Konponbideari begira

Analisiak

ANALISIA

Legea(n) preso

 

2014-10-05 / Jokin Sagarzazu

Abenduan urtebete izango da EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erabaki zuela lege baliabideak modu mailakatu eta indibidualean erabiltzea. Zer gertatu da ordutik? Zer espero daiteke aurrera begira?

Urte honetan EPPK-k lehentasunak zehaztu ditu, eta martxan jarri du haiei bide emateko bide orria. Presoen sakabanaketa eta urruntzea amaitzea, eta gaixo daudenak eta 70 urtetik gorakoak aske uztea. Haiek dira lehentasunak; aurreneko fase batean, behintzat. Eta prozedura: legea.

Sakabanaketak eta urruntzeak ez daukate lege oinarririk: erabaki politikoa da. Eta bide politikoa itxita dago. Hala erakusten dute uda honetan presoek Espetxe Administrazioan egin dituzten hurbiltze eskaerek jaso dituzten ezezkoek. Hori ikusita, duela bi aste kolektiboak jakinarazi zuen auzitara joko dutela. Nazioarteko legedia dute alde, eta, ate guztiak itxita, Europara jo dezakete. Gauza bera egingo dute gaixo dauden presoek eta 70 urtetik gorakoek. Kasu honetan, bi estatuetako legediak dituzte alde.

Hortaz, duela urtebete jakinarazi bezala, legezkotasuna aintzat hartuta ari dira beren bidea egiten EPPK-ko presoak. Orain, ikusteko dago epaileek ere legezkotasun (eta errealitate) printzipioa bere egiten duten, ala, orain arte egin duten eran, botere politikoaren menpe jarraitzen duten. EPPK-k bere xedea lortuz gero, harresia pitzatzen hasiko litzateke, bigarren fase bati bidea irekiz.

Jaurlaritzak ere jo du legezkotasunetik; ikusita, ordea, epe ertainera begira behintzat, Espainiako agintariek ez dutela urratsik egingo. Egia da, sustatzaileek beraiek aitortu moduan, helburuak bere horretan beteko diren bermerik ez dutela, baina EPPK-ren bideak ere ezin du hori ziurtatu. Ezinezkoa delako aldagai guztiak kontrolatzea. Horrek, dena den, ez ditu bateraezin egiten bi bideak. Bateragarriak diren...

EPPKrenarekin erkatuta, Jonan Fernandezek asteon aurkeztu duen Hitzeman programak espetxe politikaren beste eremu batean eragitea du xede. Presoen «gizarteratzea» sustatu nahi du: zehazki, eta, besteak beste, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatasunak lortzeko bide bat eskaini nahi die bat egiten duten presoei. Hori bultzatu nahi du egungo legeditik abiatuta, baina legearen interpretazioa aldatzeko xedearekin, testua irakurriz ondoriozta daitekeenez.

Gaur-gaurkoz, «terrorismo delituengatik zigortu dituzten presoei» —eta haientzat da programa— ia ezinezko zaie eskubide horiek lortzea, zigorra osorik betetzera behartuz. Espetxe onurak jasotzeko baldintzen zerrenda ia amaigabea da. Beste presoei bezala, eragindako minaren aitortza eskatzen zaie, baina baita kolaborazio aktiboa, barkamena eta damua ere; ideologia bati uko egitea.

Baldintza horiek legezkoak dira, baina salbuespenezko legedia batean oinarritzen dira, euskal presoentzat propio egindakoa. Horregatik, ikuspuntu juridiko batetik behintzat, behin ETAren ekintzarik eza baieztatuta, tratu berdintasuna exiji daiteke, beste presoek dauzkaten onura eta erregimen bera edukitzeko. Horretan eragitea litzateke Hitzeman programaren helburuetako bat. Baina nola?

Testuan zehaztuta ez badago ere —lehen urrats gisa, presoa bake eta bizikidetza adierazpen bati atxiki beharko zaiola dio—, uler daiteke bidea izango dela aurrerago preso horiei eskatzea analisi kritikoa egitea, minaren aitortza egitea, baina fokua jarriz egindako delituan eta ez bestelako kontsiderazioetan —damutzean, esaterako—. Hain justu, nazioarteko estandar demokratikoak dioen moduan. Horrek dio aitortza izan behar dela indibiduala —erantzukizun zibila aitortzearen bidez gauza litekeena— eta presoak borondatea agertu behar duela delitu gehiagorik ez egiteko. Ez gehiago, ez gutxiago.

Epaileek ikuspuntu hori babesteak ekarriko luke orain arte aplikatu duten salbuespenezko ikuspuntua aldatzea. Legedia aplikatzea estandar demokratikoetan oinarrituta, errealitatera egokituta eta ez orain arte egin duten bezala botere politikoaren menpe jokatzera.

Salbuespen legedi guztiek dute, definizioz, behin-behineko izaera. Beraz, ETAren jarduna desagertuta, eta ez deseginda ere, zuzena litzateke legedi berezi guztia desaktibatzeko eskatzea.

Eta bide horretan urratsak dira EPPKren bidea, baita Eusko Jaurlaritzaren proposamena ere.

Ikusteko dago, baina, errealitate hori desagertuta, salbuespena ere amaituko den. Edo, orain arte bezala, presoak legean preso jarraitzen duen, eta legea, politikan preso.

Publizitatea