Konponbideari begira

Analisiak

ANALISIA

Bigarren partea

 

2016-01-14 / Enekoitz Esnaola

Rufi Etxeberria eta Iñigo Iruin mintzatu ziren 2011ko otsailean, Bilbon, Sorturen estatutuen aurkezpenean. Espainiako legedia betetzen zuten estatutuak ziren; sobran bete ere, Etxeberriak Ekarri armak liburuan azaldu duenez: «Guk eskema bat genuen: estatua ustekabean harrapatu behar dugu; agian, Alderdien Legeak berak eskatzen duena baino altuago jarri beharko ditugu gauza batzuk. Zertarako? Estatua gehiago behartzeko eta, gizartearen aurrean, espazio handiagoa irabazteko. Inbertsio hori parametro horietan egin genuen». Lortu zuen Sortuk estatuaren legeztapena, 2012ko ekainean. Bidea erakutsi zuen.

ETAren 2011ko urriko erabaki historikotik aurrera Espainiarekin gatazkaren ondorioez aritzeko ahalegina antzua izan ondoren —2013ko otsailean amaitu zen ETAren Norvegiako itxaronaldia—, ezker abertzaleak aldaketa egin behar izan zuen. 2013ko uda hasieran elkarrizketa adierazgarri bat eman zuen Iruinek BERRIAn euskal presoek jorratu beharrekoaz. Abokatuak zioenez, estatuaren estrategiak aspalditik zituen erroak: «2003an espetxe politikaren eredu berri bat ezarri zen: (...) presoak usteltzea». Beraz, «diagnostiko erreal bat» egin behar zen: «Espainia blokeo politika egiten ari da». Eta «mezua» zen: «Ez da aldebikotasunik egongo». Hala, ezker abertzalearen jardun politikoari kalte egitea zen estatuaren xedea, Iruinen arabera: «Interesatzen zaiona da normalizazio eta bake fase amaigabe hori ahalik eta gehien luzatzea, horrek ezker abertzalea behartuko duelako energiak xahutzera». Ondorioz, «erreibindikazioetako bati ere uko egin gabe», «bide orri berri bat» urratu beharra zeukan ezker abertzaleak, «bere osotasunean»: «Oso kontuan hartu behar du zein diren egungo legezko baldintzak eta baldintza juridikoak».

2013ko abenduan etorri zen EPPKren adierazpena: kolektiboko presoak prest zeuden Espainiako lege baliabideak erabiltzeko, modu mailakatuan eta konpromiso indibidualekin; gainera, aitortu zuten «eragindako sufrimendua eta mina». 2014tik aurrera egin zituzten eskaera zehatzak espetxe zuzendaritzetan eta Auzitegi Nazionalean. Emaitzarik ez, estatuak itxita jarraitu baitu.

Iruinek ohartarazi zuen elkarrizketa hartan: bide berria jorratuta ere, lorpenak ez dira berehalakoan helduko. «Pazientzia handia beharko dugu horretarako, oinak lurrean edukita».

Estrategia haren bigarren partea dator orain, Etxeberriak herenegun Iruñeko hitzaldi batean esandakotik aurreikusi ahal denez. Estrategia «berregokitua». Diagnostikoa, azken beltzean, lehengo bera da: estatua itxita dago. Urratu beharreko bidea ere bai: legedia; baina presoei «pauso berriak» eta «ausartak» eskatu dizkie Sortuko Gatazkaren Konponbidearen arduradunak, «betiere damua eta salaketa alboratuz». Berritasuna da kolektiboari eskatzea «espetxe frontearen ikur» izateari uzteko eta «estrategia independentistaren parte» bihurtzeko. Ezker abertzalea apirilean da bukatzekoa Abian prozesua, eta, korapiloak askatzen hasteko xedez, handik aurrera jarri nahiko luke martxan Etxeberriak marraztutakoa.

Ikusiko da presoen kolektiboak zenbateraino esango dituen gauzak. Sortuk egin zuen 2011n «inbertsioa», baina aitortu behar da presoena eremu sentiberagoa dela: Sortu entitate juridiko bat da, eta presoak, pertsonak, eta eskaerak banan-banan egin behar dituzte, izen eta abizenekin; gainera, kartzelan direla. Baina esatera eta egitera doazela dirudi. Iruin bezala, jendaurrean ere ez da alferrik mintzatzen Etxeberria.

Dena dela, «estatua gehiago behartzeko eta, gizartearen aurrean, espazio handiagoa irabazteko», dagokien tokian idatziak aurkeztean komeniko litzateke presoek aurreko aldian baino gardentasun handiagoa izatea. Sortuk estatutu deseroso haiek publiko egin zituen, denek jakiteko moduan.

Publizitatea