Konponbideari begira

Analisiak

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea. ANALISIA

Gatazkaren ondorioak

 

2016-09-08 / Enekoitz Esnaola

Urkullu-Etxerat pelikulak beste kapitulu bat izango du bihar, Arantzazun: presoen senideen elkarteak Dispertsioaren haurrak txostena eskura eman nahi dio. Loiolan ere eman nahi zion, baina Urkulluk baztertu egin zuen aukera hori —irudi hori—, eta idazkari bat bidali zuen. Urkullu bera lehen jasota dago Loiolan; iaz AEBetan zen, baina aurreko bi urteetan jaso zituen txostenak —2014an, Rajoyri eman zion gero—, eta haietako batean Etxerat-ekoei esan zien jakingo beharko luketela bera zer egiten ari zen presoen eskubideen alde eta eskertuta egon beharko luketela. Ez da halako gauzarik edo jarrera irmorik ikusi haren agintaldian.

2012an kanpainako egitarauan, eta gero gobernu programan, bakegintza hiru lehentasunen artean sartu zuen Urkulluk. Orain ez. Eta hamabost erronken artean, bakegintzaz bakarra dator, eta bakar hori «ETAren behin betiko armagabetzea eta desegitea burutzea» da. «Bizikidetzan aurrera egitea» esaldi orokorra dator esan zehatz haren ondotik. Programan berriro espetxe eskumena eskatu dio Madrili, eta Hitzeman eta Zuzen Bidean aitatu ditu, jakinda legealdi honetan ez dutela aurrerabiderik izan. Otegiren inhabilitaziori Urkulluk eta EAJk emandako erantzuna ere hotza izan da, axolagabea bezala. Ez dira detaileak; egitate gordinak baizik.

Urrian, 5 urte Aietekotik. Bilduren legeztatzean Urkullu eta EAJ busti zen; publikoa da hori. Aldiz, Sabin Etxeak gero eta argiago ikusten du euskal presoena ezker abertzalearen arazoa dela, Otegiren auzia den bezala. Gatazkaren ondorioen impasse-aren ondorioa da egoerak ezker abertzalea kolpatzen duela, eta denbora badoala, badoanez. Ikusteko dago etor daitezkeen mugimenduek zenbateraino jartzen duten gaia agendan.

Publizitatea