Konponbideari begira

Berriak

Bakerako lantaldea osatu dute, PPri eta UPDri «ateak zabalik» utzita

EAJk dio PP lantaldean egoteko lan egingo duela, eta PSEk ziurtatu du PP batzeko «beharrezko espazioa» gordeko duela EH Bilduren ustetan, «adostutako zoru etiko» batetik abiatu behar dira lanak
EH Bilduko, EAJko eta PSEko ordezkariekin osatu zuten atzo Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldea.
EH Bilduko, EAJko eta PSEko ordezkariekin osatu zuten atzo Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldea. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2013-04-12 / Edurne Begiristain

EAJren, EH Bilduren eta PSEren babesarekin eratu zuten atzo Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldea Eusko Legebiltzarrean. Aurrez iragarri bezala, PPko eta UPDko ordezkariak ez ziren egon, baina aurrerago parte har dezaten «ateak zabalik» utzi zaizkie, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak lantaldea osatu berritan jakinarazi zuenez. EAJk eta PSEk ere azpimarratu zuten PP batzorde txostengilera batu dadin lan egingo dutela.

Legebiltzarreko presidentearen gidaritzapean osatu zuten lehen orduan lantaldea, hiru taldeetako sei legebiltzarkide bertan zirela: EAJtik Joseba Egibar eta Iñigo Iturrate, EH Bildutik Laura Mintegi eta Julen Arzuaga eta PSEtik Jose Antonio Pastor eta Rodolfo Ares izan ziren. Beren egitekoaren inguruan erabateko adostasuna izan gabe, abian jarri zuten lantaldea hiru talde horiek. Izan ere, jeltzaleen eta sozialisten nahia da joan den legealdian adostutako «zoru etikoa» oinarri hartuta lan egitea, eta EH Bilduren ustez, berriz, «zoru etiko adostu» batetik abiatu beharko litzateke lantaldea, betiere «oinarrizko eskubide demokratikoen urraketak» jorratzea baldin badu lehentasun gisa. Batzordeko kideak hilaren 30ean bilduko dira berriro, eta orduan zehaztuko dituzte egutegia eta aurrera begira eman beharreko pausoak.

Lantaldeak bakea eta elkarbizitza lortzeko «oinarri sendoak» ezarriko dituen itxaropena duela azaldu zuen Legebiltzarreko presidenteak eraketa saioaren ostean. PPk eta UPDk parte hartzeari uko egin badiote ere, Tejeriak adierazi zuen espero duela aurrerantzean batuko direla bi taldeok lantaldera, «egokiena» alderdi guztiek parte hartzea delako. Bi talde horientzat «ateak zabalik» daudela azpimarratu zuen.

Joseba Egibar jeltzalea ere sinetsita dago azkenean PP lantaldean egongo dela: «Ziur naiz alderdi guztiak edo, behintzat, nagusiak egongo garela». Areago, PP batzorde txostengilera batu dadin «lan» egingo dutela adierazi zuen atzo. Izan ere, Egibarrek uste du bakea eta bizikidetza ezin direla eraiki «jarrera pasibo» batetik: «Garai berriek jarrera aktiboak eskatzen dituzte».

EAJko legebiltzarkideak azpimarratu zuenez, bakea eta bizikidetza bermatzeko «adostasun berriak» landu beharko ditu lantaldeak, eta, besteak beste, iraganari buruzko «azterketa kritiko» bat egiteko gutxiengo batzuk hitzartu beharko ditu.

Jose Antonio Pastor sozialistak PPri mintzatu zitzaion, eta esan ez duela «inongo izurik» izan behar lantaldearen egitekoari buruz, aurreko legealdian ezarritako oinarri etiko eta demokratikoak «lanean hasteko zoru etiko bikaina» direlako. Halaber, azpimarratu zuen PSEk «beharrezko espazioa» gordeko duela PP lantaldera «lehenbailehen» batu dadin. EH Bilduren parte hartzeari dagokionez, berriz, begi onez ikusten duela esan zuen, baina lantaldean ez diotela «aurpegia zurituko» ohartarazi zuen.

PP mugiarazteko giltza

EH Bilduk, ostera, argi utzi zuen behin lantaldea eratuta, «eztabaida birtuala eta eztabaida errealari» heltzeko garaia iritsi dela. Hala, batzordeak iraganari, orainari eta etorkizunari begira lan egin beharko lukeela azaldu zuen Julen Arzuagak. Haren ustez, orainaldian badaude «premiaz» eztabaidatu beharreko gaiak, tartean, presoen auzia, giza eskubideen urraketak eta «bortizkerian» oinarritutako polizia eredua. Haren iritziz, «izaera humanitarioa» duten gai horiek ezinbestean landu beharko lirateke, «oraindik oinarri demokratikoak jartzeke daudelako herri honetan».

Gainera, EH Bilduko legebiltzarkideak espero du lantaldeak «zoru etiko bat» ezartzeko balio izatea, eta zoru hori «adostutakoa» izan dadin nahi du, ez «inposatutakoa». Arzuagaren ustetan, legebiltzarreko foroak PP bera «mugiarazteko» eta Madrilgo gobernuaren jarrera «aldarazteko» balio beharko du, halaber. «Jarrera zorrotz eta geldikeriazkoa dutenak mugiarazteko giltza izan behar du lantaldeak».

Publizitatea