ANALISIA
Ur hotza
2015-03-22 / Jokin Sagarzazu
Kezkatzeko modukoak Brian Currinek Euskal Herrira eginiko azken bisitan esandakoak. Errealismo balde bat ur; eta hotza.
Nazioarteari buruz, adibidez: Aieteko Konferentziaz geroztik — alegia, ETAk bere jarduna amaitu zuenetik—, urria izan dela laguntza, eta sinbolikotik harago, eraginkorretik gutxi izan duela. Aspalditik jakina zen, jakina zenez, ezingo zela nazioarteko babesik jaso ETAk bere jarduna amaitu arte. Horretarako iritsi zen, baina gero... «Zailtasunak ditugu hemen arazo handiak daudela konbentzitzeko. Eta konbentzituta ere, ez dute Espainiako barne arazoetan sartu nahi». Hori, eta nekez etorriko dela laguntza barne akordiorik gabe. Euskal Herriko eragileen artekoa, esan gabe doa.
Era berean, argi du abokatu hegoafrikarrak ezin dela ezer espero Madrildik; gobernu aldaketa baino ez. Eta horrek, gainera, ez duela ezer ziurtatzen. Gobernu berriaren premiak soilik mugiaraziko lukeela, eta handia beharko lukeela, urratsen bat egiteko —presoak gerturatzeko, kasurako—, ekar diezaiokeen galera tamaina berekoa izan daitekeelako. Gainera, kolore aldaketa ez dela aski aitor du Currinek: Espainiako auzitegiak, iritzi publikoa... Sistema oso bat dagoela kontra, edo beste alde batera begira. Eta hemengoak ados jarri gabe, lanak Madrildik ezer lortzeko ere, lortzerik bada.
Eta hori da kezkagarriena. Prozesuaren alde dauden eragileen arteko giro nahasia, eta ez nolanahikoa, asteotako gertakariek erakusten dutenez. EAJk eta Sortuk, bietako inork ezagutarazi nahi ez dituen hartu-emanen inguruan egunotan izandako ikamikek, adibidez, gutxi laguntzen dute herritarrak —euren gertukoak barne— prozesuarekin amets egiten, ezta laguntzen ere ezbaian dagoen klase politikoaren gaitasunetan sinesten.
Baina alderdiez gain, ezin da esan ere, mobilizatuta dauden sektore jakinetatik harago, euskal gizartearen lehentasuna denik prozesua. «Hauxe da bakea» Egigurenen esaldi ezagunak agerian uzten du gizartearen zati handi baten ustea. Eta hori ezin da ahantzi. Sektore horietan zabalduta dagoen ustea baita haiekin ez doala prozesua; gatazkaren ondorioak konpondu behar direla onartuta ere, presoen auzia, esaterako, konfrontazio politikorako tresna dela, edo talde jakin baten aldarrikapena; eta ez dela identifikatuta sentitzen, nahiz eta giza eskubideen urraketen salaketarekin bat egin. Horiek prozesura ekartzeko, beste zerbait eskaini beharko lukete asmo horretan dabiltzanak, autokritikatik hasita. Denek; alderdiek, bereziki.
Egoera zaila da. Baina hala izanik ere, prozesua ezin dela usteltzen utzi dio Currinek. Eta nondik tira badagoela. Presoen auzian eta ETArenean. Aurrenekoan, adibidez, nazioarteko lege oinarriak —eta baita etikoak ere— alde dituzte presoek. Eta haien eskubideen defentsan dihardutenek argudio horiek erabili ahal dituzte, erabiltzen ari direnez, hemengo eta nazioarteko iritzian eragiteko, Frantzian bereziki.
ETAren armagabetzeari buruz, berriz, Currinek gogoratu du, mobilizatuta dagoen sektoreak, funtsean, ez duela kezka handirik horrekin. Are, uste duela armagabetzeak lagunduko lukeela prozesua garatzen. Baina ETAk segitzen du armak emateko aukerari uko egiten, «ETAkoen ikuspegitik hori errenditzea litzatekeelako». Eta erantzun argirik eman gabe prozesu horretan laguntzeko Eusko Jaurlaritzak bere burua eskaini izanari.
«Gogoraraziko zenidake, mesedez, zergatik agertu zen ezker abertzalea horren aurka?», Currinen galdera etxe honetako kazetariari. Baliabide erretoriko horrek —subjektua edozein delarik ere— ondo laburbiltzen du egoera. Aurrera-atzera, atea bere erroetan bezala, dabil prozesua, eta bereziki dabiltza bertako eragileak: ezker abertzalearen eta EAJren arteko mesfidantza, Jaurlaritzaren «zilegitasun arazoak»... Baina, funtsean, aztertu beharko liratekeen jokaera politiko batzuk, zabaldu den aro berriarekin —zentzu zabalenean ulertuta— bat ez datozenak.
Lan horiek —eta beste batzuk— utzita joan da Currin, errealismo ariketa bat eginda. Bozen gertutasunak eragin ditzakeen suak amatatzeko, edo goizeko urak bezala, hotza, loalditik esnarazteko balio dezakeelakoan.