Konponbideari begira

Analisiak

ANALISIA

Historiaren tabernan

 

2014-08-03 / Hodei Iruretagoiena

Egoera politikoaren arabera, Espainiak ezker abertzalearekiko zituen helburuen erritmora idatzitako sumarioa izan da 35/02 izenekoa, edo herriko tabernen auzia deitutakoa. Legez kanporatzea gauzatzeko hasitako hamabi urte inguruko ziklo hori gaindituta eman diote amaiera. Ezker abertzalearen eztabaida estrategikoak mende erdiko fase historikoaren amaiera ere ekarri duenean. Aro zaharra erabat itxi gabe, berria sortzeko ahaleginean ari den honetan.

Zein izan da orain helburua? Gutxienez esanguratsua bada, hainbeste urteren ondoren, urriaren 17an hasi izana ahozko epaiketa: Aieteko Konferentziaren urteurrenean. Haren segidan, ETAk jarduera armatua utzi zuela iragarri eta gutxira, argi utzi zuen erantzuna Jose Maria Aznar presidente ohiak: «Orain, ziurtatu behar duguna da ETAren porrota gure itun konstituzionalaren gailurra izatea (...) Terrorismoaren amaierak arrisku bakarra dakar: garaipenean porrot egitea». Hilabete gutxira, Alfredo Perez Rubalcabak, Barne ministro zela: «Gerra irabazten aritu ondoren, ezin diegu onartu bakea beraiek irabaztea. Ezin diegu ametitu historia berridaztea; hor dago bataila». Batzuk bake prozesuaz mintzo diren bitartean, hiztegi kasik belikoa darabilte besteek: garaile eta garaituena.

Epaiketa baliatuta, Madrilgo Auzitegi Nazionalean ebatzi dute nork eta nola sortu zuten HB, eta zer izan den; ebatzi dute zer diren herriko tabernak, zertarako erabili diren. Zigor epaia emanda, Aznarren eta Rubalcabaren bidetik jo dute haien alderdikideek. PSE-EEren erreakzioa adibide: zigorrak «aukera ezin hobea» eskaintzen dio ezker abertzaleari «erantzukizunak berraztertzeko». «Autokritika» eskatzen diote behin eta berriz. Eta egin behar luke, agian, egin duena baino gehiago. Baina gatazka politikoaren «erantzukizunen» zama ez da ezker abertzalearen jabetza esklusiboa. Eta «autokritika» ez da besteen irakurketak izenpetzea, epaile batek polizia txostenak izenpetzen dituen bezala. Joera politiko bakoitzaren indarra ez litzateke neurtu behar boto kopuru hutsean; baina horri begiratuz gero, autokritikarako motibo gehiago izango lukete Aznarrek aipatutako «itun konstituzionala» defendatzen dutenek.

Ezker abertzaleak badu orain legezko adierazpidea: Sortu. Legea eta Justizia, ordea, ustezko «garaileen» esku daude oraindik. Politika judizializatua, eta justizia politizatua. Gertatuaren interpretazioak auzitegietan egiten dira: epaimahaian batzuk, eta akusatuen aulkian besteak, parez pare beharrean —Egiaren Batzorde batean, adibidez—. Sortuko presidenteak esaten badu ezker abertzaleak «asmatu» egin zuela duela 35 urte, auzitegira daramate. «Terrorismoaren gorazarrea» argudiatuta, delitu da nork bere memoria gorde nahia ere. Aritxulegiko basoak lekuko.

Ezker abertzalearen, eta zehazki, HB, EH eta Batasunaren ibilbide historikoa epaitu da Madrilen. Eta zigortu. Ez da bakarrik zigor ideologiko-abstraktu bat (kartzela arriskuan dauden pertsonez gain): herriz herri errotutako mugimendu politiko bati bere jardunerako azpiegitura kentzea esan nahi luke herriko tabernak konfiskatzeak. Aro zaharra nola itxi baitago jokoan, berria baldintzatzeko. «Frankismo garaitik mugimendu politiko bati egindako bahitzerik handiena da, gerrako harrapakinik handiena», esan du Pernando Barrenak (Sortu). Beste berrogei urtez, agian, historiaren tabernan, ardo mindua edatera behartzeko sektore politiko bat, barreneraino sartzeko galtzailearen arantza. Auzipetuek erantzun dute: «Ez gaituzue makurraraziko».

Publizitatea