Konponbideari begira

Analisiak

Askapenaren aurkako epaiketa. Absoluzio epaia. ANALISIA

Nork epaitzen duen nor

 

2016-02-04 / Hodei Iruretagoiena

Askapenaren aurkako auzia absoluzio epaiarekin bukatuagatik, sententziak berak agerian utzi du berriz auzitegi horren izaera. Kasu honetan delitu ez dela esanagatik ere, jarduera politikoa epaitu du berriz. Bere burua justifikatu du, adibidez, «ENAMen pentsaera hegemonikoari jarraitzea» militanteak atxilotu, inkomunikatu, espetxeratu eta epaitzeko «nahikoa zantzu» badela esanez. Eta Askapenak sustatzen duen elkartasunari ere egin dio juzgu politiko-moral bat, tonu erdi sarkastikoan: «Askapenak, beste herrialde batzuetako giza eskubideen urraketekin kezkatzen zen bitartenan, ez du inoiz salatu ETAk egindakoa».

Auzitegi Nazionalak ebatzi behar balu bezala elkartasun politikoaren aldaerarik zintzoena zein den. Auzitegi Nazionalaren elkartasuna ere norabide politiko jakin bakarrean hedatu izan ez balitz bezala. Oraindik orain, frankismoaren krimenak epaitzeari uko egiten dion auzitegi bat ez balitz bezala, torturaren itzalak gehiegitan ilundua, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hainbat aldiz iradoki duenez.

Hor, azkenaldiko epaiketekin alderatuta, jauzi bat eman du Askapenak babes dinamikan, eta, batez ere, salaketan. Nazioarteko elkartasuna bildu dute, eta epailea epaitzeko lizentzia hartu, herri epaiketekin erakutsi zutenez. Espainiako Estatuak Euskal Herrian egindakoak ez ezik, munduan zehar izan duen jokaera gogorarazi dute: bere mugetan bozen bidez herri borondatea adieraztea galerazi, Latinoamerikan baliabide naturalak «lapurtu», Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesuari uko egin...

Askapenaren aurkako auzia absoluzio epaiarekin bukatuagatik, Madrilgo auzitegi horrek Euskal Herriko jarduera politikoa epaitzen jarraitzen du oraindik.

Publizitatea