Konponbideari begira

Analisiak

Hausnarketarako proposamena

 

2017-01-08 / Jon-Mirena Landa Gorostiza - EHUko Giza Eskubide eta, Botere Publikoen Katedraren, zuzendaria

ETA jardun osoan zebilenean Giza Eskubideen inguruan hitz egitea zailagoa zen, zalantzarik gabe, gaur baino. Estatuaren aldetiko estrategia kontraterroristak ikaragarrizko presioa eragiten zuen: «ala terroristekin ala gurekin». Eta behartutako alternatiba polarizatu horren aurrean, giza eskubideen kulturak atzera egin zuen nabarmen, batez ere esparru publikoaren eztabaida-mailan. Alegia: eragile politiko eta mediatiko ugariren ustez Estatuak egindako giza eskubideen bortxaketaz hitz egitea terroristei laguntzea zen, zuzen-zuzenean. Joera anker hori noraino iritsi zen nabarmentzeko, Martin Scheinin Nazio Batuetako Kontalari bereziak 2008ko maiatzean Espainiara egindako bisitaldia gogora ekartzeak lagunduko digu. Kontalarien lana Estatuek egiten dituzten bortxaketak ikertzea eta dokumentatzea da. Kontalari bereziak ez dira edozein pertsona: definizioz, hots, hautaketa-moduarengatik eta lan egiteko protokoloengatik, ez dute interes ustelik eta beraien lana egoera polarizatuetan dauden zailtasunen gainetik egia —eta ez batzuen edo besteen interes politiko, estrategiko edo nazionalak— ateratzera zuzenduta dago. Norbaitek baldin badu estatus objektiboa, sinesgarritasuna eta autoritatea zeozer dioenean kontalari bereziok ditugu.

Martin Scheinin Espainiako politika kontraterrorista aztertzeko Espainiara bisita egiten ari zela, ETAk atentatu bat egin zuen (2008ko maiatzaren 14an guardia zibil bat hil zuen). Egun horretan bertan Kontalari bereziak bere prentsaurrekoa eman behar zuen, eta, oro har, Espainiako prentsa nazionalak leporatu egin zion atentatua ez kondenatzea, nolabait bere lana ETAren mesedetan egiten ari omen zela salatuz. Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.

2. ETAk behin betiko su-etena aldarrikatu ondoren 5 urte betetzerantz hurbiltzen ari garela, egoera aldatu da. Lehen polarizaziopean zegoen giza eskubideen eztabaida monokordetik, eztabaida ireki eta zabalago batera pasatu gara indarkeria politikoari dagokionez. Eragile ofizialetatik at, eragile akademikoak eta gobernuz kanpoko erakundeak gehiago inplikatzen ari dira, gertatu zenaz egia bilatzekotan. Egia bakar ofizialetik, mutur batean, hainbat txosten, metodologia, helburu, eduki eta, askotan ere kalitate, oso desberdin dituenak edukitzera pasatu gara beste muturrean. Hori berez ez da txarra: kontrakoa esango nuke. Hasi gara modu irekian mota guztietako bortxaketei buruz eztabaidatzen, eta hori osasuntsua da. Horregatik, giza eskubideetan lan egiten duten erakunde —ofizial zein ez-ofizialen— mapa handitzea, ugaritzea, berri ona da.

3. Gure herrian giza eskubideez arduratzen diren eragileak ez ezik, txostenak ere ugaritu egin dira. Azkeneko urteotan bai gobernuetatik, bai horietatik at, txostenak behin eta berriro argitaratzen dira, eta askotan komunikabideetan azaltzen dira eztabaida publikoa elikatzen. Behin baino gehiagotan, ordea, txosten horiek irakurriz gero, inpartzialtasun falta nabaria dute, ez esateagatik zenbait kasutan guztiz sektarioak izan daitezkeela edota erakunde, alderdi edo interes-talde jakin batek bultzatutako ekimen orientatua besterik ez dela. Edozelan ere, hiritarrak maiz inpresioa eduki dezake txosten horiek guztiak susmagarriak direla irakurri aurretik edota irakurri ezinean.

Nire ustez, txostena tresna egokia da giza eskubideen urraketak salatzeko eta justiziaren bidean —lege edo epaileen lanik ezaren aurrean— urratsak egiten prestatzeko. Baina txostenei sinesgarritasun handiagoa emateko proposamen xume bat nahiko nuke egin: alegia, euskal txosten-sistemarena. Sistema honek ez lieke txosten guztiei eragingo, noski, bakarrik euskal erakundeetatik eratortzen direnei baizik.

Lehenik eta behin, txosten ofizialek nazioarteko giza eskubideen terminologia jarraitu beharko lukete: bortxaketak (dela tortura, dela behartutako desagerrarazpena, dena delakoa) izendatuta daude nazioarte mailan, eta hor ez luke egon behar eztabaida terminologikoarentzako lekurik. Askotan txostenek, ez zilegiak diren helburuen menpe, hitzen aukeraketa egiten dute, ideologia politiko jakin baten arabera. Eta, horregatik, txosten gehienak ez dira konparagarriak. Txosten izena merezi dutenek nazioarteko giza eskubideen zuzenbidearekin bat etorri beharko lukete, hortaz, hasteko.

Bigarrenik, terminologia-erreferentzia garbia edukitzeak diziplina akademiko eta zientifiko desberdinetako «borroka» ordenatzen lagunduko luke. Behartutako desagertzea, adibidez, egon denean, askotan auzi-medikuen lana beharrezkoa da. Baina duela asko gertatutakoa balitz, historialarien, antropologoen eta abarrekoen parte hartzea halabeharrezkoa ere suerta liteke. Diziplina bakoitzak, ordea, bere terminologia eta metodologia propioak ditu. Proposatzen dena hemen, horregatik, zera da: horien guztien lana gero txosten baten forma hartu behar denean «itzulia» izan dadila nazioarteko giza eskubideen terminologia eta kategorien arabera. Legelarion lan xumea, beraz, izanari izena ematean etzan beharko luke.

Eta azkenik, txosten horiek euskal instituzioek —Eusko Jaurlaritzak batez ere— aldiro eta modu planifikatuan bere giza eskubideen planean txertatu beharko lituzke. Euskadik, Estatua ez den neurrian, ezin du eragin nazioarte mailan giza eskubideen eragile ofizial begiradapean. Dena behar omen da Espainiako erakundeen bitartez. Baina, nire ustez, Euskadi mailan Estatuen antzerako mikro-dinamika bat sor liteke, bai indarkeria politikoaren kasuan, baina bai eta eskubide sozial, ekonomiko eta kulturaletan, bai adingabeen politiketan, bai emakume eta genero-politiketan, bai arrazakeriaren eta beste hainbeste bortxaketen aurkako politiketan ere, giza eskubideen kontrola sustatuko lukeena. Eusko Jaurlaritzak bere politika sektorialen txosten ofizialak, hortaz, aldiro (bi edo lau urtean behin) aterako lituzke, beti metodologia berberaren arabera, gobernuan dagoen alderdiaren koloreak hori aldatu gabe. Eta horrek emango luke aukera gure herria Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik plaza publikoan behar bezala kontrolatua egoteko, eskubide horien inguruko eztabaida funtsatuagoarekin, hiritarrok sinesgarritasuna, gardentasuna eta are diru-eragingarritasuna irabazita.