Konponbideari begira

Analisiak

Luhusoko operazioaren irakaspenak

 

2017-01-14 / Eguzki Urteaga - Soziologia irakaslea EHUn

Abenduaren 16an, frantses eta espainiar segurtasun-indarrek elkarrekin egindako polizia-operazio batean, Ipar Euskal Herrian oso ezagunak diren bost pertsona atxilotuak izan ziren. Beraien helburua ETAren armagabetzea ahalbidetzea eta laguntzea zen, nazioarteko bitartekarien laguntzarekin eta frantses zein espainiar Estatuak inplikatu nahiz. Atxiloketa horiek izugarrizko emozioa sortu zuten Iparraldean, baita gizarte zibilaren eta ordezkari politikoen mobilizazio handia eragin ere. Mobilizazio horri esker, eta gertakari horrek Frantziako komunikabideetan lortu zuen oihartzuna ikusirik, epaileak atxilotuak aske uztea erabaki zuen, nahiz eta kargupean izan. Oro har, orduan gertatutakoak agerian utzi ditu hainbat gauza.

Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herrian adostasun sozial nahiz politiko zabal bat lortu dela bake prozesuaren eta, bereziki, ETAren armagabetzearen inguruan. Izan ere, azken hogei urteetan gauzatutako gobernantza berriak, Hautetsien eta Garapen Kontseiluak bezalako erdi-erakundeei esker eta lankidetza logika baten bitartez, eragile guztiak ohitu ditu elkar ezagutzera, eztabaidatzera eta adostasunetara iristera. Denboraren poderioz, bertako kultura politikoa aldatu da, adostasun zabal bezain sendoak ahalbidetuz, bai lurraldearen erakundetzearen inguruan, bai bakegintzaren mailan. Horri esker, 2011n, Ipar Euskal Herriko alderdi nagusiek ordezkaritza bat bidali zuten Aieteko Konferentziara eta, 2014an, alderdi eta sindikatu garrantzitsuenek Baionako Adierazpena izenpetu zuten. Ildo horretan, Luhusoko operazioaren ostean hautetsi nagusiek Baionako manifestaldian parte hartu izanak, 210 hautetsik bost atxilotuen aldeko jarrera erakusteak eta 600 hautetsik Estatuen inplikazioa eskatzeak joera hori baieztatu besterik ez dute egin.

Bigarrenik, frantses eta espainiar Estatuen immobilismoaren aurrean eta euskal erakundeen ezintasunaren aitzinean, Iparraldeko gizarte zibilak bere ekimen gaitasuna erakutsi du. Mediabask astekariari bidalitako eskutitzetan, bost ekintzaileek modu argian adierazi zuten zein ziren beraien ekimenaren arrazoiak eta ETArekin trukatu zituzten eskutitzak. Beraien ekintzak eduki zitzakeen ondorio judizialez jakitun, kontzientziaz eta ongi hausnartu ostean, eta nazioarteko eragileekin harremanetan egonda, ETAren armagabetzea erraztea erabaki zuten. Ekintza horren bidez, espero zuten, batetik, sortuko zuen zalaparta mediatikoaren ondorioz, arazoa frantses politikagintzaren agenda politikoan sartzea, arduradun nagusiak posizionatzera bortxatuz eta beraien jarrera aldatzera bultzatuz; eta, bestetik, Iparraldeko eta, oro har, Euskal Herri osoko gizarte, alderdi zein erakundeen aktibazioa eragitea.

Hirugarrenik, frantses komunikabideek eta, bereziki, egunkari nagusiek (hala nola Le Monde, Libération, Le Figaro eta Le Journal du Dimanche-k) gertatutakoaren trataera nahiko orekatua egin dute, ahots zein bertsio ezberdinak entzunaraziz, Frantziako Barne ministroak egindako adierazpenak kolokan jarriz eta operazio horren egokitasuna galdekatuz. Horrez gain, atxilotuak askatu arte, gertatutakoa kontatzeaz gain, aukera aprobetxatu dute euskal bake prozesuaren eta ETAren armagabetzearen balantze bat egiteko. Trataera horrek ez du zer ikusirik izan Hego Euskal Herriko komunikabide batzuek eta, zer esanik ez, Madrilgo egunkari nagusiek eman dioten informazio tratamenduarekin. Azken horiek, bereziki lehen egunetan, Espainiako Barne Ministerioak egindako adierazpenak berenganatu dituzte, beste bertsiorik jaso gabe eta iparraldeko errealitate soziopolitikoa ezagutu barik.

Laugarrenik eta azkenik, bereziki hasiera batean, Hego Euskal Herriko alderdi eta erakunde askori kosta egin zaie Luhuson gertatutakoaren eta horren ondorioz sortutako dinamika soziopolitikoaren garrantzia ulertzea. Ezker abertzaleak izan ezik, denbora bat behar izan dute gertatzen ari zenaren esanahia, oihartzuna eta ondorioak neurtzeko. Azkenean, abenduaren 22an, Lizarra-Garaziz geroztik ikusten ez zen irudi batean, Hego Euskal Herriko gehiengo politiko zein sindikalak, publikoki eskatu du bost atxilotuak aska ditzatela; frantses zein espainiar Estatuek arduraz joka dezaten, armagabetzea modu ordenatu, kontrolatu, ziur eta garden batean egin dadin; eta euskal erakundeak prozesu horretan inplika daitezen, betiere nazioarteko egiaztatzaileen laguntzarekin. Baina, bat-bateko adierazpen horretatik at, agerian geratu da, oraindik ere, alderdien eta kudeatzen dituzten erakundeen interesek gaina hartzen dietela herritarren interesei.

Baina, haratago joanez, argi dago Ipar Euskal Herriko gizarte eta politikagintzaren egitura-eraldaketa areagotu dela, mobilizazio-gaitasuna, batasun-ahalmena eta nortasun propioa sakonduz. Ildo horretan, deigarria da, gaur egun, kostu politiko handiena prozesu horretatik at geratzen ari direnek ordainduko dutela. Hori dela eta, alderdi eta hautetsi nagusi gehienek bat egin dute.

Publizitatea