Konponbideari begira

Berriak

ETAren aurkako Polizia operazioa. Armagabetzea

Oztopo lasterketa

Hasieratik trabatu dute estatuek ETAk abian jarritako armagabetze prozesua. Polizia operazioak ez ezik, nazioarteko egiaztatzaileen lana ere oztopatu dute bi estatuek.
ETAkoak eta nazioarteko egiaztatzaileak, bideo batean.
ETAkoak eta nazioarteko egiaztatzaileak, bideo batean. BERRIA

2016-10-14 / Iñaki Petxarroman

Ez dago beste adibiderik mundu osoan ETAren antzeko mugimendu armatu batek armak, munizioa eta lehergaia erabileratik kanpo uzteko prozesua abiatzeko prest azaldu eta ez duena instituzioen berme baikorra jaso». Ram Manikkaligam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko (NEB) bozeramaileak hitz horiekin definitu zuen bizi zuten egoera, ETAren armagabetze prozesuan laguntzeko prest azaldu ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean azalpenak ematera behartu zituztenean. Modu horretan armagabetzean aurrera egitea «ia ezinezkoa» zela aitortu zuen bitartekariak.

2014ko otsailaren 21ean baieztatu zuten NEBeko ordezkariek — Manikkaligam bera buru— Bilbon, ETA hasia zela bere armategia indargabetzen. Hainbat arma eta munizio zigilatzen ageri ziren NEBko eta ETAko ordezkariak bideo batean. Berehala deitu zituzten Auzitegi Nazionalera deklaratzera. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek «ETAren konpartsa» izatea egotzi zien: «Hau da gobernuaren politika: ez dugu negoziatuko, terroristekin ez delako negoziatzen; terroristak garaitu egiten dira».

ETAren ordezkaritza bat luzaro egon zen Norvegian Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain, baina halakorik jaso gabe; 2013ko apirilean, eskaria egin zion egiaztatze batzordeari haren arma, munizio eta lehergaiak zigilatu eta erabileratik kanpo uzteko alde bakarreko prozesua egiaztatzeko.

Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean, Frantziako Poliziak ere nahi izan zituen galdekatu egiaztatzaileak, 2014ko otsailaren 28an Laurence Levert epailearen aginduz. Baina Poliziak, nahastu, eta egiaztatze batzordeko kideak deitu beharrean, Harremanetarako Nazioarteko Taldekoak deitu zituzten deklaratzera, hau da, Brian Currinen taldekoak.

Uztailaren 19an, agiri baten bidez, ETAk jakinarazi zuen«borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa» desegin zuela. Horrekin batera, urtearen hondarrean jaso zuen ETAk Eusko Jaurlaritzaren eskaintza, armagabetze prozesuan esku hartzeko.

Jaurlaritzak, nazioarteko egiaztatzaileen lana eskertu arren, beste eredu bat proposatu zuen, «egutegirik jarraitzen ez duen» metodoak balio ez duelakoan. «Armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor» baterako bide orria aurkeztu zuen, besteak beste, gizarte eragilez, nazioarteko egiaztatzaileez eta Jaurlaritzako ordezkariez osatutako batzorde baten aurrean desarmatzeko eskatu zion ETAri. Erakunde armatuak ez zuen proposamena onartu, baina prest azaldu zen «armagabetze diseinua» Jaurlaritzarekin ere partekatzeko.

Polizia operazioen jomugan

Espainiak eta Frantziak, ordea, jarraitu dute euren bide orria. Alde bakarreko armagabetze prozesua lagundu beharrean, hainbat polizia operazio jarri dituzte martxan prozesu hori oztopatzeko. Hala, 2015eko maiatzean, Nathalie Chasserieux eta haren bikotekidea atxilotu zituzten Miarritzen (Lapurdi) eta hainbat arma topatu zituzten haien etxean. Hurrengo egunean, Enrique Lopez atxilotu zuten. «Armategiak zigilatzeko prozesuaren aurkako eraso» zuzentzat jo zuen ETAk operazioa.

Handik aste gutxira, berriz jo zuten prozesuaren aurka. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atxilotu zituzten Ortzaitzen (Nafarroa Beherea). Hurrengo egunean, Grazi Etxebehere atzeman zuten. «Desarmatu nahi duen talde bati» lagundu besterik ez zuela egin jakinarazi zuen Etxebeherek.

Handik bi hilabetera, ETAko zuzendaritzako kide izatea egotzita, Iratxe Sorzabal, David Pla, Pantxo Flores eta Ramon Sagarzazu atxilo hartu zituzten Baigorrin. David Plak Gara-n jakinarazi zuen «egoera oso bitxia» zela, «armak erabileratik kanpo uzteko prozesua baliatzen» ari zirelako ETAri «eraso egiteko».

Trabaz traba, armagabetze prozesuarekin jarraitu du ETAk. Apirilean jakinarazi zuen «urrats berriak» egiteko asmoa zuela. Horretan ari zela jaso du Poliziaren azken kolpea.

Publizitatea