdia egin dute, eta Sareko Begoña Atxak eta Joseba Azkarragak aukera baliatu dute lehenengo balorazioa egiteko.



Bildutakoei eskerrak eman dizkie Atxak, eta erantsi du aurrera jarraitzeko asmoa dutela eta ez dutela atzerapausorik emango. Azkarragak, berriz, Espainiako eta Frantziako gobernuei bidali die mezua: «Ez dago herri hau geldiaraziko duenik», esan die, eta «egoera desblokeatzeko deia» egin die.



Baina eragile politikoei ere igorri die mezua Azkarragak. «Aitzakiekin eta adierazpenekin aski» dela esan du, eta «ekintza zehatzak» eskatu ditu. «Parlamentuetan badaude gehiengo nahikoak gauzak aldatzeko», gogorarazi du; «euskal gizartearen zati garrantzitsu baten babesa dugu, eta babes hori erabiliko dugu aldaketak eragiteko».



Manifestazioak udaletxerantz egin duenean, berriro hasi du euria, eta berriro ere eten da jasa manifestazioaren burua udaletxera iritsitakoan. Han izan da ekitaldi politikoa.



Goizetik egon da manifestaziora joatekoa zen jende mordoa Bilboko Zazpikaleetan eta inguruetan, batez ere eguerditik aurrera. Txistulariak, trikitilariak, bertsolariak, zanpantzarrak eta beste ibili dira giroa berotzen, eta Sarek informazioa banatzeko eta materiala saltzeko atonduriko guneetan ere lagun ugari bildu dira.

Publizitatea