Konponbideari begira

Berriak

ETAk dio zigilatze prozesutik kanpo utziak zituela Oiseko armak

Urriaren 12ko polizia operazioa salatu du, eta «konpromiso berriak» iragarri ditu. «Boikot saioei aurre egitea dagokigu», esan du Sortuk
Poliziek iaz ETAren biltegi baten aurka egindako operazioa, Miarritzen.
Poliziek iaz ETAren biltegi baten aurka egindako operazioa, Miarritzen. BOB EDME

2016-10-29 / Erredakzioa

ETAk jakinarazi du «urriaren 12an indar polizialek ezagutzera eman zituzten armak zigilatze prozesutik kanpo» zituela, «indar polizialak gordeleku horretan zelatan egon zitezkeela sumatu baitzuen aspaldi ETAk». Gara egunkarira bidalitako ohar batean eman ditu azalpen horiek, urriaren 12ko polizia operazioaren harira. Hispanitatearen Egunean, Espainiako Barne Ministerioak zabaldu zuen «ETAren zulo estrategietako bat» atzeman zutela Frantzian, Oiseko departamenduan, DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritzak eta Guardia Zibilak batera egindako polizia operazioan. Aste hartan bertan, operazioaren aurretik, Espainiako zenbait hedabidek zabaldu zuten armak biltzen ari zela ETA, Espainiako eta Frantziako gobernuekin balizko negoziazio baterako erabiltzeko.

«Operazio horren bitartez, hedabideetan izandako zenbait filtrazioren ondotik, mezu argia zabaldu nahi izan dute: inork ez dezala mugimendu txikiena ere egin arrazoizko soluzio bila», esan du ETAk. «Propaganda» gisa izendatu du saioa, eta emandako datuak «gezurrez eta intoxikazioz beterik» daudela salatu du: «ETAk horrelako gertaeren eta jokabideen larritasunaz ohartarazi nahi du, interes politikoak herritarren segurtasunaren gainetik jartzen baitira. Sinesgaitza da Frantziako Gobernua bere lurraldean horrela aritzea».

«Armagabetzean laguntzeko prest dauden eragileei» ere mintzatu zaie ETA: «Gure konpromiso guztiak betetzen saiatuko gara eta berriak ere hartuko ditugu. ETAren hitza dute».

Sortu: «Propaganda hutsa»

Eusko Jaurlaritzak ez du baloraziorik egin nahi izan. Europa Press berri agentziak hango iturriak aipatuz berri eman duenez, ordea, 2014an armagabetzerako egindako proposamenari eusten dio Urkulluren gobernuak.

Sorturen esanetan, «propaganda operazio huts bat» izan zen Deskubrimendu operazioa deitutakoa. «Espainiako Gobernua gatazkaren konponbidean egin nahi diren urrats oro zapuzten eta boikotatzen ari da», kritikatu du. Alderdi independentistaren iritziz, ETAren oharrak erakusten du ETAk borondatea baduela «armagabetze prozesua bururaino eramateko». Hala, «boikot saioei aurre egin» eta protagonismoa euskal gizartean kokatzearen alde egin du.

Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du armagabetze «erabateko eta behin betikoari» ekin behar diola ETAk, euskal gizarteko ordezkariekin adostasunak landuta. Frantziako eta Espainiako estatuei, berriz, «oztoporik» ez jartzeko eskatu die.

Publizitatea