Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. EPPK-ren gogoeta

Presoek legedia garatzeko sostengua izatea nahi du EPPK-ko zuzendaritzak

2013ko ildoa berritzeko gogoetan da kolektiboa. Txosten batean funtsezkotzat jo dira inplikazio soziala eta EPPKren batasuna. Preso bakoitzak erabakiko luke zer lege bide hartu. Mugak: damua eta salaketa. Oinarrizko txostena.

1.650 pasa euskal preso eta iheslari ohik apirilean Bilbon antolatutako manifestazioa. ©Aritz Loiola / Atgazki Press
1.650 pasa euskal preso eta iheslari ohik apirilean Bilbon antolatutako manifestazioa. ©Aritz Loiola / Atgazki Press

2016-12-27 / Enekoitz Esnaola

Gatazkaren ondorioak euskal presoen arloan konponbidean jartzeko —«kartzelak hustu»— eta Euskal Herriko prozesu independentista laguntzeko, beste saio bat egin nahi du EPPK-ko zuzendaritzak, kolektiboak duela hiru urte hartutako legediaren ildoa «berritu» eta «eraginkor» bihurtzeko. Horretarako, ezinbesteko deritzo urratsak euskal gizartearekin batera egiteari. Proposamena ontzat jotzen badute, EPPK-ko kide bakoitzak irizpide orokorren barruan har ditzakeen neurriak «une oro» babestu egingo ditu kolektiboak. Legediko «aukeren» artean EPPK-k historikoki talde modura urratu gabeko batzuk aipatu ditu zuzendaritzak: gradu aldaketak eta baimenak, funtsean. Gogoeta prozesuari ekin dio Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, eta haren zuzendaritzak prestatutako zazpi orrialdeko «oinarrizko txostena» eskuratu du BERRIAk: Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura. Epeei buruz zehaztasunik ez dator.



Legedia garatzean presoek bi «muga» izango lituzkete: «Damutzea eta salatzea». Hori ez da berria, dena den. Berritasuna 2013ko pausoaren aldean orain legediko aukerak aldi berean jorratuko lituzketela da, nahierara, blokean ezer lehenesteke. 2013ko abenduaren 28ko agiriaren ostean Euskal Herriratzea eskatu zuten —gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak aske uzteko ere bai—, eta euskal espetxeetan batu ondoren egingo zituzketen beste urratsak. Orain, hasieratik planteatu nahi dira urrats guztiak. Proposameneko beste berritasun bat: aurrerapauso oro ontzat joko du EPPK-k, pausoa partziala izan arren. Aldebikotasunaren aukera baztertuta, bide propioari heldu nahi diote.



Hiru «ardatz nagusi» zehaztu ditu oinarrizko txostenean: sakabanaketa amaitzea, deserriratzea bukatzea eta espetxeak hustea. «Batu, herriratu, kaleratu» hirukoa darabil idatzian. «Ildo horretan egindako urrats oro ontzat emango luke EPPK-k, betiere kidegoaren adostasun eta elkartasunez, eremu herritarren laguntasunez», dio idatziak. «Ontzat emango genuke batze oro, hurbiltze oro eta kaleratze oro; batzea partziala izanda ere, hurbiltzea Euskal Herriratzea ez izanda ere, kaleratzea betiko ez izanda ere. Eta urruntzea eta sakabanaketa amaitzeko erreferentzia gisa estatu espainiarrari Zaballako kartzela eta frantsesari Mont de Marsangoa aldarrikatuz». Araban dago Zaballa; Frantzian Mont de Marsan, Baionatik ehun kilometro pasatxora.



Preso bakoitzaren egoera juridikoaren arabera legedian «aukera desberdinak» egongo direla dakar txostenak. «Norbera izango da ildo juridikoak eskaintzen dituen aukera horiei heltzea edo ez erabakiko duena —erredentzioak, kartzela destinuak, graduen aldaketa, baimenak, Euskal Herrira hurbiltzea, baldintzapeko askatasuna, eta abar—, eta, horretan, ildoa kolektiboki onartu denez, taldearen babesa eta laguntza izango du une oro. Hori izan behar da funtzionamendu berriaren izpiritua».



Estatuekin akordiorik ez



EPPK-ko zuzendaritzak dio ETAk 2011ko urrian jarduera armatuaren bukaera iragarri ondoren jo zuela bukatutzat kolektiboak «erresistentzia zurrunaren funtzioa» —aurreko zikloan «beste edozein ildok kolektiboaren apurketa zekarkeen»—, ondoren kartzelak husteko fasera igarotzeko, baina salatu du bi estatuek beti jarrera itxia izan dutela. Aitortu du presoen afera ez dela konponduko «alde biko [ETA-estatuak] mahai baten inguruan. Alde biko negoziazioaren zantzurik ez dago».



ETAk 2013ko martxoan jakinarazi zuen Aieteko 2011ko urriko konferentziara iristeko Espainiako Estatuak eta biak «gatazkaren ondorioei» buruzko «konpromiso» batzuetara heldu zirela, baina ondoren Madril hamasei hilabetean ez zela agertu «[Osloko] elkarrizketa eta negoziazio gunera». Ondorioz, mahai hori desegin egin zela zioen ETAk. Ezker abertzaleak aldebakartasuna sakontzeko bideari heldu, eta kartzela eremuan gogoetari ekin zion EPPK-k. Handik etorri zen kolektiboaren 2013ko abenduko adierazpena: modu mailakatuan eta konpromiso indibidualekin lege baliabideak erabiltzeko hautua egin zuen, eta indarkeriarekin «eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu». Berritzailea zen.



2013ko adierazpen hura baino hiru hilabete lehenago, ordea, Guardia Zibilak euskal presoen eskubideen aldeko Herrira mugimenduaren aurkako operazioa egin zuen, Auzitegi Nazionalak aginduta, eta hori —ondorengo beste operazio batzuekin batera— kaltegarri izan zela iritzi dio EPPK-ko zuzendaritzak: «Estatuaren errepresioa izan zen urratsa [2013ko adierazpena] indargabetu zuena EPPKren ekimena ezinbesteko zuen gizarte babesik gabe gelditu baitzen» —hala ere, eskertu du «beti» jaso izan duen «herritar babesa»—. Kolektiboaren arabera, gainera, «gatazkaren konponbidean egindako urratsei gero eta exijentzia zorrotzagoak» egin dizkiete estatuek eta eragile batzuek, «barkamena, autokritika eta damua exijituz, planak aurkeztuz, ukoak pilatuz eta lehendik gogorra zen kartzela egoera gogortuz». Azken batean, «borroka armatua indarrean zegoenean baino gupidagabeago agertu dira estatuak, EPPKn eta ezker abertzalean zatiketa eragiteko asmoz». Euskal Preso Politikoen Kolektiboko zuzendaritzak beste faktore batzuk ere aipatu ditu, baina aitortu du ezker abertzaleak ez duela «asmatu» «ziklo berrira egokitzen» eta «ekimena egituratzen». [presoei buruzko kronologia]



EPPK, «prozesuaren menpe»



Duela urtebete ezker abertzaleak Abian eztabaida prozesuari ekin zion, estrategia berritu bati heltzeko, eta, aurtengo maiatzean bukaerako txostenean ebatzi zuen prozesu independentistaren barruan kokatu behar dela gatazkaren ondorioen agenda. Jaso du hori EPPK-ko zuzendaritzak idatzian. «Presoak eta iheslariak etxeratzeko ahaleginak eta bi egiteko erabakia irmoki hartu behar da Euskal Herrian, hala nabarmendu du ezker abertzaleak Abian prozesuan, eta gure ildoa horren arabera zehaztu behar dugu». Hala, «herriaren eta prozesu independentistaren garapenaren menpe» jarriko litzateke EPPK. Dena dela, ohartarazi du estatuen oztopoengatik hausnarketa prozesua «baldintza zailetan» egingo dutela.



«Nola lagunduko dio kolektiboak gatazka gainditzeari?», galdetu du zuzendaritzak. «Txostenean ez dira aipatzen ildo berriak zabaltzen dituen aukerak, hori baita zehaztu beharrekoa». Baina erabakitakoa garatzeko «ezinbesteko baldintzak» zein diren aipatu du: inplikazio soziala eta presoen arteko elkartasuna. «Kartzelak husteko estrategiak borroka zein diseinu politikoa, instituzionala, soziala eta juridikoa behar ditu, aukerak zabaltzeko eta estatuaren posizioa pitzatzeko», dio, batetik. «Presoon arteko elkartasuna eta kolektiboaren batasuna» da beste baldintza. Nazioarteari ere eman dio garrantzia. Eta pausoak emateko «malgutasuna» eskatu du.



EPPK-ko barne eta kanpo egituretan aldaketak iragarri ditu.



[Oinarrizko txosteneko gako nagusiak]



349 lagun EPPKn



Aste honetako datuen arabera, EPPKn 349 lagun daude: 346 preso, kartzelan, eta hiru, etxean. 346 horietatik hiru baizik ez dauzkate euskal espetxeetan. Preso bakoitzaren egoera juridikoa ezberdina izan arren, badira EPPK osoari eragiten dioten auziak Espainiako «salbuespen legedian»: 7/2003 legea...



EPPKtik kanpo beste dozena bat euskal preso ere badira. Haiei ere egin die gonbita kolektiboak gogoetan parte hartzeko.

Publizitatea