Konponbideari begira

Analisiak

ANALISIA

Ordaindu eta orria pasatu

 

2015-05-03 / Jokin Sagarzazu

Erreparazio ekonomikoa ez da nahikoa. Egia eta justiziarekin osatzen duen hirukoan, gertaturikoa argitzeak izan beharko luke aurrena, eta prozesu hori, estatu indarkeriaren kasuan, hasten da estatuak berak egindakoa aitortzearekin». Gauzak zer diren: Nazio batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeko presidente Claudio Grossman txiletarrak Espainiako Estatuko ordezkariei hori esan eta egun berean, asteartean, EAEko Auzitegi Nagusiak eten egin zituen estatu indarkeriaren biktimentzako Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza batzuk, nork eta Espainiako Gobernuak jarritako salaketa batengatik. Haren helburua zen hori ahalbidetzen duen dekretua osorik indargabetzea, eta, lortu ez badu ere, agerian utzi du ez dagoela prest biktima horiek laguntzeko, ezta beste batzuei lan hori egiten uzteko ere; eta are gutxiago, aitortzeko estatuaren erantzukizunak, ezta diktadura garaikoak badira ere, dekretuaren garapenaren bidez horiek, eta 1960-1978 epekoak soilik, azal zitezkeen arren.

Carlos Urkijo gobernuaren ordezkariak salaketa jarri zuenetik, bi urte ibili dituzte biktimak auzitan. Hori amaitzeko, epaileek agindutako «zuzenketak» bere egin eta dekretuak zehaztutako lan plangintza burutuko duela ziurtatu du Jaurlaritzak; alegia, aztertu dituen espediente guztiek (219) jasoko dutela ordain ekonomikoa. Baina horrekin batera iragarri du udazkenean lege bat aurkeztu duela biktima horiek —eta ulertzen da 1978tik aurrerakoak zein 1936-1960 artekoak ere— ETAren biktimen pareko babes eta berme instituzional eta juridikoa izan dezaten. Legealdia amaitu aurretik gobernuak mahai gainean izango lukeen legerik konplexuena izango litzateke hori.

Zazpi urte pasatu dira Eusko Legebiltzarrak Terrorismoaren Legea onartu zuenetik, 1999ko Espainiako Biktimen Legearen ildoa jarraituz. Eta denbora horretan, ETAren biktimek soilik jaso dute babes osoa. Lopezen gobernuak, agintaldiaren amaieran, «besteentzako» araudia jarri zuen martxan, baina aurrenekoekin ez bezala, dekretuaren formula hautatu zuen, ez legearena, horrek sorraraz ditzakeen babesgabetasun eta menpekotasunekin: unean uneko gobernuak egin ditzakeen aldaketak, dekretuaren gainetik dauden legeak...

Hala, araua garatuz joan ahala, gabeziak joan dira azaltzen. Bat bereziki: bere irismena ordain ekonomikora mugatzen dela ia. Eta hori hala dela irudi dezake dekretuak ez dituelako behar beste bermatzen egia eta aitortza, ez dituelako baliabideak jartzen kasu horiek ikertzeko eta biktima horien memoria politikak garatzeko. Adibidez: gertaturikoa ikertzeko batzorde bat osatzea aurreikusten du, baina horrek ezin du beste herrialde batzuetako egiaren batzordeek egin duten lana egin: gobernuaren menpeko egitura du, eta hainbat muga. Nagusia, ezin dutela beren kabuz ikertu, eta biktimak direla haien aurrean frogatu behar dituztenak giza eskubideen urraketak. Kontuan hartuta estatu indarkeria modu ofizialean agertzeko dauden zailtasun sistemikoak, ezdeusa bihurtzen da ia biktimen ahalegina eta batzordearen lana.

Traba horiekin, beraz, oso zaila da azkeneraino eramatea biktima horien erreparazioa. Eta frankismo garaikoekin zer gertatu den ikusita, zer pentsa eman beharko luke ondorengo urteetakoak ikertu nahi badira, edota 1936ko gerrakoak. Egoera horren aurrean, berebiziko garrantzia luke lege bidez blindatzea prozesu hori, hasi eta buka; besteak beste, sortuz ikerketa batzorde independente eta autonomo bat, prestigiodun kontrastatuko adituekin, edota politika publikoak garatzeko erakunde edo institutu bat, unean uneko gobernuaren koloreez gaindi eta lehia politikotik at lan egingo lukeena.

Oraindik argitu ez badu ere, aurreikus daiteke Jaurlaritzak udazkenenean proposatuko duela memoriaren (euskal) lege moduko bat, zeinak, besteak beste, Terrorismo Legearen ondoan —lege berean edo ez— giza eskubideen urraketa guztiak jarri beharko lituzkeen. 1936tik 2013ra artekoak, denak, estatuaren erantzukizunak direnak edota Jaurlaritzarenak, arrazoi politikoa duten urraketa larriak diren heinean, irizpide berberen arabera tratatu behar direlako, diskriminaziorik gabe, nazioarteko estandarrek dioten moduan.

Eta lantaldeetan trabatu gabe egin beharko luke hori Jaurlaritzak, lidergoa hartuz. Jakina da Madrilek ez duela lagunduko, eta zailtasun ugari izango duela etxean ere. Baina euskal instituzioen lana da, eta lehendakariarena beharko luke, bide hori urratzea. Erreparazio osoa, eta denentzat. Memoria ez baita, eta are gutxiago justizia, kaltea dirutan pagatu eta orria bizkor pasatzea.

Publizitatea