Konponbideari begira

Analisiak

Operazioa bukatzeke

Enekoitz Esnaola

2016-02-06 /

Hegoaldeko ezker abertzalearen egitura politiko-zibilak klandestinitatea, debekua eta kartzela baino ez zituen beretzat, eta, politikan nor izateko, aukera bakarra zeukan: Espainiako legedia betetzea. 2002ko Alderdi Legeak eta 2009an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak legez kanporatzea ontzat jotzeak —Otegi: «Katastrofea»— bide berri eta ausartak urratzera behartu zuten. Sortuk estatutuetan «ekintza terrorista oro» gaitzetsi zuen. Etorkizunera begirako «arbuioa» zen, ordurako jakina zenean ETAk ez zuela gehiago hilko; ez zuen esplizituki ETAren iraganeko indarkeria gaitzetsi. Etikagatik eman al zuen pausoa? Erlatibizatu daiteke. Kontua da duela sei-zazpi urte dagoeneko ezin ziola eutsi estrategia politiko-militarrari; estatuaren ezpata ahoko zuloan izateaz gain, euskal gizartean gero eta sostengu txikiagoa zeukan estrategia hark, eta Europan jada, parekorik ez.



Eta aldatzea erabaki zuen. Zutik Euskal Herria (2010eko otsaila), Gernikako Akordioa (2010eko iraila), Sorturen estatutuak (2011ko otsaila) eta ETAk jarduera armatua uzteko jakinarazpena (2011ko urria) dira adierazpenik adierazgarrienak. Dena dela, gogoetak, eztabaidak eta saioak lehenagotik zetozen, guztia ez da mugatu behar 2009-2010eko barne eztabaidara: 1992rako baziren Eugenio Etxebesteren kezkak —bataila militarra galtzeak ezin zezakeela eraman bataila politikoa galtzera—, 1995ean ETAren Alternatiba Demokratikoa —errei teknikoaren eta politikoaren lehen diseinua—, 1998an Lizarra-Garazi —hitza eta erabakia, euskal herritarrek—, 2004an Anoetako proposamena —bi erreien eskema zehatza— edota 2006an Loiolako elkarrizketak eta Jesus Egiguren-Josu Urrutikoetxea bilerak —bi erreiak gauzatzearen lehen saio serioa—. 2006-2007ko porrotaren eta frustrazioaren ondotik ekin zion ezker abertzale politiko-zibilak bere esparruko gidaritza hartzeko operazioari, eta egin beharrekoa egiteari. Gero, nolabait, ETAren esku zegoen borroka armatua uztea, eta utzi zuen. Aldiz, Sorturen esku ez zegoen legeztapena, baina lortu zuen. Emaitzak.



Gatazkaren ondorioen konponbiderako A planak, gehienean, huts egin zion ezker abertzaleari, eta ikusi da ez zuela B plan azkar bat. A plana: ETAk utzi ostean, erakunde armatuaren ordezkaritza bat hamasei hilabetez Norvegian egon zen, Espainiako (PPren) Gobernuarekin noiz hitz egingo gatazkaren ondorioez; hots, aurrez ETAk eta (PSOEren) gobernuak bitartekarien bidez adostutako konpromisoez aritzeko. Urtebete eta lau hilabetean, zain. Bitartean, euskal gizartean ez zen konponbidearen aldeko mobilizazio sozial masibo eta eraginkor bat mamitu, ezta inplikazio instituzionalik ere. Ezker abertzaleak berak eskema zaharrei heldu zien presoen eskubideen alde, Herrira sortuta (2012ko otsaila), estatuak utziko ziolakoan; baina ez zion utzi. Gero Tantaz Tanta ere agortu zuen Madrilek. 2014ko ekainean sortu zen Sare; ETAk utzi zuenetik bi urte eta erdi pasara. Edota, kartzelak bere denborak eskatzen dituen arren, EPPK-k ETAren erabakitik bi urte eta bi hilabetera atera zuen bere estrategia aldaketarako adierazpena (2013ko abendua).



Plano teknikoan —politikoak badu bere zailtasuna, propioa—, ezker abertzalearen operazioa ez da bukatu. Ikusi da presoenean bide berriko lehen urratsak ez direla aski izan estatuek eta euskal gizarteak aintzat hartzeko, eta Sortuk presoei eskatu die pauso «berriak» eta «ausartak» egiteko. Estrategia independentistaren barruan kokatu nahi ditu haien ekarpenak, baina jendea kartzelan dela zaila izango zaio estrategia independentista bat garatzea. Alez aleko emaitzekin, energia positiboaren beharrean da. Ilusiorako.

Publizitatea