Konponbideari begira

Berriak

Bake eta bizikidetza plana. Zirriborroaren aurkezpena

Sufrimendu guztiak aintzat hartuko ditu Jaurlaritzaren Bake Planak

Torturaren inguruko ikerketa eta biktima guztien aitortza jaso du, besteak beste, Bake eta Bizikidetza Planaren zirriborroak Legebiltzar taldeei akordiorako hiru proposamen helarazi dizkie Jaurlaritzak
Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Bake eta Bizikidetza Planaren zirriborroa aurkezten.
Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Bake eta Bizikidetza Planaren zirriborroa aurkezten. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2013-06-12 / Edurne Begiristain

Giza eskubideen urraketa guztiak eta alde guztietako sufrimenduak aintzat hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak landu duen Bake eta Bizikidetza Planak 2013-2016 eperako. «Pertsona askok sufritu dute, eta oraindik sufritzen ari dira. Orain egiten duguna baliagarria izango da pertsonen sufrimendua arintzeko, murrizteko eta gainditzeko». Hitz horiekin laburbildu du Iñigo Urkullu lehendakariak gobernuaren planaren mamia. Gobernuak ETAren jarduera armatuaren amaiera abiapuntutzat hartuta landu du planaren zirriborroa, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiaren gidaritzapean.

Planak zazpi helburu finkatu ditu legealdi honetarako: ETAk armak uztea, giza eskubideen urraketa guztien egiaztapena egitea, biktima guztien errekonozimendu eta ordain prozesua osatzea, memoria politika publiko bat definitzea, «testuinguru berriarekin bat datorren espetxe politika baterako akordioak» bultzatzea, gizartea elkartzeko kultura bultzatzea eta adostasun sozioekonomikoetarako adostasunak bilatzea.

Iraganari, orainari eta etorkizunari lotuta, guztira hemezortzi ekinbide garatu nahi ditu Jaurlaritzak. Horretarako, bi bide proposatzen ditu. Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoekin jorratu nahi du bata, bizikidetzaren alde pausoak emateko hiru gutxieneko akordio proposatuta. Eta, bestea, eragile politikoekin, sozialekin eta erakundeekin elkarlanean landu nahi du.

Ia 80 orrialde ditu txostenak, eta hiru zatitan banatzen da: proiektua, prozesua eta programa. Lehen zatiak iraganari begiratzen dio, egoeraren diagnostikoa egin eta «ondoezetik ongizatera» igarotzeko. Bigarren zatiak, berriz, «mesfidantzatik konfiantzarako» aldaketa ahalbidetu nahi du: legebiltzarreko taldeen esku utziko da lan hori, iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hiru akordio proposamen landu ditzaten. Hirugarren zatiak lan-programa zehazten du, «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko.

Urrian onartu nahi du Jaurlaritzak Bake Plana, eta orain hiru hilabeteko epea irekiko du —irailaren 20ra arte— alderdien eta eragileen ekarpenak jasotzeko. Adostasunerako bidea ez dela samurra izango aitortu du Urkulluk, baina itxaropentsu agertu da: «Lan eskerga dugu aurretik, baina egun ditugun errezeloak gainditzeko gai izango garela uste dut». Akordioak «funtsezkoa» dela iritzi dio, eta alderdiei eta eragileei «konpromisoa» izateko eta egoerak eskatzen duen mailan egoteko eskatu die.

1. 'Mikroakordioak'

Bakean eta bizikidetzan alderdi guztien arteko akordio zabalak lortzea zaila izango dela uste du Jaurlaritzak, eta, horregatik, akordio txikiak edo «mikroakordioak» egitea egokiagoa dela iritzi dio. Hala, bide hori landuko du gobernuak, Legebiltzarraren esku utzitako akordiorako hiru proposamenen bidez. Batetik, ETAren indarkeria amaituta, «iragana kudeatzea» lan nekeza izango dela uste du Jaurlaritzak, eta, hori dela eta, aurrera egiteko gertatutakoaren analisi partekatua proposatu dio bakerako lantaldeari. Bestetik, orainaldian «konfiantza» lortzeko zazpi konpromiso izenpetzea proposatu die taldeei; tartean, biktima guztien aitortza bermatzea eta presoen eta espetxe politika auziari heltzea. Azkenik, etorkizunari begira, gizarte eta hezkuntza arloko konpromisoa hartzeko eskatu die.

2. Sufrimendua

1960tik 2013ra bitartean euskal gatazkaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketak egiaztatzen dituen txostena landu dute lau aditu «independentek». Azken 50 urteetako giza eskubideen urraketak sailkatu eta zenbatu dituzte dokumentu horretan, interpretazio eta baloraziorik egin gabe. Ez da kasuen ikerketa bat egin, «hurbilketa» bat baizik, lehendik dauden datu «fidagarriak» bilduta. Etzi aurkeztuko du txosten hori Eusko Jaurlaritzak.

3. Tortura

Torturaren fenomenoaren errealitate «objektibora» hurbilduko duen «ikerketa zorrotz eta independentea» aginduko du Jaurlaritzak 2014. urte amaierarako, ondoren, beharrezkoak eta onargarriak diren errekonozimenduko, ordaina emateko eta prebentzioko neurriak hartzeko. 2014ko lehen hiruhilekoan egingo da azterketa, eta bi aldi bereiziko ditu: 1960tik 1987ra bata, eta 1978tik 2013ra, bestea. 2009an Jaurlaritzaren Giza Eskubideen zuzendaritzak egindako torturari buruzko azterketa zientifikoaren txostena erabiliko da abiapuntu gisa. Ikerketarako, Istanbulgo Protokoloa tresna gisa erabiliko da, eta zehazki, Giza Eskubideetarako Nazio Batuen goi komisarioaren bulegoaren tortura ikertzeko eskuliburua.

4. Memoria

Eusko Jaurlaritzak Memoriaren eta Bizikidetzaren Institutua sortuko du 2014an, Gernikan. Erakunde horretan, memoriari buruzko politika publikoak eta zentroen, espazioen edo ekitaldien sarearen sinergiak koordinatu eta dinamizatuko dira. Euskal gizarteak azken 80 urteotan pairatu dituen indarkeriazko lau testuinguru nagusien inguruan —36ko gerra, diktadura, ETA eta legez kontrako kontraterrorismoa— «memoria demokratikoen aniztasuna irudikatzen duen ondare kolektiboa kudeatuko» du institutuak.

5. Biktimak

Joan den legealdian Poliziaren indarkeriak 1960tik 1978ra eragindako biktimak aitortzeko eta horiei ordaina emateko onartutako dekretua garatu eta zabalduko du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan. Hala, orain arte errekonozimendurik eta ordainik izan ez duten giza eskubideen urraketen biktimei buruzko azterketa egingo du, eta aitortza eta ordaina bermatzeko lege tresnak prestatuko ditu. Bestalde, Euskal Herrian Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzen lagunduko du Jaurlaritzak. Zentro hori sortzea Espainiako Gobernuaren eskumena bada ere, Jaurlaritzak «modu aktiboan» parte hartu nahi du.

6. Espetxe politika

Hitzeman programa erabiliko du Jaurlaritzak espetxe politikaren eta gizarteratzearen alorrean. Programa horretan parte hartzeko, bakearen eta bizikidetzaren aldeko behin betiko konpromisoa agertu beharko du presoak. Izena eman ostean, gobernuak abian jarriko du programa, eta egoeraren arabera hainbat ibilbideren artean hautatzeko aukera emango dio. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da 2014. urtetik aurrera ezartzea programa hori, baina aldez aurretik presoen elkarteei aurkeztuko zaie.

Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du legegintzaldi osoan Espainiako Gobernuarekin elkarrizketak izateko espetxe politikan aldaketak egin daitezen; besteak beste, presoak hurbiltzeko eta gaixorik dauden presoei «irtenbide humanitarioa» emateko eskatuko dio.

7. Ertzaintza

Ertzaintzak ertzainen partaidetza prozesu bat sustatuko du, «bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko» konpromisoari buruzko proposamena egiteko. Prozesu horrek hiru ardatz izango ditu: «bizikidetza demokratikoa» lortzeko giza eskubideetan eta oinarri etikoetan oinarritutako prestakuntza, parte hartzeko eta gogoeta egiteko programa bat, eta hartutako konpromisoen aldizkako ebaluazioa.

Informazio osagarria

Publizitatea