Konponbideari begira

Berriak

Armagabetzeko «ardura» eskatu du gehiengo politiko eta sindikalak

Erakundeen, egiaztatze instantzien eta gizartearen arteko «artikulazio egokia» lagungarri litzatekeela diote. Espainiako eta Frantziako gobernuei ere «beren ardura aintzat har dezatela» eskatu diete
Lehenengo lerroan, ezkerretik, Arnaldo Otegi (EH Bildu), Adolfo Muñoz (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB) eta Andoni Ortuzar (EAJ), atzo, Bilbon.
Lehenengo lerroan, ezkerretik, Arnaldo Otegi (EH Bildu), Adolfo Muñoz (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB) eta Andoni Ortuzar (EAJ), atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2016-12-23 / Gotzon Hermosilla

Hego Euskal Herriko gehiengo politiko eta sindikalak urrats bat aitzina egitea erabaki du, eta agiri bateratua plazaratu dute, Luhuson (Lapurdi) izandako polizia operazioaren ostean sorturiko egoera baloratzeko. «Ardurak hartzeko» eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei, «armagabetze ordenatu, kontrolatu, seguru eta gardena» azken bururaino eraman ahal izateko, eta adierazi dute lagungarria izango litzatekeela instituzioen, egiaztatze instantzien eta gizartearen arteko «artikulazio egokia».

Bilbon aurkeztu dute agiria, ekitaldi labur baten bidez: adosturiko idazkia irakurri dute, eta, aldez aurretik jakinarazi zuten bezala, ez da tarterik izan galderak egiteko. ELAko Adolfo Muñozek eta LABeko Ainhoa Etxaidek irakurri dute testua, aldamenean Andoni Ortuzar (EAJ) eta Arnaldo Otegi (EH Bildu) zituztela. Haiekin batera, Nafarroako Ahal Dugu-k, ESK-k, Steilasek eta Etxaldek ere sinatu dute idazkia. Agerraldia amaitutakoan jakinarazi dute Geroa Baik, Antikapitalistak-Euskadi taldeak eta Donostiako Ahal Dugu-k ere bat egin dutela agiriarekin.

Sinatzaileek «poza» agertu dute Luhuson atxilotutako bostak aske utzi dituztelako, eta Ipar Euskal Herriko gizarteak erakutsitako konpromisoa eta atxiloketen aurrean agerturiko jarrera nabarmendu dute: «Oso positiboa deritzogu ehunka hautetsi eta kargudun instituzionalek adierazi duten konpromisoari, baita izan den mobilizazio sozialari ere», azaldu dute.

Agirian, dei zuzena egin diete Espainiako eta Frantziako gobernuei «beren ardura aintzat» har dezaten «armagabetze ordenatu, kontrolatu, seguru eta gardena» lortzeko, «antzeko kasuetan aplikatu ohi diren nazioarteko estandarren arabera».

Eginkizun horretan «egiaztatzeko tresna independenteak» behar direla adierazi dute sinatzaileek, eta pentsatzen dute Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bete lezakeela eginkizun hori, kontuan harturik «erakunde, alderdi eta euskal jendarteko antolakundeen aitorpena» duela.

Baina, gizartearen konpromisoaz eta nazioarteko egiaztatze erakundeez gain, euskal instituzioek ere armagabetzean zeregin garrantzitsua izan dezaketela pentsatzen dute agiriarekin bat etorri diren alderdi eta sindikatuek: «Nahiko genuke Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, segurtasun arloan dituzten eskumenak direla medio, lagungarri izatea armagabetze hori arrakastaz gara dadin». Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrek eta Iparraldean eratzekoa den Lurralde Elkargoak ere «prozesu horren jarraipena egiteko aukera» izan beharko luketela diote.

Hiru arlo horien artean —instituzioak, egiaztatze instantziak eta gizarte zibila— «artikulazio egokia» bilatzea izan daiteke armagabetze prozesuaren arrakastaren giltzarria. Agiriaren sinatzaileak, behintzat, ziur daude uztartze hori «berebiziko bultzada» izan daitekeela armagabetzea bururaino eramateko. Horri begira, sinatzaileek «bakearekin duten konpromisoa» berretsi dute.

Ahal Dugu-ren jarrera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k ez du agiria izenpetu, nahiz eta Nafarroako Ahal Dugu eta Antikapitalistak taldea —Ahal Dugu-ren barne ildo bat da— bat etorri. Agiria plazaratu eta gutxira, beste agiri bat kaleratu dute Ahal Dugu-k Hego Euskal Herrian dituen antolakunde biek, Ezker Anitza-IUk, Nafarroako IUk, Equok eta Batzarrek.

Idazkian, sinatzaileek adierazi dute ETAren erantzukizuna dela armagabetzea, «hura izan zelako armak eskuratu zituena», baina Luhuson gertatutakoak erakusten duela ETAk baduela armagabetze hori garatzeko borondatea. Horregatik, dei egiten diote Espainiako Gobernuari, «prozesu hori errazteko betebehar politiko eta morala» duelakoan. Hori «Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin» egin daitekeela eta egin behar dela deritzote. Gizarte eragileei dagokienez, sinatzaileek uste dute haien eginkizuna ez dela «bestelako eragileen ekintzarik eza» ordezkatzea, «giro egokia» sortzea baizik.

CCOOk ere iritzia plazaratu du afera honetaz. Bat dator Espainiako Gobernuari «eta, bere kasuan, Frantziakoari ere» egin beharreko interpelazioan prozesua erraz dezaten «Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin», baina nabarmendu du ETArena dela armagabetzearen ardura nagusia.

ELAk eta LABek, berriz, elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko udaletxeen aurrean, 12:00etan.

Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidok ere hitz egin zuen gaiaz atzo: «Desarmerik onena Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak egiten dutena da».

Publizitatea